«Dakiten moduan jokatzeko eta tentsioa ez galtzeko esango diet» Vergara II

IMANOL MAGRO / Berria

Hitz bat darabil etengabe ahoan: tentsioa. Hori izango baita bere bikoteari emango dion azken aholkua, finaletan beharrezkoa den tentsioa ez galtzeko.

Nola ikusten duzu zure bikotea?

Indartsu, oso indartsu. Biak oso ondo daude, ilusioz beteta eta partida aurrera ateratzeko aukera askorekin.

Pilotekin konforme?

Ez didate ezer esan, gustura gelditu direla uste dut.

Nolako partida izango da?

Bi egun faltan partida gogorra izango dela dirudi, Irujo eta Goñi oso indartsu daudelako. Irujok asko jotzen du eta pilota zital asko altxatzen ditu airez sartzen denean. Goñik tanto gutxi galtzen ditu eta oso atzelari gogorra da. Belokik bikotearen pisua bere gain hartuko du eta Oinatz aurreko aldea gordetzen saiatuko da.

Non egon daiteke partidako gakoa?

Pilotan ez dago gakoetaz hitz egiterik. Gakoak, bakoitzak duen jokoaren arabera, partidaren egunean eta kantxa gainean ikusten dira. Gero, hortaz aparte, beste faktore batzuk ere garrantzia dute: pilota egokia aurkitzeak, hutsen bat goiz eginez gero konfiantzarik ez galtzeak…

Katedraren arabera Irujo eta Goñi III.a faborito garbiak dira. Iritzi berekoa al zara?

Horrek berdin dio, diruak ez du partidarik irabazten. Horrelakorik ezin da aurreratu. Ez ahaztu txapelketa honetan bikote gogor asko bidean gelditu direla. Hasieran Irujo eta Goñi bikote gogorrena ziren eta finalerdietan gorriak ikusi zituzten. Oinatz eta Belokik, berriz, lehen fasea azken postuan bukatu zuten eta finalera zuzenean iritsi dira.

Oinatz pilotari gaztea da eta lehen finala du. Halakoetan botileroaren lana garrantzitsuagoa izaten da?

Hori finalean ikusiko da. Igandean lekuz kanpo dagoela ikusiz gero bideratu egin beharko dugu. Halere, ez dut uste horrelakorik beharko duenik, berak txapelketa gozatu egiten baitu. Motibazioz lepo dago eta ez da ezkutatuko. Kasta berezia dauka, eta hori garrantzitsua da txapelketetako finaletan.

Nola bizi da final bat kontra kantxatik? Asko sufritzen al da?

Tentsio askorekin, pilotariek bezala. Tentsioa beharrezkoa da, pilotariei tentsio hori igorri behar zaielako. Ni ez naiz urduri egoten, ni tentso egoten naiz. Sufritu? Nik partidak telebistan edo harmailetatik ikustean sufritzen dut. Eserlekuan beste inon baino gutxiago sufritzen dut. Eserlekuan nagoenean partida oso motza egiten zait.

Finalerdietan Atanon jokaturiko partidan, Olaizolari eta Zearrari askotan lehortu zenizkien zapatilak. Dirudienez arazoa konpondu dute?

Hala esaten dute. Halere, badaezpada, erreminta eta trapu guztiak prestatuta joango naiz.

Zein izango irten aurreko azken aholkua?

Dakiten moduan jokatzeko, eta, batez ere, tentsioa mantentzen saiatzeko.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE