Taldeko eskuin kolpe bortitzena du, eta horri esker, aspaldi hasi zen estelarrak jokatzen. Etzi, baina, Binakako Txapelketako partida jokatuko du, Ruizen ordez.
IMANOL MAGRO / Berria
Gertutik ikusita, Aritz Beginoren (Auza, 1980) gorputzak harridura sortzen du, 187 zentimetro luze eta laurogeita hamar kilo pasa; pilotari planta itzela du. Hitz egitean lotsatia da, baina galderekin batera piztu egin da. Bergarako pilotalekuko aldagelan dago, takoak kentzen. Parean Roberto Garcia Ariño du, eta intendenteak adarra jotzen dio: «Ezazu puztu e!, bestela harropuzten hasiko da eta».
Zale askok uste dute aukera hau aspaldi irabazi zenuela.
Ez da hala, ez da hain erraza hor gora igotzea. Egia da azkenaldian estelar asko jokatu ditudala eta sasoi onean nagoela, baina nik ere badakit aurretik lau edo bost atzelari ditudala enpresan eta denak dabiltzala ongi.
Aukera ona da, gainera; finala jokatu behar duen aurrelariaren aurka.
Maila altuko partida da, finala jokatuko duen aurrelariaren aurka, baina ni ezin naiz horrekin itsutu. Helburua irabaztea da, eta ahal bada, itxura polita ematea.