BERRIA TXAPELKETAKO FINAL-HAMASEIRENETAKO AZKEN HIRU KANPORAKETAK JOKATUKO DIRA ASTEBURU HONETAN

Besteak beste, Ultzamako (Nafarroa) eta Olgetango (Bizkaia) taldeak aurrez aurre ariko dira igande goizez, Hernaniko Udal Pilotalekuan, 11:00eatik aurrera. Nafarrak faborito aterako dira, gazte eta nagusietan bikote indartsuak dituelako. Ondorengoak izango dira partidak.

 

ULTZAMA – OLGETAN

Kadeteak: Torres – Arce / Yuste-Muguruza

Gazteak: Diez de Ulzurrun – Gaskue / Iriondo-Beaskoetxea

Nagusiak: Otxandorena-Sarasa / Urretxu – Pagazaurtudua

 

Kadete mailan faborito aterako da Olgetan taldeko bikotea, Yuste aurrelaria Euskal Herriko txapelduna baita eta Muguruza maila oneko pilotaria delako. Torres eta Arce ere maila duinekoak dira, baina ezustea beharko luke haiek garaipena lortzea.

Alderantziz gertatuko da gazte mailan. Ultzamako atzelaria da Gaskue, hau ere Euskal Herriko txapelduna buruz buru, eta Diez de Ulzurrunen laguntzarekin baliteke partida hark haustea. Iriondok eta Beaskoetxeak asko jokatu beharko dute ezustea emateko.

Gauzak hala, nagusien partidak erabakiko luke lehia, eta Ultzamak oso bikote sendoa eta ona du: Otxandorena eta Sarasa. Beteranoa da aurrelaria, kolpe eta sasoi handikoa, eta gazte dohaitsua atzelaria. Enpresa profesionalek gertutik jarraitzen dute. Hortaz, kantxan lanak zail izango dituzte Urretxuk eta Pagazaurtunduak, baina gogotik saiatuko dira.

 

 

Igande arratsaldez beste kanporaketa bat jokatuko da Urnietako pilotalekuan, arratsaldeko 17.00eatik aurrera. Zehazki, Tolosak eta Berako Bortziriak taldeek neurtuko dituzte indarrak. Berria Txapelketan la ona egin izan du Tolosak urteetan, eta hura aterako da faborito.

 

TOLOSA – BORTZIRIAK

Kadeteak: Goikoetxea – Etxeberria / Sese – Telletxea

Gazteak: Zalakain – Auzmendi / Elzaurdia – Ariztegi

Nagusiak: E.Labaka – Telletxea / Telletxea – Olaizola

 

Kadete mailan herrialdeko bikoterik onenetako bat du Tolosak, Goikoetxea eta Etxeberriak osatua, eta haiek nahiko erraz lor dezakete jaialdiko estreinako puntua. Hala ez izaten ahaleginduko dira Sese eta Telletxea, baina oso maila ona eman beharko dute horretarako.

Gazte mailako neurketan ez da egongo faboritorik. Zalakain-Auzmendi tolosarrek eta Elzaurdia-Ariztegi nafarrek bigarren mailan jokatu dituzte euren herrialdeetako txapelketak, eta zaila da pronostiko bat egitea. Egunik onena izan eta gehien asmatzen duenak asko izango du irabazita.

Nagusietan, azkenik, lau pilotari on kantxaratuko dira, baina faborito izaera izango dute Eneko Labaka eta Telletxea gipuzkoarrek. Mailarik oneneko bikotea osatzen dute, esperientzia handikoa, eta euren onena ematen badute, gauzak oso zail izango dituzte Telletxeak eta Olaizolak. Atzelari lesakarraren jarduna gertutik jarraitzen dute enpresa profesionalek, baina Telletxeak lan distiratsua egin beharko luke.

 

———————————————————————————————————-

 

Azkenik, astelehena jai eguna dela baliatuta, Alegian jokatuko dute 11:00eatik aurrera bertako pilota elkartea den Intxurrek eta Usansolok (Bizkaia). Hasiera batean, oso kanporaketa estua eta orekatua espero da. Ondorengoak izango dira partidak.

 

USANSOLO – INTXURRE

Kadeteak: Azkueta – Olabarri / Zubeldia – Olano

Gazteak: Orue – Ruiz / Zubeldia – Aizpitarte

Nagusiak: Atutxa – Gonzalez / Artola – Irazustabarrena

 

Kadete mailan partida estua eta gogorra aurreikusten da. Azkueta eta Olabarri dotore aritu dira Bizkaiko Udaberri txapelketan, baina gauza bera egin dute Gipuzkoakoan Zubeldiak eta Olanok. Alegiarrek abantaila izango dute etxean jokatuko dutela, eta hori baliatzen saiatuko dira.

Gazteetan probintziako bikote onenetakoa osatzen dute Zubeldia eta Aizpitarte gipuzkoarrek. Jo handia du atzelariak, eta aurrelariari tantoa bukatzen dezente kostatzen zaion arren, sendotasuna erakusten du beti. Hori bai, hobe izango dute ez fidatu, sasoi bikainean iritsiko baitira Orue eta Ruiz bizkaitarrak.

Nagusietan, bestalde, Atutxa eta Gonzalez bizkaitarrak izango dira faboritoak. Gazteak izan arren, badakite konpromiso handiei ondo erantzuten, baina erne ibiltzea hobe dute, batez ere Intxurreko Irazustabarrenak egun onak izaten dituelako. Artolaren laguntzaz, ezustea ematen saiatuko da.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE