Olaizola I.a eta Beloki Sanmateoetako torneoko finalerako sailkatu dira, Olaizola II.aren eta Otxandorenaren aurka irabazi ondoren, ezustean
IMANOL MAGRO / Berria
Norbaitek ondo bete zuen patrika atzo Adarragan. Apustuzale ausartek negozio aparta egiteko parada izan zuten atzo. Asier Olaizolak eta Ruben Belokik, Aimar Olaizola eta Iñaki Otxandorena mendean hartu, eta pronostiko guztiak hautsi baitzituzten Sanmateoetako Torneoko finalerdietan. Goizuetarrak eta burlatarrak apustuetako dirua doblean zuten euren aurka, eta ezustean Adarraga hankaz gora jarri zuten. Atzoko garaipenari esker igandean torneoko finala jokatuko dute, gaurko partidako irabazleen aurka.
Sanmateoetako torneoa erdipurdi hasi bazen ere, feria luzatu ahala partiden mailak gora egin du. Herenegun ikuskizun aparta ikusi bazen, atzoko partida ez zen askoz okerragoa izan. Lau pilotariek partida gogor eta orekatua jokatu zuten, ia ordu t’erdi luze eta zortziehun pilotakadatik gorakoa. Olaizolatar nagusia eta Ruben Beloki askoz erregularrago aritu ziren, eta hobeto eutsi zioten hasierako tanto piloteatuen tratuari. Irabazleek ondo zekiten atzean egin behar zutela tantoa, eta Otxandorena kargatu zuten parti da osoan. Lehenbiziko tantoetan euren estrategiak fruitu eman zien eta lehen tarteak ireki zituzten markagailuan (4-9 eta 7-10). Eskuak berotu zituenean, baina, Mugairikoak gaina hartu zion Belokiri, eta bere ahalak Aimarren erremateak partidan sarrarazi zituen (14-13). Partida luzatu ahala urdinek gora egin zuten, eta Otxando kale egiten hasi zen. Belokik eskua sendatu zaiola erakutsi zuen, eta Asierrek indar erakustaldia egin zuen aurrean. Bien artean Aimar jokoz kanpo uztea lortu zuten, eta errenkadan eginiko zazpi tantorekin garaipenera hurreratu ziren (14-20). Atzokoan Aimar ez zen uda osoko pilotari erabakigarria izan, eta asko kosta zitzaion partidan sartzea. Azken txanpan berak partida estutzea lortu zuen arren (17-21), Ordurako beranduegi zen. Asier Olaizolak eta Ruben Belokik merezimendu osoz lortu zuten garaipena, eta biak udako lehen torneoa irabazten saiatuko dira etzi.
Irujo Titinen aurka, gaur, finalerako txartelaren bila Sanmateoetako Torneoak gaur ezagutuko du zein izango den igandeko finalean ariko den bigarren bikotea. Juan Martinez Irujok eta Oskar Lasak, Titin III.aren eta Fernando Goñiren aurka jokatuko dute Logroñoko Adarragan (19:00). Bi bikoteek ligaxkako lehen partidak irabazi zituzten, ondorioz, gaurko lehiak erabakiko du zein sailkatu den finalerako.
Titinek Adarragan jokatzen duen aldiro legez, pilotalekuko harmailak goraino beteko dira, eta ez da zaila asmatzen zaleek noren alde egingo duten. Litekeena da dirua Titin eta Goñiren alde irtetea. Triciokoak Sanmateoean bere jokorik onena ateratzen du, eta zaila da bertan bera garaitzea. Zalantza, baina, atzeko aldean du. Ruizen aurkako partidak antzeman ez zitzaion arren, Goñi III.ak eztula izan du azken egunotan eta horrek bere jokoa kaltetu lezake. Aurrean, Irujo eta Lasa izango dituzte. Iberokoak udan ez du finalik jokatzeko aukerarik izan, eta horrek bere garaipen gosea areagotuko du.
AIMAR-OTXANDORENA 17
ASIER-BELOKI 22
Iraupena: 80 minutu
Pilotakadak: 848
Saketik: Aimarrek 1, Asierrek 2 ea falta bat.
Markagailua: 0-5, 1-6, 2-8, 4-9, 7-0, 8-12, 11-13, 14-13, 14-20 eta 17-22.
Bestelakoak: Sanmateoetako Torneoko finalerdietako partida. Logroñoko Adarraga pilotalekuko harmailak goraino bete ziren. Apustuetako dirua gorrien alde irten zen, doblean.