Zesta-puntak uda gorabeheratsua izan du; APP Zirkuitua arrakastatsua izan den arren, txapelketen hutsunea handia da egutegian
IMANOL MAGRO / Berria
Urteak dira Euskal Herriko zesta-punta profesional denboraldia uda eta udazken hasierara murrizten dela. Beroa, eguzkia eta zesta-punta profesionala eskutik hartuta iristen dira. Koadro profesionaleko puntista hoberenek AEBetan igarotzen dute negua, eta udan etxera itzultzen dira. Udako hilabeteetan Euskal Herriko enpresekin jokatzen dute, eta logikoa denez, hiru txapelketa ofizialak (Mundukoa, eta Euskal Herriko Banakakoa eta Binakakoa) udan jokatzen dira. Aurten, ordea, uda desberdina izan da, APP zirkuituaren jaiotzak Eusko Basquek zesta-puntan zuen hegemonia kolokan jarri baitu.
APP martxan jartzearekin bat, zirkuitua antolatu zuten enpresek JAS, Jai-Alive eta Miarritzeko B.A.C. txapelketa ofizialetan parte hartzeko nahia aurkeztu zuten. Federazioak inposatzen zituen bete behar administratiboak beteta, historian lehenbiziko aldiz zesta-punta txapelketak bi enpresen artean antolatu behar ziren. Uztailean, Euskadiko pilota federazioak enpresen arteko bitartekaritza lanak egitea erabaki zuen, eta adostasun faltaren ondorioz txapelketak bertan behera gelditu ziren. Txapelketa ofizialik ezean APPk aurrera egin zuen, eta Eusko Basquek enpresa barneko txapelketak antolatu ditu urrian. Aurtengo zesta-punta profesionalean udan bi eguzkik gogor jo dute; txapelketak, ordea, ilunpetan gelditu dira. Enpresen arteko bitartekaritza lana Euskadiko Pilota Federazioko presidentearen esku gelditu zen. Txema Aldamiz Etxeberriak Eusko Basque eta APPko partaideen arteko artekari lanak egin zituen. Adostasun faltak ekainean jokatzekoa zen Markinako Munduko Txapelketa bertan behera utzi zuen, eta Euskadiko profesional mailako txapelketa ofizialak ere kolokan egon zitezkeela aurreikusiz Aldamiz-Etxeberriak bi enpresak batzartu zituen. «Mundialik ez zen jokatu, eta zestaren egoera oso ahula denez bitartekaritza ezinbestekoa zela ikusi genuen. Esku-huskako pilota profesionalean horrelako bitartekaritza lanik egitea otu ere ez zitzaigun egingo. Zestan, tamalez, egoera desberdina da».
Egutegia arazo
Uztailean eginiko lehenbiziko bileran federazioko buruak euren bitartekaritza asmoa aurkeztu zien bi enpresei. Era berean txapelketa ofizialetan jokatzeko pilotariek bete beharreko gutxiengo betekizunak zeintzuk ziren ezagutarazi zizkien (lan kontratua, fitxa eta gizarte segurantzan izen emanda egotea).
Enpresa eta federazioaren arteko bigarren bilerarako, enpresek gutxiengo eskakizunak bete zituzten, eta euren pilotarien izena eman zuten. Nola APPk (Rekalde, Irastorza, Zen, Baronio…) eta hala Eusko Basquek, puntako pilotariak aurkeztu zituzten, txapelketa ofizialetan jokatzeko adina mailakoak.
Arazoa, baina, txapelketarako datak finkatzeko orduan iritsi zen, enpresa bakoitzak bere egutegia propioa hitzartuta zuelako. APPko partaideak abuztuan jokatzearen aldeko agertu ziren, egitasmo jaio berria izaki, eurek iraila hasiera arteko kontratua baino ez zutelako pilotariekin. Eusko Basquek, berriz, iraila eta urrira arte atzeratu nahi zuen, abuzturako jaialdi ugari hitzartuta zituelako. Aldamiz Etxeberriaren iritziz, bi enpresek itsu-itsuan egin zuten euren interesen alde, eta horrek zapuztu zituen bilerak. «Uztailaren hasieran ni oso baikorra nintzen, telebista eta babesleak lotuta zeudelako. Egutegiaren arazoa, baina, konponezina izan zen. Ni k ez diot errua inori leporatzen, logikoa denez bi enpresak euren interesak defendatu baitzituzten. Bi enpresak txapelketaren pagotxa erakartzen saiatu ziren, eta ez zen adostasunik egon».
Enpresen arteko bitartekaritza lanak ez dira batere errazak izan, eta Aldamiz Etxeberriaren aburuz federazioa bera izan da kaltetuena. Bere jardunak kritika ugari jaso ditu, eta babesleen aurrean galduriko sinesgarritasunak kalte asko egingo diola dio. «Federazioak ez du deus ere lortu honekin, gu zestaren hobe beharrez egin genuen lan eta bizkarrekoak jaso ditugu bakarrik. Horretaz gain, sinesgarritasun asko galdu dugu babesleen aurrean eta asko kostako zaigu berreskuratzea. Nola negoziatuko dut aurten babesleren batekin, iaz hitzarturiko txapelketa bertan behera gelditu dela ikusita?».
Aurrera begira
Uda pasata heldu den urtean pentsatzen jartzeko garaia iritsi da. Oraindik denbora asko falta den arren, enpresak datorren udako jaialdi eta txapelketak diseinatzen hasiak dira, eta federazioak lekua egin nahi die txapelketa profesionalei. Egun, Euskadiko Pilota Federazioko partaideak aurtengo udako esperientziaren inguruko hausnarketa prozesu batean daude, heldu den urtean hartu beharreko erabakia eztabaidatzen.
Hausnarketaren fruitu, federazioak bi erabaki har ditzake: enpresa pribatuen arteko bitartekaritza lana bertan behera uztea, edota txapelketetarako egutegi finkoa eratu eta enpresek parte hartu nahi duten erabakitzea. «Txapelketa egutegia finkatzea erabakiko bagenu abenduaren aurretik aurkeztuko genieke bi enpresei. Udako jaialdiak antolatu aurretik gure asmoa zein ezagutu dezaten, eta gero enpresek euren erabakiak har ditzatela». Dena den, baliteke aukera hau beranduegi iristea, Eusko Basquek aurki urte osorako jaialdi egutegia aurkeztuko duela aurreratu baitu. Euskal Herriko zesta punta apurka-apurka indartzen ari dela dirudi. Paradoxikoa den arren, txapelketa eza zirkuitu profesional berri baten jaiotzarekin batera etorri baita. APPko partaideek, ordea, arazo handia dute egutegiekin, pilotariak bi edo hiru hilabeterako ekar ditzaketelako bakarrik. Zirkuitu jaio berriak, ordea, zail du Eusko Basquerekin lehiatzea. Txapelketen bultzadarik gabe zail izango du haztea, eta pilotariak denbora gehiagorako ekarri ahal izatea. Interes borrokaren atzean, Aldamiz-Etxeberriak enpresek egin beharreko beste barne hausnarketaren beharra ikusten du. «Zein antolaketa eredu nahi dugu zesta profesionalerako? Udakoa ala urte osokoa. Eusko Basqueren kexua ulergarria da, eurek koadroa urte osoa mantentzen dute eta txapelketa apirilean zergatik egiten ez den egiten galdetzen dute. Eusko Basque minduta ageri da, koadroa hamabi hilabetetan mantendu eta tratamendu bera jasotzen dutelako». Txapelketa ezak, baina, ez dio APPri hazten utziko, eta enpresen arteko desoreka ez da sakondu baino egingo.
AITOR TOTORIKA x EUSKO BASQUEKO PRESIDENTEA
«Nik urte osoan egiten dut lan, eta uda ezin besteei antolatu»
I. M.
«Hamabost urteko lanak, eta berrogeita hamar pertsonatik gora lanean mantentzeak errespetu gehiago merezi du». Totorikak hamasei urte daramatza Eusko Basqueren buruan, eta aurtengo uda oso txarra izan dela dio. Berak pilotariak urte osoan mantentzen dituela azpimarratzen du, eta esfortzu hori kontuan hartu behar dela.
Iragan udako zesta denboraldiaren analisia egin ezazu.
Ez da ona izan, hamasei urtean hiru txapelketa ofizialak antolatzen jardun ostean, aurten ezin izan direlako jokatu. Txapelketekin zesta gaizki badago, pentsa txapelketarik gabe. Denboraldi a txarra izan da, atzera pauso garbia.
Txapelketarik ez jokatu izana galera handia izan al da?
Galera izugarria. Urteetan landuriko lan harremanei esker jaialdi ugari izan ditugu, eta horrek salbatu digu denboraldia. Gernika eta Durangoko torneoak onak izan dira, baina txapelketen hutsunea bete ezina da. Hori bai, gauza bat argi daukat: hau ez da berriz gertatuko.
Zein iritzi duzu beste enpresa eta federazioarekin eginiko bilerez?
Federazioaren saiatzea eredugarria iruditzen zait. Gero, kanpoko beste pertsona batzuk agertu ziren, irailean pilotaririk ez zutenez txapelketa abuztuan jokatu behar zela inposatuz. Nik pilotariak urte osoan mantentzen ditut, eta abuzturako 38 jaialdi nituen hitzartuta. Nik hitzarmen batzuk sinatzen ditut telebista eta babesleekin, eta ezin dut azken orduko negoziazio batzuen arabera nire denboraldia aldatu. Nik ez diot beste enpresa batekin jokatzera atea ixten, baina lehenbiziko gauza, eta garrantzitsuena, pilotari eta babesleekin sinaturiko akordioak betetzea da.
Zeintzuk lirateke txapelketa bateratua eratzeko pausoak?
Gaur egun ezinezkoa da. Beste enpresak pilotariak dituen bi hilabete horietan (uztaila eta abuztua), guk jaialdi mordoa hitzartuta ditugulako. Gero, eskaintza onen bat jasotzen badugu, eta guk aurretik eraturiko denboraldiko diseinua aldatzen ez badu, aztertuko dugu. Hori bai nik akordioak nahitaez bete behar ditut.
Nola baloratzen duzu Federazioaren bitartekaritza?
Lan ona izan da. Txema Aldamiz bere lekuan egon da, eta makilakada ugari jaso ditu. Pilotaren alde egiten duen lana goratzekoa da.
Enpresen arteko lehiakortasunak esku-huska berpiztu zuen. Zestan ere antzerako lehia ez al litzateke gomendagarria izango?
Ez. Eskuan beste ezaugarri batzuk daudelako. Merkatua handiagoa da eta telebistak lan hobea egiten du, beste mundu bat da. Aspek eta Asegarcek gainera urte osoan egiten dute lan, eta denboraldi osoa batera diseinatzen dute. Zestan, berriz, nik ezin dut urte osoa bakarrik diseinatu, eta lan gehien dudan bi hilabeteak beste batzuei komeni zaien modura eratu. Nire baldintza berdinetan? Arazorik ez, baian gutxiagorekin ez.
JOSU MUGARTEGI ‘ATAIN’ x APP ZIRKUITUKO INTENDENTEA
«Enpresen lehiakortasunak eta telebistak berpiztuko gintuzkete»
I. M.
Jokalari ohia, APPko intendentea eta Markinako taldeko presidentea. Zesta-puntaren mundua inor gutxik bezala ezagutzen du.
Nolakoa izan da APPren lehen urtea?
Oso ona. Markinan uda oso ona izan da. Donostian izandako harrerarekin ere oso gustura gelditu gara. Miarritzen azken bost urteetako urterik onena izan dute eta oro har ontzat jotzen dugu. Guk gainera ez ditugu ikusleak nekatu nahi izan, gure asmoa udan jokatzea da.
Zein iritzi duzu beste enpresa eta federazioarekin eginiko bilerez?
Iazko negoziaketen eskarmentuarekin, aurten prestatu egin gara. Pilotariak gizarte segurantzan inskribatu ditugu, eta betebehar administratibo guztiak bete ditugu. Hasiera batean abuztutik urrira arteko txapelketa eskaini ziguten, eta guk ezinezkoa genuen urrian jokatzea. Gero bilera politikoren bat egon zen, eta federazioarekin izandako bigarren batzarrean abuztuan jokatuko zen txapelketa eskaini ziguten. Baldintza guztiak onartu genituen, eta Eusko Basquek bi egun eskatu zituen aztertzeko. Bilera hartaz geroztik ez dugu inolako albisterik izan. Nik zera uste dut, mundiala ez jokatu ostean, federazioak mundialerako zegoen telebista eta babesleen dirua Euskal Herriko txapelketa antolatzeko jaso zuela, eta horregatik aldatu zutela iritziz. Federazioak azalpen bat zor digu.
Txapelketak bertan behera gelditu izanaren notifikaziorik jaso duzue?
Ez. Gure haserrea inork informatu ez gaituelako da.
Zeintzuk lirateke txapelketa bateratua eratzeko pausoak?
Egutegia neguan eratu behar da eta bi enpresek ezaugarri eta baldintza berak izan behar dituzte. Nik ez dut txapelketarik nahi Karmen egunean, gure eguna delako. Egin dadila urriko azken astelehenean, Eusko Basqueren egun on batean. Halakoak bideratzea elkarri min egitea litzateke, eta halakoen premiarik ez dugu.
Enpresen arteko lehiakortasunak esku-huska berpiztu zuen. Zestan ere gerta al liteke?
Baietz uste dut, eskua da eredu gaur egun. Begira eskua nola zegoen, eta nola dagoen orain. Zesta oso gaizki dago. Gu ez gara kexatzen udan programatzen dugulako bakarrik, baina zestak egun ez du gehiagorako ematen. Lehiakortasuna eta zizatzea ona litzateke. Txapelketa bateratuak eta telebista. Guk pilotalekua bete dugu, orain telebista falta zaigu babesle gehiago erakartzeko.