«Bolada txarra konfiantza arazoa baino ez da» Titín III

Zer gertatzen zaio Titini? Hori da pilotazaleek egiten duten galdera. Bere maila onenetik urrun dabil eta etzi agur esan diezaioke binakakoari.

Imanol Magro / Berria

Atzoko pilota aukeraketaren ostean Titin III.ak entrenamendu saio laburtxoa egin zuen Barriolarekin eta Belokirekin. Triciokoak, goiz joan beharra zeukanez, bi atzelariak bakarrik utzi zituen Ogetako kantxan. Nola Barriolak, hala Belokik buruz buru primeran jokatu zuten, batik bat tantoa bukatzen. Bi atzelariek harri eta zur utzi zituzten bai Titin, bai Berriako kazetaria.

Kanpoko bi horiek primeran daude, badirudi buruz burukoan pentsatzen jarriak direla?

Bai, hala da. Gaur egun atzelariek, fisikoki zein teknikoki, izugarrizko maila dute. Igandean, ziurrenik, beste atzelaria dominatzen duenak irabaziko du.

Azken asteotan gorputzeko hainbat toki izan dituzu minduta: belauna, sorbalda, hatza… Nola zaude?

Ez daukat ia arazorik. Belauneko lesioa izan nuenetik hilabete eta erdi joan da eta orain ondo daukat. Hatzean, berriz, oraindik min pixka bat dut baina askoz hobeto nago. Ez daukat airez sartzeko beldurrik eta dena ondo dago jada. Halere, larunbatean esan nuen bezala, nahiago dut minez egon eta final-laurdenetan bezala partidak irabaztea.

Aurtengo binakakoan zure joko mailak nabarmen egin du behera. Zaleek diotenez aurtengo Titin III.a ez da betikoa. Zergatik? Arazo fisikoak dira ala konfiantza falta baino ez da?

Ez, ez dut inolako arazo fisikorik. Bolada txarra konfiantza arazoa baino ez da. Nire kasuan bezala eskuan min izan duzunean, konfiantza eta jokoa maila asko jaisten dira. Baina ez dut nahi inork gaizki pentsatzea, garbi utzi nahi dut ez dudala inolako arazo fisikorik eta ondo nagoela. Lesio bolada txarra pasa ondoren jokatzeko orduan ez dut neure burua lehen bezala aurkitzen, besterik ez.

Buelta asko eman al dizkiozu buruari?

Begira, hau kirola baino ez da, eta ez dauka logikarik. Zergatiak bilatzen jarriz gero, asko aurki daitezke, baina nire ustez ez da hain zaila; joko bolada txar batean nago eta kito.

Finalerdietako lehen partida 22-10 galdu zenuten, hausnarketarik egin al duzue?

Bai, noski. Galduriko partidetatik ere badago zer ikasia. Beraiek oso ondo jokatu zuten, serio defendatuz eta erasotzeko unea ondo hautatuz. Guk, berriz, guztiz kontrakoa egin genuen. Ni askotan garaiz kanpo sartu nintzen, Oinatzi tantoa azkar egiteko asmoz. Partidako azken zatian, berriz, huts gehiegi egin genituen.

Lehenbiziko partida galtzeak presioa handitzen du.

Bai, hala da. Eurek lehen partida irabazi zutenez igandean gogoz gainezka irtengo dira. Guk, berriz, urduriago jokatuko dugu. Dena den, aurrera begiratu beharra dago; oraindik badugu finalerako sailkatzeko aukera eta hori baliatzen saiatu behar dugu.

Bi kitarako jokatu behar izan zenituen. Halakoak jokatzera ohitu al zara?

Urte bakoitza ezberdina da eta mota honetako konpromisoetara ohitu beharra daukagu. Hau goi mailako txapelketa da eta presiopean aritzen gara beti, hala une gazietan nola gozoetan.

Nola ikusten duzu zure bikotekidea?

Ondo. Berak, nik bezala, garai latzak pasa ditu eta orain oso ondo dago animoz. Abel lehen beldur zen, eskuetako mina pasa berri zuelako. Egun, ordea, askoz hobeto dago eta ez du pilota jotzeko arazorik.

Eta aurkariak? Ezustea izan al dira?

Nik ez dut beraiei buruz ezer berririk esango. Bai aurrean, bai atzean oso ondo jokatzen ari dira. Txapelketa luzatu ahala gora egin dute eta presioak ez die inolako kalterik egin. Oinatz heldutasun handiarekin jokatzen ari da, berari tantoa sartzea oso zaila da eta erasoan aukera izan duenean ondo asmatu du. Ruben, aldiz, oso erregular dabil, hutsik egin gabe eta pilota oso ondo baztertuz.

Igandekoa nolako partida izango da? Zein izango da gakoa?

Nire ustez gakoa bikote batek edo besteak egin ditzakeen hutsetan egongo da. Opari gutxien egiten duen bikoteak, erasoan zein defentsan, irabaziko du partida. Kanporaketako lehen partida ez bezala, igandekoa partida estua izango da, eta gu tantoak apur bat luzatzen saiatu beharko gara. Piloteoak luzatzen baditugu hirugarren partida behartzeko gai izango gara.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE