Jai Alai News
Talde moduan eta familia giroan ari dira pelotariak eta euren senideak Dania Jai Alai frontoiaren azken astea bizitzen. Amaiera duina, eta giro ederrekoa. Horren adibide, koadroaren azken afarian, Miamiko Casa Juanchon, elkartutako guztiak. Pelotariez gain, egungo intendentea, Benny Bueno, eta aurrekoa, Joxe Miguel Arregi handia, bertan izan dira. Asko esan nahi du horrek, kontratuak egin eta desegin behar izan dituztenak ere, familiako kide moduan hartzea. Esker ona adierazi diete biei pelotari denen izenean hitza hartu duten Jon Zulaika donostiarrak, Ibon Aldazabal berriatuarrak eta Iñigo Gorostola durangarrak. Esker ona baita beraien aurretik sindikatuko ordezkari izan ziren pelotarientzat ere. Hauen meritua izan da Danian talde izaera hori gaur egunera arte mantentzea. Jose Oyarbide IJAPAko presidente ohia, beasaindarra, bertan izan da. Baita Javier Hurtado “Romo” ere, intendentzia lanetan Benny-ren laguntzailea, Acapulcon jaiotako pelotari ohia.
Baina Daniako pelotariak ez dira egon bakarrik. Afari horretan elkartu dira hainbat lagun ezagun. Mexikotik, 24 urtez azpikoen Munduko Kopa irabazi berri duten Alex Goitia eta Danel Mandiola markinar gazteak. Goixerri eta Manci, euren leihakide mutrikuarrak. Diego Beaskoetxea eta Kevin Ithurria, hauek ere Mexikotik joanak, Daniako koadroko partaide izan baitira biak. Baita Lander Aramendi eta Julen Goitia ere, Magic City frontoiko pelotari gazteak.
Azken urteotako pelotari ezagun eta erretiratuak ere bertan izan dira: Andoni Arriaga, Daniako inoizko pelotari onena “Joey” amerikarrarekin batera. Lehen aipatu dugun Oyarbide. Nacho Garcia kataluniarra. Anddy Ramos kubatarra eta honen familia. “Duke” Hernández gasteiztarra. Han izan da Xabier Elesgarai “Beitia” mutrikuarra ere, 5.000 kiniela baino gehiago irabazitakoa Danian. Xabier Lopetegi “Arregi” belauntzarra, aurrelari abila bera. Miamin jokatutako Ernesto Arriaga, Bolibarko semea.
Pelotari historikoak: Jesus Zulaika aurrelari handia, Estatu Batuetan bizi dena, eta honen anaia Juan Ignazio, azken hau Mertxe emazterekin Euskal Herritik propio joana, Jon semeari babesa agertzera. Berdin Iñaki Gorostola berriatuarra eta honen emazte Koro ere. Juanito Elejabarrieta eta Isaac Argoitia, biak ala biak “genio y figura”. Floridan bizi dira bata zein bestea. Jose Luis Bereikua, Elorrio mitikoaren anaia, West Palm Beachetik jeitsi dena. Ricardo Arriaga “Iruta”, Aitor Gerrikabeitia… ezin denak aipatu.
Familiaren babesa, bikotekidearena, emaztearena eta seme-alabena izan dute azken afari honetan. Denak taldean, Jai Alaian. Zer poza, Daniako pelotariek etapa historiko honi hain bukaera ona eman ahal izana. Enpresarekin ere harreman ona dute, eta jabeek industria eredu batekin bukatu behar izan badute ere, zesta-puntari ez diote atea erabat itxi nahi. Jende asko ari da frontoira gerturatzen egunotan.
Amaieran, zelan ez, Iñigo Gorostolaren bertsoak. Kantxa barruan “Arrieta” da, baina mundu guztiarentzat “Kakatza”. Pelotarien sindikatuko ordezkaria, pelotaz eta honen inguruko guztiaz maitemindutako mutila. Bridgeporten jaio, Danian hazi, Durangora bizitzera joan eta uda guztietan Floridan oporrak pasa ondoren, azken 20 urteak bertan profesional egin dituena. Beteranoa izanda, iritsi berri diren gazteekin gozatzen jarraitu izan duena, bera ere, gazte iritsi berri bat balitz bezala. Jon Zulaikarekin batera, enpresak emandako albiste txarra koadroari jakinarazi behar izan zion, eta Kakatza “Kapitainari” egokitu zaio Jai Alaiaren Estatu Batuetako historiari, azken bi bertsoak kantatzea.
Aldi berean izan da
lanbide eta gozagai
gaztetatik zesta-punta
gure amets eta sustrai
Euskal Herritik milaka
etorri ginen hona, ai
jakinda izango ginela
kontrarixo, baita anai
goitik behera joan zara
konturatuta geunden bai
gogoa alde genuen
baina zenbakiak etsai
triste gaude baina beti
izango zara Jai Alai
Kinieletako sistema
hoixe zan gure jolasa
benga Salegi “tira dos!”
txik-txak, txula, falta, pasa
guzti hoiek guretzako
zoriontasun arnasa
zu zinen gure mundua
zu zinen gure atlasa
ai Dania zuri ta geuri
gelditu zaigu arnasa
zuri agur esatea
ez da izango erraza
baina beti izango zara
gure bihotzeko plaza
BIBA ZUEK!
GORA JAI ALAI!