Berasaluzek ezin Olaizola eraitsi

Olaizola II-22 Berasaluze VIII-14.

Berasaluze VIIIk, Pablitok, Olaizola erraldoia gainditu behar zuen. Davidek Goliati irabazi zion bezala, Bizkaiko pilotazaleek Berriztarraren garaipen bat desiatzen zuten. Pablok frontoiko giroa bere alde zuen. Bizkaia frontoia “bere” frontoia da. Han dago aitita Txikito de Mallabia, han bere osaba Berasaluze IV, bertan jaso zituen txalo gozoak Bilboko Aste Nagusian. Hasieran Olaizolak harmailen presioa sentitu du eta ezin izan du besoa luzatu ohiko duen neurrian. Nahi zuten bai bizkaitarrek, Berasaluze beraien Messi edo Iniesta izatea, gorputz txikiarekin ekintza haundienak burutzen dituen heroia.

Partiduaren lehen zatian Berasaluze saiatu da Olaizolaren buruari atsedenik ez ematen, nafarraren ideiak ezabatzen. Pabloren erremateek jokoari oinaztuaren abiadura eman diote. Baina Olaizola lau t’erdiko kaporala da eta erritmoa lasaitzen jakin du, besagain zoragarrietaz baliatuz. Tarteka,  sake txukunen bat ere oparitu digu, zabalera ateraz, esate baterako.  

Emaitzak ez du partiduaren ibilbidea isladatzen. 14-14 egon dira parekatuta eta hurrengo tantua, Olaizolaren hamabostgarrena, luzea, gogorra eta teknikoki bikain jokatua izan da bien aldetik. Txukuntasun hori ostera, zama astuna bilakatu da pilotari bien egoera fisikoarentzat. Indarrak gutxituta zituztela, tantoa irabaztea lortu duenak, Olaizolak, tantoa ez bakarrik, garaipen morala ere eskuratu du. Hortik aurrera Berasaluzeren oreka pixkabat galdu egin da. Ez dio batere lagundu epaileen erabakiak, Olaizolari eman dioten hamazazpigarren tantuan. Zalantzazko pilota izan da eta Berasaluzeren esperantzak lurperatu dituen momentua. Bizkaia frontoiak ez du gogo onez hartu epaileen eritzia eta ordura arte beroa eta zoragarria izan den giroa hotzitu eta kaxkartu egin da nolabait. Merezi zuen bukaera hobea pilotari bien ahaleginak.

Aimar Olaizolak aurrera jarraitzen du lau t’erdiko txapelaren bila.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE