BERRIATUKO FINALAK ERABAKITA

Berriatua Master Series

ELAIA-FRIDA vs HELENA-MAIALEN: 15-10, 12-15, 5-2

BARANDIKA-ZABALA vs ANTXON-LEKERIKA: 10-15, 15-12, 5-3

Berriatuko finalak erabakita daude. Datorren ostiralean, iluntzeko 20:00tan hasita, honako bikote hauek jokatuko dituzte emakumezkoen eta gizonezkoen Master Serietako finalak: IHART-ARAI vs ELAIA-FRIDA eta ERKIAGA-ARGOITIA vs BARANDIKA-ZABALA. Lehen bi jardunaldietan frontoia goraino bete da sarrerak agortzeraino. Finalean izan nahi duenak jakin dezala gaur bertan zabalduko dela online takilla www.eramanjaialai.com webgunean. Txapeldunen izenak oraindik ez dakizkigu, baina gauza bat ziurra da. Mendibarren pilotalekuak dar-dar egingo duela.

Atzoko finalerdi biak desenpatean erabaki ziren. Aurrenekoan, nagusi izan ziren Elaia Gogenola berriatuarra eta Frida Watkins zumaiarra. Pilotari ikusgarria da Elaia. Bizia. Errematatzailea. Ukalondoan ere babesgarria darama, errebotean bere burua ere behe-gainera botatzeko. Sahietseko posturarekin aurkaria mugiarazi eta zuloak aurkitzen ditu gainera. Modu horretan egin zituen hainbat tantu baina ikusgarria izan zen Maialen Aldazabal bere herrikideak zortzina berdintzeko egindako horma-biko ederra ere. Horixe izan zen lehen seteko ia berdinketa bakarra. Bikote marroiak berriz aurrea hartu eta 15-10 itxi baitzuen jokoa. Bigarrenean ostera, hutsak egin zituen, batez ere Elaiak, eta bikote horia sendoago agertu zen. Helena Barrenetxea durangarra hobeto aritu zen errebotean eta bikote horiak segurtasun gehiego erakutsi zuen piloteoan: 12-15. Hirugarren eta azken jokoa Elaia eta Fridarentzat izan zen, 5-2.

Gizonezkoen partidari buruz zer esan. Ba bigarren seteko erdira arte nagusi izan zirela Antxon Alberdi eta Unai Lekerika. Eroso jokatu zuten, piloteoan hutsik egin gabe. Lekek erraz sartzen ditu oso zailak diren pilotak eta Berriatuko frontoian bikain jokatzen du. Ikusgarriak dira bere jausiak eta atzeko hormaren kontra beldurrik gabe sartzen dituen pilota zailak. Antxonek bestalde, gaitasun teknikoak ditu sahietseko posturan pilota nahi duen lekuan jartzeko. Bai frontisari begira eta baita errebotean ere. Barandikak eta Zabalak ostera, ez zuten euren lekua aurkitzen. 4-8, 7-12 eta 10-15 joan zen lehen jokoa eta bigarrenean ere 4-8 jarri ziren horiak aurretik. Ez zuen ematen bueltarik izan zezakeenik, baina izan zuen bai.

Bigarren joko erditik aurrera, Zabala pilota guztiak sartzen hasi zen. Bikote marroiak konfiantza berreskuratu zuen. Barandikak ere, euren aukeretan sinistu zuen. Lekerikaren pilotetara aire edo punpa-gora sartu eta eskuinarekin min egin zuen. Atzera, txapa gainean moztuta, errebotean… pilotari beti abiadura handia emanda, Antxon iritsiko ez zen lekuetara botaz. 9-9 berdindu zuten partida eta 15-12 irabazi bigarren seta. Hirugarrengoan 5-3 gailendu ziren marroiak. Azken tantoa ikusgarria izan zen, ia bi minutukoa. Pilota itzelzeko abiadan mugitu zuten, publikoa zoratzen jarriz. Azkenean, Zabalak txapa gainean moztu eta tanto egin zuen. Bertan zegoen Antxon, baina ezin izan zuen pilota saskian behar bezala sartu.

FLORIDAKO EMAITZAK

Estatu Batuetan, gure goizaldea zenean jokatu da Daniako Txapelketako lehen final laurdenekoa. Urreistik eta Gorkak 15-6 irabazi diote Celaya eta Oierdi bikoteari. Estatu Batuetan partidak set bakarrera izaten dira. Txapelketa honen irabazlea, otsailean jokatuko den BISCAYNE CUP-era sailkatuko da. Jai Alai Leagueko proba puntuagarria.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE