DANOK LAGUNAK ETA ZUGARRALDE AURREZ AURRE ARIKO DIRA HERNANIKO PILOTALEKUAN

Ohi bezala, BERRIA Txapelketako bi kanporaketa jokatu behar ziren datorren asteburuan, baina klubekin adostasun batera ailegatu ondoren, kanporaketa bat atzeratu egin da datorren astera arte. Zehazki, Intxurreren eta Usansoloren artekoa. Beraz, jaialdi bakarra izango da datorren igandean, Hernaniko Udal pilotalekuan, 11:00etatik aurrera: Ortuellako Danok Lagunak eta Burlatako Zugarralde. Hasiera batean, kanporaketa orekatua bezain ikusgarria espero da bizkaitarren eta nafarren artean. Ondorengoak izango dira partidak:

 

DANOK LAGUNAK – ZUGARRALDE

Kadeteak: De Valles – Acevedo / Villanueva – Lerga

Gazteak: De la Torre – Vega / Baleztena – Ayala

Nagusiak: Lopez Aldai – Lopez / Antso – Alduntzin

 

Kadete mailan faborito izaerarekin kantxaratuko da Zugarraldeko bikotea. Nafarroako pilotaririk onentsuenak dira maila horretan Villanueva eta Lerga, eta lan ona egiten saiatuko dira. Ortuellako De Valles aurrelaria ere maila oneko pilotaria da, eta haren atzelaria Acevedoren jardunean egon daiteke partidako gakoa.

Alderantzizkoa gertatzen da gazte mailan, Ortuellakoak faborito aterako baitira. De la Torre eta Vega esperientzia handiko bikotea da, ondo osatua, eta aski lan izango dute Baleztenak eta Ayalak ezustea emateko.

Gauzak hala, baliteke kanporaketa nagusien mailan erabakitzea. Danok Lagunakeko bikotea Lopez Aldai eta Lopezek osatuko dute, maila horretan urteak daramatzaten bi pilotarik. Freskotasuna galduta eduki arren, esperientzia alde izango dute, eta zail izango da haiek ezustean harrapatzea. Hain zuzen, horretan ahaleginduko dira Anso eta Alduntzin. Maila onean ari dira biak ala biak, eta ikusi beharko da nor gailentzen den: gaztetasuna ala heldutasuna.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE