Berritasunez beteta

Aurtengo Binakako Erremonte Txapelketak berriak ditu izena, lehiaketa sistema eta hiru pilotari

Enekoitz Telleria / Berria

«Aldaketa hauek agerian uzten dute erremontea bizirik dagoela». Mezu baikor horri eman nahi izan zion atzo indarra Juan Antonio Erzilla Remonte 2000 enpresako gerenteak Binakako Erremonte Txapelketaren aurkezpenean. Berritasunak izango baititu aurtengo ekitaldiak. Berritasunak izenean, berritasunak lehiaketa sisteman eta berritasunak parte hartuko duten pilotarien artean.

Faustino Torneoa izena eramango du datozen bost urteetan binakako erremonte txapelketak. Atzo bertan sinatu zuten akordioa erremonte enpresako eta ardo etxe ezaguneko arduradunek Jose Luis Fernandez Jubera zuzendari nagusia eta Ignacio Vela Valcarlos upategietako gerentea izan ziren aurkezpenean. «Benetan albiste ona da erremontearentzat horrelako etxe garrantzitsu baten babesa izatea. Ea harremanak urte askoan irauten duen», adierazi zuen Erzilla gerenteak.Lehiaketa sisteman egindako aldaketei buruz Kike Elizalde intendentea mintzatu zen. Txapelketan sei bikotek parte hartzeak ahalabidetu du, haren iritziz, sistema berria. «Oso bikote lehiakorrak dira seiak. Ligaxka bat jokatuko dute euren artean, multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finalerdietarako eta besteek final-laurdenak jokatuko dituzte lehenengo aldiz. Denak denen kontra aritzeak asko luzatzen du txapelketa eta emozioa kendu. Honekin lortu nahi duguna da partida guztiek interesa izatea», adierazi zuen bere kargu berrian urtebete eskas daraman Elizaldek.

Urrutia, Juaristi eta Badiola gazteak txapelketan

Izena eta lehiaketa sistema albo batera utzita, ordea, txapelketan ariko direnen artean dago berritasun nagusia. Hiru pilotari gazteren alde egin du apostu enpresak: Miguel Mari Urrutia (Saldias, 1983), Jon Juaristi (Zarautz, 1981) eta Imanol Badiola (Azpeitia, 1978). «Nire iritziz, duten jokoarengatik sartu behar dira pilotariak txapelketetan, eta ez duten adinarengatik edo eskarmentuarengatik. Hiru mutiko hauek behar adina meritu egin dute aurten txapelketan sartzeko. Ez dezatela pentsa loteria tokatu zaienik, sari hau beraiek irabazitakoa da», nabarmendu zuen Elizalde intendenteak.

Txapelketa orekatzeko eta hasiberriak eskarmentu handia dutenen babesean aritzeko, bikotekide oso sendoak jarri dizkiete. Zeberio II.arekin arituko da Urrutia, Lizaso txapeldunordearekin Juaristi, eta Ezkurra txapeldunarekin Badiola. Zeberio II.ak eta Auzmendik irabazi zuten iaz txapelketa, baina lau hilabete daramatza kantxetatik kanpora Auzmendi segurarrak, min hartuta. Osatu da, hasi da entrenatzen, baina ez dago noski txapelketan parte hartzeko moduan. Gogoan izan zuten atzo.Bihar bertan hasiko da txapelketa. Bitoria-Eizagirre eta Altuna I.a-Iriarte ariko dira Galarretan, eta Zeberio II.a-Urrutia eta Altuna II.a-Etxabe Euskalen. Finala, urtarrilaren 6an, 8an edo 15ean. Desenpateen eta ETB1en arabera dago hori.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE