Bizkaitarrak eta lapurtarrak lehen finalerdian

Baronio-Irastortza eta Bereikua-Felix lehiatuko dira finala jokatzeko asmoarekin
Gara
Baronio-Irastortza eta Bereikua-Enbil neurtuko dira gaur iluntzean Donibane Lohizuneko pilotalekuan. Munduko Txapelketako finala jokatzeko lehen txartela eskuratzeko asmoarekin.
Norgehiagoka oso estua iragartzen da, bi bikoek erakutsi baitute oso sendoak direla. Pronostiko bat egitea ez da inorentzat erraza izango. Baronio eta Irastortza etxean arituko dira. Aurrelaria bertakoa da, eta atzelaria Bidartekoa, eta hori ere Donibane Lohizunetik oso gertu dago. Beraz, lapurtarrek zaleak ondoan izango dituzte.

Jokatu dituzten bi partidetatik Goikoetxea eta Enbilen aurkakoa galdu zuten, egungo txapeldunen aurkakoa, baina orduan ere itxura oso ona erakutsi zuten, eta gaur ahalegin handia egingo dute finalean sartzeko. A multzoko bigarrenak izan dira, nahiz eta hiru bikoak berdinduta geratu ziren. Bakoitzak partida bat irabazi zuten, baina egindako tanto kopuruei begiratuta, Goikoetxea-Enbil geratu ziren lehen postuan, eta lapurtarrak, berriz, bigarren.

Bereikua eta Felix, berriz, partida guztiak irabazita iritsi dira finalerdietara, eta, hortaz, finala jokatzeko txartela lortzeko itxaropen handia dute. Felix Espilla atzelaririk onena izan da, nahiz eta urteetan aurrera doan. Bera lagun izateak beti segurtasun handia ematen du, eta horretaz baliatu nahi du Julen Bereikuak.

Bizkaitarrak Euskal Herriko Bakarkakoa irabazi zuen ezustean, Goikoetxea menderatuta, eta Mundukoan jokatu dituen bi partidetan ere maila oso onean dagoela erakutsi du. Berdin jokatzen jarraitzen baldin badu oso zaila izango da bera geldiaraztea.Gainera, atzean Felix nagusitzen hasten bada, txikizio handia egin dezake aurreko koadroetan.

Litekeena da gakoa atzeko koadroetan egotea, Irastortza bera ere maila handikoa baita. Koadro horietan nagusitzen denak finalean sartzeko txartela ere oso gertu izango du.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE