BILBAO IRON CUP ELAIA-IHART ETA ERKIAGA-IBARLUZEA, FINALERA

Jai Alai News

ELAIA-IHART vs HELENA-MAIALEN: 15-10, 15-6

ERKIAGA-IBARLUZEA vs GOITIA-BASQUE: 12-15, 15-10, 5-2

* Gizonezkoen finalerdian, Goitiak pasa guztiak agortu ditu lehen setean eta Erkiaga parean izanda, hori «kondena» izan da bikote horiarentzat. 

Giro bikaina Bilboko Deportivo pilotalekuan eta partiduak ere halakoxeak. Jai Alai Leagueko 8. proban, finalerdien txanda eta emakumezkoen Masterraren hasiera. Bertan, partida bikaina jokatu du Elaia Gogenola berriatuarrak. Behetik gora indar handiz datorren pilotaria da. Aurten jokatu du estreinekoz Winter Seriesean eta Bilboko Iron Cup-ean ere erakustaldia eman du. Joko alaia, bizia, elektrikoa eta errematez josia. Tantu ikusgarri asko egin ditu eta sahietseko postura ederra du. Bai barrura eta bai horma-bikoetara botatzeko. 

Hasieratik hasi dira marroiak markagailuan aurretik. 1-0, 2-0 eta 3-0. Partiduko bigarren tantoa Iharta Arakistainek egin du, horma bikoz. Sopelako pilotaria kantxetara itzuli da eta aurrelari moduan gehiagotan jokatu duen arren, atzean partidu oso serioa eta ona egin du Bilbon. Seguru aritu da, huts gutxi eginez eta bere bikotearekin hartu-eman onean. Kantxan eroso. 9-2 eta 10-3 aurreratu dira Elaia eta Ihart baina bikote horiak lortu du partidan sartu eta markagailua estutzea. Helena Barrenetxea durangarrak hormabikoz eta txapa gainean bukatu ditu tantu batzuk, 12-9 eta 13-10 urreratu dira baina azkenean, 15-10, lehen jokoa Elaia eta Ihartentzat. Bigarrenean berriz, hasieratik izan dira nagusi eta ez da horien erreakziorik izan. 7-4, 11-4, 13-5 eta 15-6, merezimendu osoz Elaia eta Ihart, Iron Cupeko finalera. Bigarren finalerdian Erika-Frida eta Maite-Arai bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Bi kasuetan, aurrelari indartsuak.

* Erkiaga eta Ibarluzearen garaipena

Gizonezkoen Slam-ean, lan asko egin behar izan dute Erkiagak eta Ibarluzeak garaipena lortzeko. Hasi, galtzen hasi dira. 

Erkiagak, ia beti bezala, partidako lehen tantuetan eman du abisua. Bere lehen tantua, sake errestoan izan da eta bigarrena, 9 kuadrotik sahietsez txapa-gainean bikain utzita. Lehenengo jokoa oso berdindua joan da eta Goitiak eta Basquek abiadura handia eman dio pilotari. Material bizia aukeratu dute eta zesta-puntako argotean esaten den bezala, Goitiak «brillo» handia ematen dio pilotari eskumaz. Hirunakoaren ondoren, 3-5 jarri dira Goitia eta Basque aurretik. Aritzek errebotean hormabikoz egin du 4-5koa. Itzela. Baina lehen atsedenaldira horiak heldu dira aurretik: errebote gaitza Goitiarentzat, eskumarekin soltatu eta txapa gainean tanto. 6-8. Atsedenaren ondoren, euren erritmoari eutsi diote horiek eta ikusgarria izan da 9-13rako Goitiak egin duena. Bi aurrelariak 9-10. kuadrotik lanean, pilota bizi-bizi, horman jauzi eginez pilota zaila sartu Goitiak eta hurrengoa iritsi zaionean, bederatzitik goxo-goxoa txapa gainean dejada. Ziztu bizian abiatu da Erkiaga baina atzean zegoen eta ezustean harrapatu du Goitiaren jokaldiak. Zaleak harmailetan zutik, markinarraren ausarkeria txalotuz. 12-15 bukatu da jokoa Goitia eta Basqueren garaipenarekin baina era berean, bost pasak agortu ditu Goitiak lehen setan eta hori kondena handia izan da.

Erkiagak eta Ibarluzeak pilota aldatzen joan eta material berria sartzen ahalegindu dira, jokoa moteltzeko. Horri Goitiaren pasak batuta, ondo atera zaie jokaldia. Arrosak seguruago aritu dira bigarren jokoan eta partida oso ona egin du Ion Ibarluzeak. Frontoian «Lauzirika» ohiuak entzuten direnean, berarentzako dira, izen hori baitauka bere baserriak. Segurtasun handia erakutsi du Ibarluzeak eta nerbien kudeaketan asentatzen ari dela ikusten dugu. Joko honetan, jokaldi ederrak egin dituzte bi aurrelariek, batak bestea topatuz eta publikoa gozaraziz. Markina-Xemeingo aurrelariak 3 sake tantu egin zituen ligaxkan horma-bikoz baina finalerdi honetan Erkiaga izan du parean. Aritzek intentzioa igerri, boto-lasterrean pilota sartu eta berak amaitu dio tantoa Alexi. 4-3. Erkiagaren beste horma-biko batekin iritsi dira atsedenaldira (8-5) eta 15-10 bukatu dute jokoa pantera arrosek. 

Desenpateko seta, bost tantura jokatzen da. Oraindik entzuten zaie batzuei «zorte» kontua dela esanez. Estatistikei begiratzeko esan beharko diegu hauei. Erkiaga desenpatera heltzen bada, normalean irabazi egiten du. 10etik 9. Iron Cup-eko finalerdian ere halaxe izan da. 1-0 Ibarluzeak eskumaz atzean bikain. 1-1, Erkiagak txapara. 2-1 Erkiagak sake errestoan apurtu. 3-1 eta 4-1 horien hutsak. Eta 5-2, piloteoan pilota zaila zabalean, Goitiak ezin saskiratu.

Datorren barikuan, 2. finalerdiak.

ERIKA-FRIDA vs MAITE-ARAI (Emakumeen Masterra)

URRUTIA-DEL RIO vs LADUCHE-MANCI (Gizonezkoen Slam-a)

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE