ITOITZ ANAIAK 40
URRUTIGARAI – OLAIZOLA 30
J.L. / Gara
Itoitz anaiek lortu zuten atzo Modernen Frantziako amateurren txapela, orain dela bi aste EuskalHerrikoan egin zuten bezalaxe.
Atzo, ordea, orain dela bi aste baino lan handiagoa egin behar izan zuten. Urrutigaraik eta Olaizolak ez zituzten orduko akats berak egin nahi, eta txapela lor zezaketela pentsatuz joan ziren Lapurdiko hiriburura.
Norgehiagoka oso orekatua izan zen, eta berdinketa ugari izan zen markagailuan. Finala azkeneko hamar kintzeetan erabaki zen, eta berriro ere Thierry Itoitzen lana nabarmena izan zen. Itoitz zaharrenak atzean ez du hutsik egiten, eta hainbat urte profesionaletan ibilita hartutako eskarmetua ere agerian uzten du, eta atzo ere horrela egin zuen.
Atzean agindu egin zuen, eta aurrean anaia gazteari erraz uzten zion kintzea. Azkenean, bigarren txapela bereganatu zuten, eta binaka amateurretan dagoen bikorik onena dela erakutsi zuten.
Ez dago gehiago eskatzerik. Orain hau ahaztu, eta Bakarkakoa hasiko da. Hor Itoitz gazteak egin behar du, bestea adinean aurrera baitoa, eta anaia zaharraren lekua hartu nahi du berezkoetan.
Bigarren Mailan, Hiriberondek eta Lamourrek 40-30 irabazi zioten Lanbert-Semerenari. Gazteetan, Eliziri-Jauregik 40-35 irabazi zien Teillier anaiei.