Beste txapeldun bat Manomanistan. Ruben Beloki eta Patxi Eugi izan ziren errepikatu zuten azkenak. 2000. urtetik, ordea, txapeldun berria izan du Eskuz Banakakoak
Enekoitz Telleria / Berria
Lehertu dela bat, lehen zipriztinak baino ez direla, urte askorako txapelduna daukagula, belaunaldi oso baten ikurra izango delaÉ Ez dira behin edo birritan bakarrik esan eta idatzitakoak. Loria eta porrota berehala banatzen dira kirolean, eta gailurretik magalerako bidea gorantz bezain erraz egiten da askotan beherantz. Pilota ez da salbuespena, eta Eskuz Banakako Txapelketa are gutxiago. Bolada oso-osoak bete dituzten izenen garaietatik, urteoro txapeldun berri bat izatera egin dugu salto.
1940. urtean hasi zen txapelketa izaera ofizialarekin, eta 21 txapeldun izan ditu geroztik. Ives Salaberri Xala edo Juan Martinez Irujo, bietako bat izango da 22.ena. Atano III.a, Gallastegi, Barberito I.a, Soroa, Arriaran II.a, Ariño I.a eta Ogeta. Zazpi txapeldun horiek izan zituen Manomanistak lehenengo 20 urteetan (1960a arte). Errepikatu zuten hortik aurrera Azkaratek eta Ariño I.ak, baina agertu ziren berriak: Atano X.a, Retegi I.a, Lajos, Gorostiza eta Bengoetxea IIII.a. Beste zazpi txapeldun hurrengo 19 urteetan (1979a arte). 20.ean, izan ere, zazpi txapelduneko batez bestekoa erabat apurtuko duen pilotaria agertu baitzen: Julian Retegi. Buruan izan dituen 11 txapeletatik bederatzi orduan irabazi zituen jarraian. Tolosa eta Galarza izan ziren tartean berriak, eta Arretxe, Beloki eta Eugi 2000. urteko mugarria jarri arte ezagututako txapeldunak. Zazpi txapelduneko batez bestekoa, seitan utzia.
Zazpi txapelduneko batez bestekoa apurtuta
Eta birekin kontatzen hasi ginenetikÉlekutan gelditu behar du zazpi txapelduneko batez bestekoak. Igandean ezagutuko dugu, hori jada bosgarren txapelduna izango da! Retegi II.aren erretiroak, Arretxeri eta Errandoneari ireki zien atea, eta Luzaidekoa izan zen atetik sartzen lehena. Eskarmentua zuten pilotariak ziren biak, baina gazte batek sartu zuen muturra tartean, eta sekula baino ozenago entzun zen «urte askorako txapelduna dugu» esaldia. Ez da harritzekoa. 21 urte ez zituela irabazi zuen buruz buruko txapela Ruben Belokik. Historiako txapeldunik gazteena eta ezaugarri bat aparta: indarra. Gaztetasuna aldeko zein kontrako bultzada izan ohi da, ordea, eta ez zen hurrengo urteko finalean sartu. Patxi Eugik hartu zion erreleboa, eta eskuz banakakoak Retegi II.a-Galarza III.a lehien bidetik egingo zuela aurrera zirudien, baina Beloki-Eugi lehiekin. Arretxek eta Elkorok erakusten zizkieten hortzak, enpresa bakoitzak bere aldetik jokatutako txapelketek nahastu zituzten aurreikuspenak, baina Belokiri eta Eugiri aurre egiteko modukoak ez zirela asko ematen zuen. Txandaka ari ziren txapelak irabazten, bapatean, Abel Barriola agertu zen arte. Eskaileraren lehenengo mailatik hasi eta finalera Leitzakoa. Harrituta guztiak haren jokoarekin, frontoian mugitzeko zuen erraztasunarekin. Belokiren kontra finalaÉ eta irabazi. Beste txapeldun bat, beste bolada bat, askotan errepikatuko zen beste lehia batÉKale berriro. Iazko txapelketa iritsi eta kale Barriolak, kale Belokik, kale EugikÉ Ezta finalean ere. Bi izen berri bapatean: Patxi Ruiz eta Aimar Olaizola. Eta beste txapeldun bat bat-batean: Patxi Ruiz.
Eta aurten? Beste horrenbeste edo gehiago. Izenak ez baitira orain banaka aldatzen, binaka baizik. Xala edo Irujo. Beste txapeldun bat, beste bolada bat, askotan errepikatuko den beste lehia bat? Aurrekariekin, nor ausartuko da iragarpenak egiten?