Begizkoa egin diote

Xalak orkatila bihurritu du finala jokatzeko lau egun falta direla, baina osatuko omen da iganderako
Enekoitz Telleria / Berria

Nondik begiratzen diozun, baina azken boladan final baten atarian frontoira hurbiltzea edo finalari buruz idaztea beti da aberatsa. Beti dago zerekin harritu, beti dago zeren gainean aritu, beti zerk larritu. Gastroenteritisak eman zigun lehenengo ezustea joan den astean, eta orkatilak atzo bigarrena. Xalari eta Eskuz Banakako Txapelketari berari begizkoa egin diotela dirudi. Balbea dutela, alegia. Zoritxarra hurbiletik segika. Ezin gauzak normaltasunez aurrera eraman. Ezin ezer behar bezala burutu. Atzokoa sustoa izan zen finean, baina nolakoa. Aberatsa bai pilotari buruzko jarduna, baina nondik begiratzen diozun.

11:00etarako joan zen atzo Xala Donostiako Atano III.a frontoira. Sebastien Gonzalezekin eta Thierry Harizmendirekin hasi zen jokoan, Panpi Ladutxe hurbiletik begira zuela. Ez zuen orduerdi egingo, eta ezker hankako orkatila bihurritu zuen. Elkarri begira pilotariak, atsekabetuta guztiak, herrenka Xala… Aldageletara jira, freskatu bat hartu, arropak aldatu, eta masajistarenera. Frontoiaren kanpoaldean harri eta zur garaizen joandako kazetariak eta pilotazaleak. Uste baino lehen pilotaria frontoitik kanpora eta herrenka gainera. Azalpenetarako gogo gutxi Xalak. «Orkatila bihurritu dut eta masajistarenera noa, ea zer esaten didan». Sinestu ezinda han bildutakoak, eta txantxaren bat zelakoan geroago joan eta Lekuinekoa frontoian ikusten ez zutenak. Ladutxe botileroarekin batera kotxean sartu, eta masajistarenera Xala. Larri eta haserre puntu batekin (ez da gutxiagorako).

«Ez dut uste ezer daukanik. Final bat da eta horregatik joan dira medikuarenera, baina ez du arazorik izango finala jokatzeko», iragarri zuen Sebastien Gonzalezek frontoian bertan, eta, itxura guztien arabera, asmatu ere bai. Masajistarenean albiste onak. Ez zeukala bihurritu handirik. Eguerdi partea zen ordurako. Arratsaldean Iruñera, Kynes zentrora, Txema Urrutia Aspeko medikuarenera.Eta guztiak lasaitzeko moduko albisteak handik. Haren oharra: «Lehen graduko bihurritua dauka. Tratamenduan jarri dut elektroterapia, krioterapia eta hanturaren kontrakoekin. Orkatila lotuta dauka. Nire ustez erabat osatuta egongo da finalerako».

Pilota aukeraketan egingo du gaur proba (12:00)

Igandeko finala jokatzeko, horrenbestez, ez dela arazorik izango dirudi. Dena dela, gaur dute Xalak eta Irujok pilota aukeraketa (12:00), eta han baieztatuko du erabat Lekuinekoak igandean sasoi betean aritzeko moduan ote dagoen.

EPELen Eskuz Banakako Txapelketako aurtengo araudiak dio, gehinera jota, astebete atzeratu daitekeela finala. Behin lehen atzerapena eskatu ondoren, bi finalistetatik batek ezin badu ezarritako egunean jokatu, finalerdietako ligaxka hirugarren postuan amaitu duenak jokatuko luke finala. Aimar Olaizolak, alegia. Igandean da hura frontoietara bueltatzekoa, bi asteko oporraldiaren ostean.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE