Bukaera polita, ipuin txarra

Bannercurso_1Titinek eta Goñik irabazi dute sanmateoetako torneoa; nahiko txapelketa kaskarra izan da, ordezkapenen eta orekarik gabeko partiden erruz

IMANOL MAGRO / Berria
Logroñoko sanmateoetako zoramena baretu da jada. Erregulartasun gutxiko torneoa izan da, partida kaskar ugari norgehiagoka borrokatu bakanekin nahasi direlako. Adarragako berritze lanen erruz, Logroñoko zaleek urtebete egin dute puntako pilotarik ikusi gabe, eta ilusio handiz itxaroten zuten sanmateoetako txapelketa. Partidek, ordea, ez dituzte ikusleak bete, eta Titin torneoa seigarren aldiz irabazten ikusteak alaitu ditu bakarrik Errioxako zaleak. Bederatzi eguneko ipuin txarrak bukaera polita izan du behintzat.

Torneoko txapeldunek merezimendu osoz altxatu zuten trofeoa. Titin eta Fernando Goñi partida guztietan ondo jokatu duten bikote bakarra izan dira, eta horri esker lortu dute trofeoa. Izan ere, beste bikote guztiek erdipurdiko egunen bat izan dute, eta hori, euren aukerak galtzeko ez ezik, torneoaren jokoaren kalterako izan da. Asier Olaizolak eta Belokik finalean egin zuten kale. Finalerdietan Olaizola II.aren eta Otxandorenaren aurka erakustaldia eman ostean, Asegarcekoen grina Titinen abilezian urtu zen finalean. Banakako finalistek ere sanmateoetan beraiengandik espero zen baino gutxiago eman zuten. Hala Aimar Olaizolak, nola Martinez Irujok ez dute jakin ardura beren gain hartzen, eta itxura txarra eman dute Adarragan. Iberokoak hamalau huts egin zituen finalerdietan, eta denbora askoan ez ditu ahaztuko sanmateoak. Logroñoko torneoa hankamotz utzi duen beste arazoa azken orduko ordezkapenak izan dira. Oinatz Bengoetxeak eta Iñigo Pascualek zulo handiegiak zituzten betetzeke, eta ez Iñigo Leizak, ezta Unai Apeztegiak ere, ez dute deus konpontzerik izan. Lemoakoak urduri jokatu du Logroñon, eta errematera sartzea asko kosta izan zaio. Apeztegiak aukera pozoitua jaso zuen, eta Xalaren laguntzarik gabe ez zuen bere aukera baliatzerik izan. Iturengoak ez zuen lortu zaleek Eulate ahaztu zezaten.

Onena, lau t’erdian Sanmateoak oro har eskasak izan diren arren, hasiera polita izan zuten. EPELek diseinaturiko lau t’erdiko binakakoak arrakasta izan baitzuen. Del Rey galduta aritu zen arren, lau pilotariek ikuskizun aparta eman eta zaleek berrikuntza eskertu zuten. Ezin da berdina esan, ordea, bikote-hirukote desafioari buruz, sanmateoetako ezohiko bigarren hitzorduak ez baitzuen espero zenik eman, hein handi batean Aspek oreka gabeko hirukotea eratu zuelako.

Bestalde, torneoko zalapartaren itzalean, beste partida esanguratsu bat egon zen: Saralegik eta Del Reyk lau t’erdian jokaturikoa. Amezketakoa errioxarra baino askoz gehiago izan zen (18-5), eta ez litzateke harritzekoa egun hartan emaniko erakustaldiak lau t’erdiko txapelketaren ateak irekitzea.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE