Berasaluze, tximista bezala

Portadadef

Argote hasieran ondo aritu zen, baina ondoren ezin izan zion berriztarraren erritmoari eutsi

ASIER MINTEGI / Berria
Frontoiaren kanpoan eguraldi beroa eta zakarra. Trumoia eta tximista ere ez ziren oso urruti, baina azkenean, kanpoan ez, barnean lehertu zen eguraldi zakar eta itogarri hura. Berasaluzek Argoteren aurka jokatu zuen, Elgetako Lau t’ erdiko Txapelketako lehen finalerdia, eta berriztar aurrelariak tximista baten moduan azken tantoak egin ondoren, finalerako txartela lortu zuen (22-13).

Bi pilotariak txapelketa ona eginda iritsi ziren finalerdietara, baina Argote joko aldetik, osoago. Berasaluze nahiko justu aritu zen final-laurdenetako partidan, eta pilotazaleek berriztarrarengan zuten konfiantza apur bat bat galdu zutela sumatzen zen.Baina ez, partida hasi bezain laster ikusi zen Berasaluzek aurreko partidan egun txar bat besterik ez zuela izan, eta edozeini irabazteko gai zela. Joko azkarra egiteko asmoarekin atera zen kantxara, eta baita asmatu ere. Sakea atera, eta gantxoa edo bolearen bila joaten zen, partidari erritmoa jartzeko asmoz. Horren ondorioz, begiak itxi eta irekitzerako 10-2 jarri zen markagailuan aurretik. Era guztietako tantoak egin zituen. Argote Berasaluzeren erritmo biziari tamaina hartu ezinik ibili zen, partidaren hasierako tanto horietan. Baina piloteatzen hasi zenean, partida 13na berdintzea lortu zuen zarauztar atzelariak. Lehenengo zatiko Berasaluze erabat okertu zen bigarrenean, eta partidatik kanpo egoteko zantzuak eman zituen. Berriztarrak hutsune handia dauka bere ezker eskuan, eta Argoteren jokoarekin ezinean ibili zen. Zarauztarrak ezkerreko eskura jokatzen zion, eta frontisera bueltatzen zuena indarrik gabe iristen zen edo bestela huts egiten zuen.Horri ere hartu zion tamaina Berasaluzek, eta Argote ohartzerako bizkaitarra 13tik 22ra joan zen, pilotazale guztiak harri eta zur utzitta. Hori da pilotan jokatzea! Azken bederatzi tantoak tximista bat baino azkarrago egin zituen, eta lehen zatiko Berasaluze ikusteko aukera izan zuten pilotazaleek berriro. Ostiral honetan jokatuko da bigarren finalerdia. Urrizelkik Lasaren aurka jokatuko du. Kadeteetan, Idoatek Beroizi irabazi zion (22-19). Beroiz 12-19 joan zen, baina bigarren zatian behera egin zuen. Beste finalerdian, Peñas eta Mendizabal ariko dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE