Denak ados, baina…

Bi bikoteak gustura gelditu dira pilotekin; Olaizola I.a-Zearrak, ordea, aurkarienak kritikatu dituzte

IMANOL MAGRO / Berria

Iragan astean bi bikoteek ez zuten arazorik izan gustuko pilotak aurkitzeko. Atzokoan ere, bai Olaizola-Zearrak, bai Irujo-Goñik euren nahiak ase ahal izan zituzten; enpresa bakoitzak eraman zuen pilota sortak beraien pilotarien lana asko erraztu baitzuen. Olaizolak eta Zearrak larru bueltakoak aukeratu zituzten, Irujok eta Goñik, berriz, larru normalekoak. Kanporaketako lehen partida hainbeste luzatzea ahalbidetu zuten piloten antzekoak dira atzokoak.

Berrogeita hamar bat ikusle gerturatu ziren atzo goizean Donostiako Atano pilotalekuan eginiko aukeraketa ikustera. Iragan igandeko partidan pilotek zeresan asko eman zuten, eta atzoko pilota aukeraketak interes berezia zuen zaleentzat. Juan Martinez Irujok eta Fernando Goñik bizkor aukeratu zituzten pilotak. Bote handirik gabekoak eta frontisetik gutxi irteten direnak. Hirurak larru arruntekoak: 106,8, 105,1 eta 104,9 gramokoak. Asier Olaizola eta Oier Zearra normalean baino luzeago aritu ziren pilotak aukeratzen. Txapelketa osoan bost minutu nahikoak izan dituzte gustukoak hautatzeko; atzo, ordea, oso pentsakor aritu ziren. Azkenean Asegarcekoek, betiko pilotak hartu zituzten. Hirurak larru bueltakoak, 106, 103,8 eta 105,1 gramokoak. Aukeraketaren ostean prentsa aretoan agertu zirenean Olaizola I.ak hautaketa saio luzearen zergatia azaldu zuen: «Gustuko pilotak aurkitu ditugu, nahi genituenak. Luze aritu baldin bagara, gustuko pilota asko aurkitu ditugulako izan da, ez baitugu inolako arazorik izan».Aurkarien piloten inguruan mintzatzean, berriz, nabarmen aldatu zen Olaizolaren ahotsaren doinua. «Iragan astean hartu zituzten antzeko pilotak aukeratu dituzte. Nire iritziz bi pilota zozoegiak dira. Egia da hemen Astelenan baino gehiago iraungo dutela, baina bizpahiru tanto luze jasan bezain laster berdin-berdin motelduko dira». Atzokoan ez zen kazetarien galderarik behar izan Olaizolatar nagusiak pasa den igandeko pilotak hizpide har zitzan. «Lotsagarria da txapelketa batean Astelenan erabilitakoen antzeko pilotak ateratzea. Botearen ostean ez zuten koadro bakar bat ere egiten. Botea aurrerantz egiten zutela zirudien, egun daukan sasoi puntuarekin Fernando Goñi hiru egunez jardun daiteke pilota horiekin jokatzen».

Xehetasunen garrantzia

Aurkariek ez bezala Juan Martinez Irujok eta Fernando Goñik ez zuten piloten kexarik izan. «Gustura gelditu gara, pasa den astean aukeratu genituenen antzekoak dira. Pilotaleku honetan gehiago iraungo dutela espero dugu». Aurkariek harturikoez ere ezer gutxi esan zuten, «bote gehiagokoak» zirela baino ez.

Kantxan gertatzen den legez, prentsa aretoan ere Fernando Goñik agintzen du Aspeko bikotean. Atzoko agerraldian bera izan zen kazetarien galdera gehienak erantzun zituena. Zubiriko atzelaria gizon serioa da, zurruna, eta erantzuten duenean airean zalantza gutxi uzten ditu. «Igandekoa partida orekatua izango da, bi bikoteak sasoi puntu onean gaude eta halakoetan xehetasun txikiek erabaki dezakete». Xehetasun horien inguruan galdetu ziotenean, Atano III. enean, atzean bazterturiko pilotak bueltatzeak duen zailtasuna azpimarratu zuen Goñi III.ak. Ezin zehatzagoa izan.Astelenan jokaturiko partida txapelketako luzeena izan zen. Larunbatekoa antzekoa izan daitekeela azaldu zuen: «Partida datorren bezala jokatu behar da, luze badoa, luze borrokatuko gara. Luzea edo motza? nik ez dut horrelakoetan pentsatzen, nire helburua 22ra iristea da. Bi orduko partida bada, bi orduan ariko gara jo eta ke». Igandeko partidan, azken txanpan batik bat, Martinez Irujo ohikoa den baino gutxiago sartu zen errematera. Iberokoa atzo ez zen iritzi bereko agertu, eta ahal izan zuenean errematea bilatzen saiatu zela azaldu zien kazetariei. Azkenean Fernando Goñi izan zen zalantzak uxatu zituena: «Ondo aukeratu behar da noiz errematatu behar den eta Juan pilotari argia da. Igandean, beraien pilotekin errematatzeko lautik sartu beharra zegoen, eta gureekin min egitea oso zaila zen. Partiden nondik norakoa irakurtzen jakin behar da. Lehia gogortzen ari dela ikustean lanabesak hartu eta gogor lan egiteko prest egon beharra dago». Jokoa eta lana, sinonimoak Fernando Goñiren hiztegian.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE