Zugarralde Burlatako taldeko bi bikote gazteenek eta Intxurre Alegiakoaren nagusiek egin dute aurrera iragan igandean jokaturiko Berria Txapelketako kanporaketan. Lehen faseko 5. kanporaketa Alegiako pilotalekuan jokatu zen (Gipuzkoa), eta harmailak ondo itxuratu zituzten zaleek gauza politak ikusteko aukera zuten. Nabarmentzekoa nagusi mailan Iñaki Artola herriko semeak jokaturiko partida. Irabazleek Uharte iazko txapeldunaren bikoteak izango dituzte aurkari final-laurdenetan, maiatzaren 18ko asteburuan. Nagusi mailan Yoldi – Linzoain eta Artola – Urruzolaren arteko partida jokatuko da. Halako partidak ez dira egunero ematen.
KADETE MAILA:
ANTSO – ESKIROZ (ZUGARRALDE) 22
IRAZUSTABARRENA – AIZPITARTE (INTXURRE) 5
IRAUPENA: 35 minutos
EGINIKOAK: Antso 12 (7 saketik) Irazustabarrena 2, Eskiroz 1
HUTSAK: Antso 1, Irazustabarrena 6, Eskiroz 2, Aizpitarte 3
MARKAGAILUA: 1-1, 12-2, 13-3, 19-4, 20-5, 22-5
Kadete mailako partidak oreka gutxi izan zuen. Intxurreko bikotea oso urduri kantxaratu zen eta borondatea jarri arren, kirioek ez zioten bere maila ematen utzi. Zugarraldekoek, aldiz, ondo jokatu zuten, eta Euskal Herriko txapeldun zergatik diren erakutsi zuten. Josu Eskirozen piloteoan agindu zuen eta kantxa ondo estali zuen. Aurrean, Eñaut Antsok min handia egin zuen sakearekin, eta zehaztasunez bukatu zituen tantoak. Guztira hamabi egin zituen, zazpi, saketik.
GAZTE MAILA:
RUIZ – GALARTZA (ZUGARRALDE) 22
GOIKOETXEA – ALBERDI (INTXURRE) 15
IRAUPENA: 45 minutu
EGINIKOAK: Ruiz 8 (5 saketik) Goikoetxea 5 (4 saketik) Galartza 3
HUTSAK: Ruiz 2, Goikoetxea 5, Galartza 8, Alberdi 6
MARKAGAILUA: 1-2, 3-3, 8-4, 10-5, 11-6, 17-7, 18-8, 19-9, 20-13, 21-14, 22-15
Gazte mailako partida izan zen orekatuena, baina ez bereziki ikusgarria, guztira hogeita bat huts egon zirelako. Zugarraldek bi atzelarirekin jokatu zuen eta tarte polita ireki zuen hasieran (17-7). Eneko Ruiz postu berrira ondo egokitu zen eta Leniz Galarzak —Galarzatarren leinuko beste kide bat— agindu zuen piloteoan. Partidaren azken txanpan, baina, atzelariaren hutsak izan ziren eta Alex Goikoetxea Intxurreko aurrelariak jokoan sartzeko aukera izan zuen. Tartea murriztea lortu zuen (20-13), baina ez zen urrunago iritsi. Zugarraldeko entrenatzaileak bere bikotea lasaitu eta lanak bukatu zituzten.
NAGUSI MAILA
OLANO – ALDUNTZIN (ZUGARRALDE) 10
ARTOLA – URRUZOLA (INTXURRE) 22
IRAUPENA: 40 minutu
EGINIKOAK: Olano 7 (5 saketik) Artola 13 (6 saketik) Urruzola 1
HUTSAK: Olano 2, Artola 1, Alduntzin 6, Urruzola 2
MARKAGAILUA: 1-1, 2-4, 5-5, 8-5, 9-16, 10-19, 10-22
Nagusi mailako partida espero gabek hasiera izan zuen, Zugarralde 8-5 irabazten hasi baitzen. Julen Urruzola Intxurreko atzelariak hotz ekin zion, Anartz Olano Zugarraldekoak, aldiz, ondo asmatu zuen errematean. Hortik aurrera, baina, partida goitik behera aldatu zen. Etxekoek pilota bizia atera eta Iñaki Artola agintzen hasi zen. Intxurreko bikotea Aitor Alduntzinen bila hasi ziren eta Artolak profesionaletako atea zergatik jo duen erakutsi zuen: 13 tanto egin zituen guztira: sei saketik, sei jokaldiz eta bat errebotean. Erreboteko pilotak zortzigarren koadroan egin zen botea.
HURRENGO KANPORAKETA: Gazteleku-Zestoa / Erreka, apirilaren 11n (ostirala) Zestoako pilotalekuan (19:30).
Ostiralean, Zestoan Berria Txapelketako seigarren kanporaketa ostiralean jokatuko da, Zestoako pilotalekuan (Gipuzkoa, 17:00). Aurreko urteetan egin bezala Zestoako taldeak eta Andoaingo Gaztelekuk bat eginda hartuko dute parte txapelketan. Ez dute lan erraza izango Erreka Doneztebeko taldearen aurka. Erreka tradizio handiko taldea da txapelketan, behin baino gehiagotan finalerdietara iritsitakoa eta 2006ean txapeldunorde izan zena. Kanporaketa horretako irabazleek Amurrioren aurka jokatuko dute final-laurdenetan.