Patxi Ruiz. Garazi Mtnez Suarez argazkia
Naroa Mtnez Suarez
Atzokoa Labriten finalerdietara pasatzeko partida tradizionala bilakatua zen, irabazten zuenak aurrerapausoa emango zuelako. Retegik eta Patxi Ruizek gozatzen zuten aukera hori. Urratsa Patxi Ruiz lizarratarrak eman zuen. Hasieran 4-9kora arte Julenek bere aukerak erakutsi zituen eta beteranoak, urduritasunak paralizaturik, ezin zion aurre egin gazteari. Norgehiagoka iruindarrarentzat, argi, izango zela ematen zuen. Ordura arte Ruizek ez zuen asmatzen erasora pasatzen, pilota asko entregatzen zituen.
Horren isla da Patxik partidua amaitzerakoan esandakoa “urduri nengoen, oso aurrean jartzen nintzen dejadaren beldur nintzelako. Baina aitak lasaitu nauenean, botez jarri naiz, nire joko-mota eginez eta aurrera egin dut”.
5-9koa, berriz, bi-pareta polit bat izan zen eta horrekin hasi zen atzelariaren erantzuna. 8-0ko partziala gauzatu zuen denetariko jokaldiak eginez: dejadak zabalera, ezker zeharrak, sakeak… Retegi behera etorri zen eta berak entregatzen zituen pilotak momentu haietan. Ezker eskua ukitua zuenaren antza ematen zuen eta dejadak egitean itsutu ere egin zen, ez zuen asmatu.
Erremontadan zehar jolastu ziren partidako tantorik gogorrena (6-9)eta ikusgarriena (8-9). Pilotari biak gogor joka aritu ziren lehenengoan eta bigarrengoan Patxik ezker zehar oso gurutzatua bota zuen txokotik zabalera.
Bederatzinako berdinketatik aurrera, gazteena joan zen momenturo markagailuan atzetik eta jolasean ere, asmatu ezinik. Rolak trukatu zituzten norgehiagokaren erdialdetik aurrera. Lizarratarra lasaitu egin zen, bere aukeretan sinetsi eta pilotari gogor astinduz hasi zen. Sakez hainbat tanto eskuratu bazituen ere, alderik nagusiena kolpean egon zen. Piloteoa menperatu egiten zuen erriberako pilotariak.
Julenek tanto txukuna lortu zuen (19-14) kontraerasoan ezkerrez zabalera botatako pilota bati esker. Halere, sakea berreskuratu arren, ez zuen erasoan asmatu. Azkeneko 3 tantoak berriro ere joaz bereganatu zituen atzoko irabazleak.
Beraz, bi zati oso desberdindu izan zituen atzoko partidak, bakoitzean pilotarietako bat bestearengatik guztiz menperatua zegoelarik. Pilotaririk helduenak jakin izan zuen bere aukera hobeto probesten eta horri esker egongo da txapelketa garrantzitsuenetariko honen hurrengo fasean. Bere hitzetan “ez du inporta pilotaren bat entregatzeak, gero hainbeste ematen badiozu pilotari”.
Finalaurrekoa Irujoren kontra izango du bi aste barru. Beste finalerdian Xala eta Olaizolak neurtuko dute elkar.
Partidako datuak:
Partzialak (lehenengo zenbakia Patxi Ruizentzat): 1-0; 1-1; 3-1; 3-3; 4-3; 4-9; 12-9; 12-11; 16-11; 16-13; 19-13; 19-14; 22-14.
Sakez: 4 Patxi Ruizek, 1 Retegi Bik.