Ostiralean hasiko da Frontisek antolaturiko Nafarroako Irekia, eta Tirapuk esku hartuko du
IMANOL MAGRO / Berria
Frontisek
PZA zirkuituko irekiak, benetan irekiak direla erakutsi du. Frontisek
atzo aurkeztu zuen Lau t’erdiko Nafarroako Irekia, eta PZA zirkuituan
lehenbizikoz Frontiseko koadroko partaide ez den pilotari batek
jokatuko du. Ritxar Tirapuk Nafarroako irekirako izena eman du, eta
Frontiseko hemeretzi pilotarirekin batera ariko da txapelketan.Frontisek
herrialde desberdinetako federazioekin batera antolatzen ditu PZA
torneoko irekiak. Torneoen ireki izaera akordioaren muinean zegoen,
nahi zuen edonork torneoetan parte har zezan. Izena emateko, baina,
Frontisek gutxieneko baldintza batzuk ezarri zituen. Profesional
mailako irekiak izaki, izena eman nahi duten pilotariek gizarte
segurantzan izena emanda egon behar dute, eta izen-ematea ordaindu egin
behar dute. Ritxar Tirapuk iragan udan Asegarce uztea erabaki zuen, eta
autonomo gisa ezarri du bere burua gizarte segurantzan. Sarrerako 300
euroak, berriz, duela bi aste ordaindu zituen. Beraz, Orkoiengo
aurrelariak jokatu ahal izateko baldintza guztiak bete ditu, eta
irekiko diru sarien truke jokatuko du. Tirapuk heldu den igandean
ekingo dio txapelketari, Ororbiako pilotalekuan. Oraindik babeslerik
aurkitu ez badu ere, Tirapuk urdinez jokatu beharko duela badaki,
aurrean Iñaxio Errandonea beteranoa izango baitu.
Leitzatik Labritera
Nafarroako
Irekia heldu den igandean hasiko da, Leitzan (19:15, TVE2). Amazabal
pilotalekuan final-hamaseirenetako lehen bi partidak jokatuko dira.
Larraiak, Bengoetxea VII.aren aurka jokatuko du, Mikelek Alustizaren
aurka. Segurakoak iaz irekia irabazi zuen, eta enpresaren azken
fitxaketaren aurka hasi beharko du txapelketan. Lehen asteburuko
bigarren jaialdia igandean jokatuko da, Ororbiako pilotalekuan. Bertan
Tirapuk eta Errandoneak jokatuko dute. Txapelketa
kanporaketa zuzenen bidez erabakiko da, eta finala abenduaren 30ean
jokatuko dute, Iruñeko Labriten. Karlos Armendarizek aurkezpenean esan
zuenez, txapelketa orekatua da, maila bertsuko pilotari asko baitago.
Orkoiengoa iazko PZA zirkuituko txapelduna izan zen, eta gazteak oso
indartsu datozela nabarmendu zuen. Era berean Nagorek, Ariznabarretak
eta Tirapuk euren maila ematen badute finaletik gertu ibiliko direla
aurreratu zuen. Txaber Zabalak eskuko minez jarraitzen du eta ez du
jokatuko, litekeena da aste pare batean sendatzea.
Pilotari autonomoa
RITXAR
TIRAPU. Asegarcen jasotako tratuarekin nazkatuta, enpresa handien
itzalpea uztea erabaki zuen, eta orain Frontisen zirkuituan izena eman
du
Ogibide
guztietan daude langile autonomoak, gizartean gero eta hedatuago dagoen
lan kontratu mota baita. Dendariak, irakasleak, argiketariak…
gehienak langile autonomoak dira. Kirolean ez
dira oso ohikoak izaten, eta pilota munduan kasu bakarra dago: Ritxar
Tirapu. Orkoiengo aurrelariak Asegarce utzi zuen iragan udan, eta orain
bere kabuz lan egitea erabaki du. Horretarako, Frontisek antolatzen
dituen PZA zirkuituko irekietan izen ematea erabaki du. Berak kudeatuko
du bere publizitatea eta irabazi ekonomikoak bere lorpenen araberakoak
izango dira. Dirua lanaren truke, gordin-gordina, milaka autonomoren
eguneroko errutinaren antzera. Tirapuk
heldu den igandean ekingo dio ibilbide berriari, Nafarroako Irekiko
final-hamaseirenetan. Bertan parte hartzeko gizarte segurantzan izena
emanda egon beharra zeukan berak autonomo kotizazioa ordainduko du
eta izen emateko kuotako 300 euroak ordaindu. Orkoiengo aurrelariak
eskakizun guztiak bete zituen, eta Errandonea izango da bere lehen lan
eguneko bezeroa. Aukera horrek Tirapuri
ilusioa bueltatu dio. «Kirol profesionala kudeatzeko modu berri bat da,
niri ondo badoakit beste askok bide bera jarrai dezaketela uste dut.
Orain nik lortu behar ditut neure babesleak, eta badakit nire lorpenen
arabera jokatuko dudala». Frontisen
aldetik harrera ona jaso duela dio, eta bertako jokalariek azaldu
ziotela eman beharreko pausoak zeintzuk ziren. «Asegarcetik irten
ondoren Frontiseko koadrokoekin entrenamendu batzuk egin nituen, eta
beraiek azaldu zidaten zeintzuk ziren parte hartzeko baldintzak. Nik
euren zirkuituan izena ematea gogo onez jaso dute, beraiek zirkuituak
gero eta oihartzun gehiago har dezan nahi baitute, eta hala benetan
irekiak direla erakutsi dute». Enpresa handietako tratua ondo ezagutzen
du Tirapuk, eta PZA zirkuituaren inguruan giro desberdina bizi denaren
iritzikoa da. «Frontisen giro ezberdina sumatu dut, hemen sailkapen bat
dago eta hortik erabakitzen dira partidak. Pribilejiorik gabe,
irabazleak aurrera egiten du, adinari edo izenari begiratu gabe.
Lorpenak dira legea, kirolean behar lukeen lege bakarra».
Asegarcerekin minduta
Tirapuk minduta utzi zuen Asegarce, ondo zekien ez zela koadroko izarretako bat,
baina jasotako tratua iraingarria iruditu zitzaion. «Asegarcen ez dute
deus ere kontuan hartzen, jaialdiak kirol zuzendarien gutizien arabera
eratzen dituzte. Aurtengo udan etxetik gertu jaialdiak zeuden arren,
Salamancara bidali naute afizionatuen aurka jokatzera. Tankera
horretako erabakiak hartzea pilotaria gutxiestea da». Bi hilabete dira
Asegarce uztea erabaki zuela, eta ez da damutu. «Erabakia hartzea kosta
zitzaidan, asko arriskatzea baita, baina orain arte behintzat ez naiz
damutu, eta orain ilusioz ekin nahi diot Irekien zirkuituari». Hemendik
aurrera Tirapuren asmoa PZA zirkuituko ireki guztiak jokatzea da.
Banakako eta lau t’erdiko irekietan ez du arazorik, binakakoetarako,
baina, atzelaria behar du. «Ea atzelariren bat ausartzen den, binakako
irekiak ere jokatu ahal izateko. Horiek guztiak hemendik aurrera hartu
beharreko erabakiak dira: bikotea, babesleak aurkitu… Apurka-apurka
joan behar dut, partidak irabaziz».