«Berdin jarraitu ezean, orain arte eginikoak ez du ezertarako balio» Otxandorena

Iazko urte petralaren ostean modu ezin hobean ekin dio binakako txapelketari. Eskuko arazoek uzten diotenean, atzelari sendoenetakoa dela erakutsi du, beste behin, hasierako ligaxkan.

IMANOL MAGRO / Berria

Gizon apala, argia, eta lasai hitz egiten duen horietakoa da Iñaki Otxandorena (Mugairi, 1977). Baztango euskararen xarma dario bere mintzoari. Atzo egin zuen etziko partidarako pilota aukeraketa, eta ondoren Oskar Lasa egurtu zuen buruz buruko partidatxo batean. Labriteko aldageletan, izerdi patsetan eta takoak eranzten ari zela egin zuen solasaldia berriarekin.

Txapelketa etzi hasiko dela diote.

Txapelketa ez, etzi kanporaketak hasiko dira. Asier eta biok aspaldi hasi ginen dugun guztia ematen, eta orain berdin jarraituko dugu.

Alde handia al dago ligaxkako eta kanporaketetako partiden artean?

Kanporaketak gogorragoak izango dira eta jendeak gutxiago arriskatuko du. Orain partida bat galtzea garesti irten daiteke.

Kazetariek diogunez Otxandorena da orain arte txapelketako pilotari sendoena, bat al zatoz?

Ez dakit zer erran, ni behintzat gustura nabil emandako mailarekin, zalantza batzuekin hasi nintzen arren. Ni pozik nago, eta hori da garrantzitsuena, zer hobetua badagoen arren.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE