Olaizola II.a Titin III.arenari nagusitu zaio lau t’erdian sanmateotako lehen partida nagusian
IMANOL MAGRO / Berria
Ikuskizuna, lau t’erdiko jokoak eman dezakeen ikuskizunaren paradigma izan zen atzo Adarragan Titin III.ak eta Olaizola II.ak jokatu zuten partida. Perfekizoa, perfekzioa pilotakadetan, perfekzioa erritmoan eta perfekzioa jokoaren nondik norakoetan. Izan ere, atzo arratsaldean Triziokoak eta Goizuetakoak kaiolan nola jokatu behar denaren irakaspena eman baitzuten.
Pilotakadak ondo bideratuz, piloteoaren erritmo biziari bizkarra eman gabe eta defentsa lanean ere, tantoa nola bukatu pentsatzen. Partida hasieran Titin izan zen ikastaldiaren maisua, marrak ondo bilatuz eta ahal zuen bezain laster tantoa bukatuz. Azken txanpan, aldiz, Olaizola izan zen jarraitu beharreko eredua. Goizuetarrak partida osoan ezarritako erritmoak, bukaeran, Titin ahitu baitzuen.Gaur bost urte betetzen dira, Titin III.ak eta Olaizola II.ak orain arte jokatu duten lau t’erdiko partida bakarra jokatu zutela. Orduko hartan Titinek irabazi zuen (22-19). Atzo, aldiz, Olaizolatar gazteena izan zen besoak altxatu zituena, emaitza berdinarekin, eta partida irauliz baita ere. 5 urte geroago Aimarrek mendeku hartu du.
Nekeak Titin garaitu zuen
Duela bost urteko partidan Olaizolak lehia hasieratik hautsi bazuen, atzokoan markagailuak estutasun handiagoa erakutsi zuen. Lehen tantoetan bi pilotariak itsu-itsuan irten ziren partidaren bila. Erritmo bizian jokatu zituzten tanto luzeetan, etengabeko piloteoari eustea zen tantoa lortzeko giltza. Dejadak txokoan, zabalera irekiak, airez sarturikoak… Denetarikoak ziztu bizian. Markagailua, bitartean, lehiaren isla zen (7-7).
Hasierako urduritasuna atzean uztea lortu zuenean Titinek bere jokorik onena kantxaratu zuen. Pilotakadak ondo zuzenduz Olaizola alde batetik bestera korrika egitera behartu zuen. Goizuetarrak pilota errazak utzi behar izan zituen, eta Titinek ez zuen barkatu (14-8). Harmailetan, bitartean, Errioxako zaleak erotzear. Baina Olaizolak partida irabazi nahi zuen, eta ez zion bizkarra eman bere mendeku nahiari. Aulkian tarte luze bat pasatu ondoren, goizuetarra lasaiago itzuli zen kantxara, markagailua iraultzeko asmoz. Nahi eta lortu. Atsedenak on egin zion, errematera nola sartu hobeto hautatuz Olaizolak tartea laburtzea lortu zuen (14-13). Berriro ere dena hastear zegoen, eta berriro ere Titinek jo zuen lehenengo. Sakearekin piloteoa asko behartuz, goizuetarraren akatsak eragin zituen, Titinek txokoan utzitako dejada pare bat eta sakez egindako beste batekin berriro ere ihes egin zuen markagailuan(19-16).Partida luze zihoan, nekeak eta beroak bi pilotarien errendimendua zamatu zuten eta azken tantoetan jokalari indartsuena nagusitu zen. Titinen nekeak ateak ireki zizkion Olaizolaren jokoari eta lau t’erdiko marrarekin arriskatuz goizuetarrak errioxarra ito zuen. Olaizolak errenkadan egin zituen azken sei tantoak, Titinen atsekabearen aurrean. Bukaeran Aimarrek ezin izan zion serio aurpegiari eutsi eta barre lasaitasun irriarekin ospatu zuen garaipena; mendekua alegia.
TITIN III.A 19
OLAIZOLA II.A 22
Iraupena: 59 minutu.
Markagailua: 2-2, 4-4, 4-7, 7-7, 12-7, 12-8, 14-13, 16-13, 17-15, 19-16 19-19 eta 19-22.
Saketik: Titinek 4, Olaizolak bat ere ez.
Bestelakoak: Sanmateotako feriako lehen jaialdia. Bi pilotariak lau t’erdian jokatu zuten. Jendeak Logroñoko Adarraga pilotalekuko harmailak bete zituen.