Ostiral arratsaldez, 19:00ean, XII. Berria Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko da Galdakaoko pilotalekuan. Hain zuzen ere, Iruñeko Oberenak eta Markinak neurtuko dituzte indarrak, eta, hasiera batean, kanporaketa orekatua espero da. Kadeteetan nafarrak dira faboritoak, gazte mailan bizkaitarrak; hortaz, baliteke guztia nagusien norgehiagokan erabakitzea.
Mikel Erro iruñarrak eta Pello Uriona markinarrak ondorengo taldeen alde egingo dute finalerako txartela lortu asmoz.
Kadeteak: Mata – Cordon (oberena) / Agirreamalloa – Ibarloza (markina)
Gazteak: Garcia – Roldan (oberena) / Arrizabalaga – Urizar (markina)
Nagusiak: Lopez – Etxamendi (oberena) / Zugadi – Kastillo (markina)
Aipatu bezala, kadeteetan Oberenako bikotea faboritoa izango da. Egungo Euskal Herriko txapeldunordeak dira eta gainera oso sasoi onean daude. Mata artista da errematean, eta Cordonek frontisetik urrun ibili ohi du pilota. Markinako Agirreamalloa eta Ibarloza txapelketa aparta jokatzen ari dira, baina ezuste galanta eman beharko lukete partida irabazteko.
Alderantziz gertatuko da gazteetan. Markinako Arrizabalaga eta Urizar maila horretako pilotari onentsuenak dira, eta orain arteko bi partidak erraztasun handiz irabazi dituzte. Lan gehiago egin beharko dute Garcia eta Roldan menderatzeko, sendotasun handia erakutsi ohi baitute nafarrek. Iruritak ez du jokatu Oberenaren izenean, eta horrek gauzak zailduko dizkie. Hasiera batean, bigarren puntuak Markinara joan behar luke.
Gauzak hala, nagusien partidak erabakiko luke guztia. Pronostikoak ez daude inoren alde, eta partida irekia aurreikusten da. Bi bikoteak ere antzekoak dira. Lopez Oberenakoa eta Zugadi Markinakoa pilotari gazteak dira, etorkizun handikoak, eta errematean gutxien galtzea gakoetako bat izango da. Etxamendi Oberenakoa eta Kastillo Markinakoa ere antzekoak dira, sendoak eta gutxi galdu ohi dutenak. Esperientzia askokoak, gainera. Ondorioz, irabazteak asko balioko du. Kanporaketa honetako garailean final preziatua jokatuko du hilaren 27an, Hernaniko Udal Pilotalekuan, Usurbilgo Pagazpe elkartearen aurka.