Beste multzora begira

Asteburu honetan argituko dira Binakako Txapelketako final-laurdenetako parekatzeak; Aspeko multzoan Irujo-Eulate izango dira buru

Berria

Heldu den asteburuan bukatuko da Binakako Txapelketako lehen fasea. Zortzi bikoteak final-laurdenetan pentsatzen hasiak dira, eta zeharka bada ere, beste enpresako multzoari begiradatxoa botako zioten. Bi multzoak egoera oso desberdinean daude. Aspekoan lehen postua zeinentzat izango den erabakita dago jada, eta litekeena da azkena ere hala egotea. Asegarcekoan, berriz, egoera korapilatsuagoa da, eta azken partidara arte deus gutxi zehaztu ahal izango da.

Hirugarren jardunaldia bukatuta, Irujok eta Eulatek euren multzoko burua ziurtatu dute, Gonzalezek eta Lasak, berriz, oso zail izango dute azken postua saihestea. Azken postua uzteko tanto askoko aldearekin irabazi beharko liokete Bengoetxeari eta Ruizi, eta Xala-Goñik egurra jaso dezaten itxaron; bi hitzetan: oso zail. Multzoko bigarren posturako borrokan, Xalak eta Goñik hitzordu samurragoa dute: Koka eta Beloki izango dituztelako aurkari, beste multzoko azken sailkatuak. Zubiriko atzelariak partida bikaina jokatu zuen ostiral gauean, eta hatzeko mina ahaztu duela erakutsi zuen. Asegarceko multzoan ia postu guztiak erabakitzeke daude. Olaizola I.ak eta Otxandorenak Irujo eta Eulateren aurka jokatuko dute ostiralean. Orain arteko bi bikote indartsuenek Azkoitian neurtuko dituzte indarrak. Asegarceko bikoteak irabaziko balu, multzoko lehen postua ziurtatuko luke, eta Gonzalez eta Lasa izango lituzke aurkari. Aldiz, galduko balu, ez luke bigarren postutik atzera egingo. Multzoko buruan buka dezakeen beste bikotea Olaizola II.a-Zearra da. Aurreneko partida galdu ostean, ustezko bikote indartsuenak hobera egin du, eta larunbatean jakingo dute lehen postua lortuko duten ala ez. Bengoetxea-Ruizek eta Koka-Belokik beste multzoko azken bien aurka jokatuko dute, hurrenez hurren. Olaizolak eta Zearrak larunbatean galdu ezean, euren helburua multzoko hirugarren postua izango da, hala final-laurdenetan Irujo eta Eulate saihestu ahal izateko. Bengoetxeak eta Ruizek abantaila txikia izango dute, asteburuko azken partida jokatu baitute, beste partidetako emaitzak ezagututa.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE