Olaizola I.ak eta Zearrak hirugarren partida behartu dute Martinez Irujori eta Goñiri irabazi ostean
IMANOL MAGRO / Berria
Hirugarren partida egongo da. Binakako txapelketako lehen finalerdiak kitarako partida izango du datorren asteburuan. Asier Olaizolak eta Oier Zearrak euren helburua lortu zuten atzo arratsaldean, eta hirugarrenez neurtuko dituzte indarrak Martinez Irujo eta Goñirekin.
Atzokoan Atanora hurreratu ziren zaleak gustura irten ziren, partida lehiatua ikusi baitzuten. Lau pilotariek primerako ikuskizuna eman zuten. Atzelariak sendo aritu ziren, nola Zearrak hala Goñi III.ak meritu handiko pilotak jaso zituzten. Aurrean, berriz, erritmo bizia eta Olaizolaren eta Irujoren arteko liskarra egon zen. Bi aurrelariak finalerdietako lehen partidan baino askoz gehiago sartu ziren jokoan. Biek arriskua bilatu zuten. Azkenean, baina, Olaizolak Irujok baino gehiago asmatu zuen eta hor erabaki zen partida. Bi aurrelariak mokoka aritu ziren partida guztian, batak besteari nahita traba eginez harmailetako giroa berotu zuten. Atzokoan inoiz baino ozenagoak izan ziren Irujok epaileei eskaini zizkien biraoak. Baita ikusleengandik jasotako txistuak ere.Jokoan, ordea, biek opari sorta egin zioten elkarri: Olaizolak txapa gainetik metro batera botariko dejadekin, eta Irujok bigarren koadrotik txapapera botariko pilotekin. Atzokoan, beste behin, bi atzelariak izan ziren laukoteko onenak. Aurrelarien umekerietatik hiru edo lau koadrora Zearrak eta Goñik dema gogorra mantendu zuten.
Galdakoztarrak primerako partida jokatu zuen eta defentsan ez zuen huts bakar bat ere egin. Erasoan, berriz, pilota ondo baztertzeaz gain, partida dejada batekin bukatzen ausartu zen. Bestalde Fernando Goñik bere betiko partida jokatu zuen, eta erasoan agintzerik lortu ez bazuen ere, mota guztietako pilotak jaso zituen.
Olaizola esnatu zen arte
Atzoko partidak bi zati desberdin izan zituen. Hamaikanako berdinketaren aurretik Martinez Irujo izan zen protagonista bakarra. Iberokoa etengabe sartu zen errematera, hori bai, batzuetan bale eta besteak kale. Ordurako zortzi tanto eginak zituen, baita dozena erdi galduak ere.
Hamaikanako berdinketatik aurrera, ordea, Asier Olaizolak erasora jokatzea erabaki zuen. Ordura arte ilunpean egon bazen ere, goizuetarrak bost tanto egin zituen jarraian: bi ezker gantxo, dejada bat zabalean eta atzean bazterturiko beste bi. Bost tanto horiek bukaera arte lasai jokatzeko aukera eman zioten Asegarceko bikoteari (13-18).Ikusleen txistuek piztu izan balute bezala Irujok partida estutzea lortu zuen (16-18). Iberokoak, baina, txapapera bidali zuen Olaizolak txokoan utzitako dejada inuzentea. Aurkarien erreakzioa eten zela ikusita urdinek agintea berreskuratu zuten, Zearrak bosgarren koadrotik botatako dejadak partidari amaiera jarri zion arte. Atzokoan, Atanon, inor ez zen pilotez oroitu.
IRUJO-GOÑI III. 17
OLAIZOLA I.A-ZEARRA 22
Iraupena: 100 minutu.
Pilotakadak: 1.088.
Saketik: Irujok bat, Olaizolak alerik ere ez.
Markagailua: 1-1, 2-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-5, 6-6, 7-7, 7-9, 9-9, 9-11, 11-11, 12-12, 12-16, 13-16, 13-18, 16-18, 16-19, 17-19 eta 17-22.
Egindakoak: Irujok 15, Goñik 1; Olaizolak 9, Zearrak 1.
Galdutakoak: Irujok 7, Goñik 4; Olaizolak 1, Zearrak 1.
Bestelakoak: EPELeko Binakako Txapelketako finalerdietako partida. Donostiako Atano pilotalekua lepo bete zen. Apustuetako dirua gorrien alde irten zen 100-60ri.