Ordu eta erdiz aritu da Xala, Arizmendirekin, gehiegi behartu gabe; astelehenean ariko da berriz E. Telleria, Berria
11:00etatik 13:00etara zuen atzo Ives Salaberri Xala-k Donostiako Atano III.a frontoia hartuta, eta ordu eta erdiko entrenamendua osatu zuen. Panpi Ladutxe botilero eta aholkulariak hurbiletik zainduta, Thierry Arizmendi afizionatu mailako pilotariarekin aritu zen atzo ere Lekuineko ezkertia harekin egin ditu aurtengo Eskuz Banakako Txapelketako entrenamendu ia guztiak.
Entrenamendua amaitutakoan aitortu zigun Xalak ez zuela guztiz entrenamendu gogorra ere egin. Sakeak eta errestoak landu zituzten, batik bat. «Entrenamendu ona egin dut, ez da gogorregia izan. Azken partidako presioa ahaztu eta sentsazio onak berreskuratzea zen helburua, eta horretan aritu naiz. Entrenatzen jarraitu beharra daukat eta gustura gelditu naiz egindakoarekin. Eskuetatik eta fisikoki ez dut arazorik eta poztekoa da hori», adierazi zuen frontoira joandako komunikabideen aurrean saioa amaitu baino ordulaurden lehenago ireki zituzten ateak sartu ahal izateko.Igandean Aimar Olaizolaren kontra jokatu eta irabazi ondoren, arlo fisikoa landu du bakarrik Lekuinekoak, eta atzoko zuen lehenengo entrenamendua ekainaren 6ko finalari begira. Donostiako frontoia ongi ezagutzen du, Olaizolaren kontra ere bertan jokatu zuen, entrenamendu asko daramatza bizkargainean, eta horregatik erabaki zuten berak eta Ladutxek atzokoa horren gogorra ez egitea. «Denetik egin dugu pixka bat: sakeak, erremateak… Sufritu ez dut asko egin, egia esan. Tantoren bat gogorra jokatu dugu, baina hurrengo entrenamendua egingo dut gogorragoa gaurkoa baino»
Jokatu gabe egin dituen egun hauek ederki etorri zaizkiola onartu zuen, eta besteetan baino erlaxatutago sumatu genuen kazetariok ere. Hemendik aurrera, dena dela, ez dauka atseden hartzeko ez denbora ez asmorik. «Hartu beharreko atsedena hartu dut jada. Nerbioa bueltatu zait besoetara eta gorputzera, eta pilotara jarrita nago berriro», azpimarratu zuen.Irujo «edozertarako gai dela» badaki, eta horregatik aritu zen eskuinez ere sakeak errestatzen atzo. «Arizmendik eskuinera ere ongi sakatzen du eta horregatik esan diot eskuinera ateratzeko. Irujo edozertarako gai da eta erresto horiek ere entrenatu ditut. Ongi aritu naiz eskuinez ere eta konforme nago. Entrenamenduak eta partida ez dira gauza bera, dena dela».