Irujo-Olaizola II.a lehiarekin hasiko da gaur Binakako Txapelketa; urtebete geroago, frontoi berean
ENEKOITZ TELLERIA / Berria
Errege Egunaren bezpera zen orduan ere, eta final-zortzirenetako ligaxkako partida orduan ere estreinakoa da gaurkoa, eta ligaxkako hirugarren partida zen hura. Urtebete geroago, egun berean eta frontoi berean, Irujo-Olaizola II.a lehiarekin hasiko da gaur EPELen Eskuz Binakako Txapelketa. Aurrelariak berberak dira, baina atzelariak ez. Duela urtebete, Carlos Armendarizekin jokatu zuen Aimar Olaizolak Ruben Belokiren ordez aritu zen egun Frontis enpresarekin ari den atzelaria, eta Iñaki Otxandorenarekin ariko da gaur. Juan Martinez Irujok Oscar Lasarekin jokatu zuen orduan finaleraino iritsi ziren biak elkarrekin, eta Fernando Goñirekin jokatuko du gaur.
Eta iazko partida ikusi zutenek ez dute ahaztuta. Astelehen arratsaldeko pilota aukeraketa ikustea besterik ez dago gaurkoak sortu duen ikusminaz jabetzeko. Partida bizi-bizia eskaini zuten orduan Irujok eta Olaizola II.ak. Bere gorakadaren berri ematen hasi berria zen lehenengoa, eta lesiotik irten berritan, esnatzen ari zen bigarrena. Gorabeheraz eta emozioz betetako norgehiagoa eskaini zuten. 10-2 hasi ziren aurretik irabazleak, 14-20 eman zioten buelta galtzaileek lehiari, 21nakoa azken berdinketa, eta ezker gantxoz Aimarrek 22.ena.
Urtebete geroago, oso bestela daude gauzak. Irujok buruz buruko txapel nagusia jantzi zuen ekainean finalera bidean, Aimar Olaizola bera utzi zuen kanpora (22-1), baina txapel haren zama astuna jasan behar izan du udan, eta lesioek behartu dute asko. Olaizola II.ak erakustaldia emanda irabazi berri du lau t’erdiko txapelketa, eta une honetan sasoikoen dagoen pilotaria da. Hori denek dute argi. Irujoren kontra jokatzeko gogoa duela era bai.Lehendik partidak ez zuen nahiko saltsa, eta pilota aukeraketan egindako adierazpenek eta piloten inguruan sortutako eztabaidak oraindik gehiago hornitu dute osagaiez. Fernando Goñi, urtero bezala, puntu-puntuan iritsi da berarentzat urteko hitzordu garrantzitsuena den horretara. Irujorekin nola konponduko zen zegoen zalantzaren bat, baina Eguberri Torneoko finala irabazita uxatu zuten. Aimar eta Otxandorena elkarrekin ongi konpontzen direla jakina da ez zuten alferrik San Fermin Torneoa irabazi udan, baina Iñaki Otxandorenaren joko maila udako berbera ote den jakitea da kezka nagusia. Eskuetatik-eta larri samar ibili da, eta partida gogorrak datozkio.
Kexarik ez zen izan atzo Sestaon eta Eibarren
Txapelketako lehen jardunaldirako hiru pilota aukeraketa egin ziren atzo. Sestaon aritu ziren goizean Berasaluze VIII.a-Ruiz eta Xala-Lasa III.a. 104,7, 105,2 eta 106,7 gramoko pilotak aukeratu zituzten Asegarcekoek, eta 104,9, 105 eta 103,5ekoak Aspekoek, hirurak larrua bueltatutakoak. «Ez dago ezertxo ere esateko. Guk larrua bueltatakoak hartu ditugu eta eurek ez», zioen Lasak.
Eguneko beste bi pilota aukeraketak Eibarko Astelena frontoian egin ziren arratsaldean, bata bestearen atzetik bihar eta igandean jokatuko dira txapelketako partidak. Gonzalez-Pascual eta Bengoetxea VI.a-Beloki aritu ziren lehenengo. 104,9, 107 eta 105,9 gramokoak Aspekoenak, eta 106,1, 105,1 eta 104koak Asegarcekoenak. «Oso lote polita da aukeran jarri digutena. Gureak eta eurenak antzeko pilotak dira», nabarmendu zuen Sebastien Gonzalezek.Haien ondoren aritu ziren Titin III.a-Barriola eta Olaizola I.a-Zearra. 103,9, 103,9 eta 105,7 gramoko pilotak aukeratu zituzten Aspekoek, eta 103,9, 105,3 eta 105ekoak Asegarcekoek. «Aukeran jarri dizkiguten pilotak ederrak dira. Guk larrua bueltatutako bi hartu ditugu, frontoi honetan gehiago irauten dutelako», azaldu zuen Titinek. Asier Olaizola normal aritu zen eta ez du inolako arazorik izango igandean partida jokatzeko.