ERIKA-FRIDA vs MAITE-ARAI: 15-14, 15-4
URRUTIA-DEL RIO vs LADUCHE-MANCI: 15-14, 15-11
* Julen Del Rio atzelari gasteiztarrak erakustaldia eman du 15 tantu eskumaz eginda
* Laduchek eta Mancik ezin izan diote aurre egin Gasteizko «Kañoiari»
* Urrutia eta Del Rio: Iron Cup-eko aurre-kanporaketak jokatzetik final handira pasatu dira. Erkiaga-Ibarluzearen kontra jokatuko dute.
* Erika eta Frida, emakumeen Masterreko garaile. Elaia eta Ihart, zain dituzte finalean.
* Bilboko Deportivo, bosgarren aldiz beteta.
Del Riok eskumarekin jotzen duenean, «DALE CALOR» ohiukatu ohi diete Gasteizko bere jarraitzaileek. Euskaraz bada hitz bat «dale calor» horretarako erabiltzen duguna eta «GATZA» da. Del Riok itzelezko gatza eman dio pelotari, Iron Cup-eko finalerdian, eskumarekin hartu duen bakoitzean. Batez ere goitik beherako posturan egin du min. Gorputza okertu, pilotari abiadura itzela eman, jagia edo botea eragin eta aurkariak gainetik pasatuz. Ez bat, ez bi, ez lau… hamabost tantu egin ditu gasteiztarrak. Deportivo pilotalekua bikain etorri zaio, ez soilik bere eskumari gatza emateko. Baita konfiantza hartu eta pausu bat aurrera emateko ere. Txapelketan titular hasi beharrean, aurre-kanporaketetan jarri zuen Goikoetxea kirol zuzendariak. Bada Del Riori ondo baino hobeto etorri zaio, behetik gora hasi eta partidaz partida konfiantza berreskuratzea. Orain Iron Cup-eko finalean dago, erakustaldi bat emanda. Datorren barikuan, Erkiaga eta Ibarluzea izango dituzte parean. Aritzen kontra gauzak zailagoak izango dira.
Finalerdiaren lehenengo seta borrokatua izan da. Laduche eta Manci hasi dira aurretik, mutrikuarraren hormabiko bat eta txula bat tarteko. Datu interesgarri bat: Gipuzkoak, Behe-Nafarroako, Arabako eta Lapurdiko pilotariak izan ditugu Bilboko kantxan. Euskal Herriaren lurraldetasuna oso presente dago zesta-puntan. Baina partidara itzulita. 1-3, 2-5, eta 6-9 aurreratu dira Laduche eta Manci bikote horia, Getaria. Azken tantu hau, bederatzigarrena, Getariako aurrelariak txapa gainean moztua. Baina lehenengo setaren erdialderako, materiala bizitu ahala, Del Rio hasi da jada pilotari eskumaz ondo ematen. Breea izan da 9-10eko tantoa eta jendea zutik jartzeko modukoa 11-12koa. Goitik behera «pikatuta», botea eragin eta aurkariak gainetik pasa ditu. Hala ere, esku eskuan izan dute horiek set. 12-14koarekin, hiru «set ball» izan dituzte. Baina ezin. Julen Del Riok eskuma atera, markagailuari buelta eman eta lehen jokoa 15-14 irabaztea.
Ez dugu ia aipatu ere egin Thomas Urrutia, Donibane Garaziko aurrelaria. Baxenafartarrak pilota asko sartu du, piloteoan gogor aritu da, defentsan ere berdin eta batez ere, komunikazio ona du Del Rio-rekin. Baina finalerdi honetan, atzelaria izan da tantoak amaitzeaz arduratu dena. Bigarren jokoaren hasiera izugarria izan da. Beste behin, eskumari gatza atera dio Julenek. 8-1 aurreratu dira baina nabarmentzekoa izan da bikote marroiaren seigarrena. Arabarrak hormabiko ikusgarria bota du atzeko koadroetatik. Pilota ezkutatu egin du, jendea zutik jarriz. Ematen zuen partida horrela bukatuko zela baina horiek tantua egin, pilota aldatzen hasi eta peloteora jokatu ahal izan dute, eta baita tantuak egin ere. 8-2, 10-4, 12-6, 13-10… hiru tantura urreratu dira. 14-10ekoa Urrutiaren tantu ederra. Laduchek lurretik erreboteatu, Urrutia bote-laster sartu eta txokoan tanto. 14-11koa, Laduchen erantzuna. Del Riok goitik behera eskumaz, Ludovik hormaren kontra punpa-gora (bote-corrido) sartu eta berak goitik behera zabalean amaitu. Partida Donibane Garaziko aurrelariak amaitu du, Thomas Urrutiak, sake errestora sartu eta horma-bikoz. 15-11.
Partida ederra, ikuskizun bikaina, Del Rioren erakustaldia eta 5. astez Deportivo bete duten zaleak, zesta-puntaren ikuskizunaz gozatu ederra hartuta etxera.
* ERIKA-FRIDA, FINALERA
Emakumeen Masterrean, Erika Mugartegi eta Frida Watkinsentzat izan da garaipena. Lehen seta justuan irabazi dute baina bigarrena errez. Marroiak aurretik hasi dira, Erika eta Frida. Atzelari zumaiarrak txapa gainean moztuta egin du 2-0koa, 4-4 eta 5-5 ere berdindu dute baina atsedenaldira marroiak aurretikk 8 eta 5. Maite Ortiz de Mendibil arabarrak atzean lortu ditu tanto batzuk eta Erikak, txapa gainean moztuta eta baita pilota errebotera botata. Errebotetik bueltan, pilotak bi aldiz pasa du Maite gainetik. 10-10, 12-12, 13-13 egin dute, 13-14 jarri dura Maite eta Arai aurretik baina Andetxako aurrelariak (Antezana de Foronda) bi pasa atera ditu jarraian. Hori izan da horien kondena. Hamalaunako berdinketaren ostean, Erikak ez du barkatu eta berak egin du 15garrena. 15-14.
Bigarren jokoan, Maitek pasa guztiak amaituta, behera etorri dira horiak. Erika eta Frida nagusi izan dira piloteoan, ia hutsik ez dute egin. Markinarra indartsu eta sendo eta zumaiarra atzean oso seguru. Elkarrekiko konfiantza dutela igartzen da gainera. Horren aurrean, lau tantu egin ahal izan dituzte horiek. 15-14.
Iron Cup-eko finala Elaia Gogenola eta Ihart Arakistainen kontra jokatuko dute.