«Bizkar gainean nire urte onak eta nire urte txarrak daramatzat» Barriola

Aspaldian galdu eta berriki topatutako zerbait balitz bezala, «konfiantza» hitza aipatzen du behin eta berriz. Onetik bezala ikasi du txarretik.

ENEKOITZ TELLERIA / Berrria

Pilota aukeraketa bukatu, guztiak agurtu, eta saio labur bat egin du eskuak berotzeko. Madalensoroko aldageletan egin dio harrera Berriari. Lasai ederrean aritu gara Hego Amerikako bidaiez, onddo denboraldi oparoaz, bidean datozen oilagorrez, eta, nola ez, pilotaz.

Jokoa berreskuratu omen du Abel Barriolak. Noizbait galdu zuenaren seinale.

Horrela da. Urte txarra izan zen niretzat iazkoa, baina pasatu da. Uztailean atzamar bat pitzatu nuen, hilabete egin nuen geldirik, baina abuztuaz geroztik ongi nabil. Kolpea berreskuratu dut, atsedena ongi etorri zitzaidan nonbait, eta badaramatzat hiru bat hilabete maila onean; nik eman dezakedan maila onenetik hurbil.

Maila hartu, maila galdu… Ez ote zabiltza horrela denbora askoan? Erregulartasuna lortzea da zure erronka nagusia?

Kirolariak gara eta kirolariek une onak eta txarrak izaten dituzte. Izaten dira uneak norberak bere buruarekin batere konfiantzarik ez duena, eta horrek suposatzen du kantxara urduri ateratzea. Joan den urtean partida onak egin nituen baina txapelketetan, batik bat, ez nuen nire maila eman. Gorabehera handiko urtea izan nuen, baina denetik ikasten dela esaten da. Nire kirol ibilbidean urte onak eduki ditut, oso onak, txarrak eta oso txarrak, denetik. Espero dudana da kantxan erakustea aurreko urteetan gertatu zaidanak ikasteko balio izan didala.

Etsi ez duzu sekula egin, baina une gogorrak izan dituzu. Zein izan da gogorrena?

Une gogor bakar bat baino gehiago esango nuke urte osoa izan dela gogorra. Pilotari bakoitzak bere izateko era dauka, eta niri pilota asko gustatzen zait. Ustez ongi prestatzen nintzen pilotan ongi jokatzeko, ilusioz entrenatu, baina gero ikusten nuen kantxan ez zela hori irteten. Asteburu bat zen, beste bat zen, eta hilabeteak ziren azkenean. Horrek buruari bueltak emanarazten dizkio, eta jakin behar da une onak eta txarrak daudela. Nik bizkar gainean nire urte onak eta nire urte txarrak daramatzat. Onetik eta txarretik ikasten jakin behar da, eta espero dut ikasi izana.

2001ean, lehertu zinen urtean, urte askotarako txapelduna geneukala esanez hasi zen jende guztia. Ez da horrela gertatu, baina zure «une txar» horrez gain, egongo dira bestelako aldagaiak hori azaltzeko.

Pilota asko aldatu da urte gutxian. Ez dago konparatzerik orain dela 20 urteko eskupilota eta oraingoa. EPELek egiten duen urte osorako egitarauak ez dauka ordukoarekin zerikusirik. Lau t’erdia jokatzen da, binakakoa, eskuz banakakoa… eta uda dator gero. Udako torneoek berebiziko garrantzia hartu dute orain, eta deskuidoan eskuz banakakoan txapeldun edo txapeldunorde gelditu bazara, beti jarriko dizute errebantxaren bat. Pilotariari gaur egun asko exijitzen zaio, eta horregatik gertatu dira bai nire bai beste pilotari batzuen gorabeherak. Zaila da hamabi hilabeteetan dena ematea. Aritu zaitezke urte batean ongi, bigarren batean ere bai, baina hirugarrenean erori egiten zara. Txapelketen sistema aldatu egin da. Lehenago hasten zara jokatzen, ligaxkak daude jokatu beharra… mementoan ematen du ez dela horren gogorra, baina gerora faktura pasatzen du.

Hausnarketa hori eginda, nondik heldu behar diozu aurtengo lau t’erdikoari?

Azken hiru hilabeteotan eman dudan maialarekin oso gustura nago, eta inertzia hori aprobetxatu nahi nuke lau t’erdian txapelketa on bat egiteko. Denboralditxo on honi segida ematea da nire helburua. Ez da erraza. Lau t’erdian partidak apurtzea zaila da, eta Koka bezalako aurrelari baten kontra oraindik zailagoa.

Behar bezala prestatzeko arazorik izan duzu?

Ez. Eskuin eskua izan dut justu samar, baina ez da aparteko ezer izan. Pozik nago. Fisikoki ez dut inolako arazorik, eta hori da une honetan garrantzitsuena.

Kontrario ezerosorik badago hori Koka da, eta berak esan du biktima gisa irteteak gehiago motibatzen duela.

Faborito izan edo ez izan, biktima izan edo ez izan, Kokak berez du arriskua. Pilotari bakoitzak bere dohainak ditu, eta nik badakit zeintzuk diren Juantxorenak eta Juantxok ere badaki zeintzuk diren nireak. Gerta liteke batek beste bat ezustean harrapatzea, baina hemen jada denok ezagutzen dugu elkar. Berak duen abantailatxoa da jada partida bat jokatu duela, eta hori buruz burukorako bada alde txiki bat.

Ze Abel ikusi nahi zenuke ostiralean eta ostiraletik aurrera?

Mementoz ostiralean ikusi nahi nukeena esango dizut. Gustatuko litzaidake nire burua gustura ikustea kantxan, lasai baina aldi berean anbizioz betea.

Gustura eta lasai joan den hilabetean mendian onddo bila sartu dituzun orduak.

Zalantzarik gabe.

Non ez didazu esango?

Leitza inguruan.

Aurtengoa ikaragarria?

Ez dut sekula horrenbeste gozatu. Onddotan ibiltzea gustatzen zaigunontzat benetan urte bikaina izan da. Asko eta onak.

Zer egin duzu horrenbeste kilorekin?

Beti izaten dira bazkariak, afariak, konpromisoak, eta kongelatu egiten ditugu horregatik. Onddoak, ardoa bezala, opari ederra dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE