Amillategi
Duela urtebete, Manista.com orri bere honetan bikotekako finala Donostian jokatzea komenigarria zela aldakarrikatu nuen. Bi aurrelariak Iparraldeko pilotariak izanik, zaletu askori omenaldi gisa partidu hori eskeintzea ideia bikaina zela iruditu zitzaidan. Enpresek beraien interes ekonomiko soila kontutan izanik Gasteizen jarri zuten partidua.
Urtebete beranduago, arrakastatsua izan den txapelketa honi ezin izan diote merezi zuen bukaera eman. Abel Barriola izan da txapelketako pilotaririk sendoena. Beti ere bere bikotearen euskarri izan da, hain zuzen ere, puntu gehien lortu dituen bikotearena. Horrez gainera, Abelek hainbat eta hainbat jarraitzaile ditu, Nafarroan eta beste lurralde batzuetan. Bere izaera orekatua, prestakuntza landua eta gainditu dituen sailtasunek, jaiki egin dute Abelen kotizazioa pilotazaleen bihotzetan.
Egia esateko, ez dut uste erabat arrazoi gabe hartu dutenik erabakia. Erreglamendua (maiz enpresek beraien kabuz bete ez dutena)), beranduago partidua jartzeak izan ditzaken ondorio larriak (1994ko buruz buruko txapelketa esate baterako) eta beste batzuk ere aipatu daitezke. Gertatzen dena da, jendearen ustetan, gehiengoarentzat behintzat, nabarmenegia dela enpresek duten grina diru poltsa bete beterik eskuratzeko, lehenbailen gainera. Asto bati azenarioa musturren aurrean jartzea bezala da. Eta zaletuek azenarioaren usaia indartsuegia dela uste dute.
Enpresek txapelketa guztian zehar zaletuen laguntza eskatu dute, egoera ekonomikoa zaila den garai batean. Zaletuek erantzun dute eta ordainean itxuragabekeri bat jasan behar dute sari bezala. Beraz, zertan ari dira enpresak, erabateko dibortzioa nahi dute zaletuen eta beraien artean? Suizidiorantz abiatzen dira? Daudela adi, gehiegi igarri bait zaie zaletuengandik urruntzeari beldurrik ez diotela. Aurten ere bai.