DIEGOK ETA LOPEZEK ZALANTZAK UXATU DITUZTE

Jai Alai News

* Epaileak hiru bider joan ziren «Zalantzen Txokora».
* Publikoak bikote ahula animatu zuen eta euren tanto bakoitza garaipen moduan ospatu.
* Festa itzela Gernikan, 1.800 zale frontoian eta ehundaka sarrera erosi ezinda.


Eusko Label Winter Series, 6 jardunaldia (B Multzoa)
BEASKOETXEA-LOPEZ vs URKO LEKERIKA-MINVIELLE: 15-8, 15-5


Diego Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek zalantzak uxatu dituzte eta sentsazio onak berreskuratu. Ez guztiak. Oraindik makinaria erabat engrasatu barik dago, baina garaipen bat baina askoz gehiago behar zuten, eta lortu dute. Goitik behera nagusitzea, bai jokoz, bai markagailuan. Euren biktimak David Minvielle eta Urko Lekerikabeaskoa izan dira. Azken hau klubeko mutila, Tambourindeguyren ordezko edo suplente jokatzen ari dena. «Ikasten jarraitu behar dut eta aurrera beti» esan zion partida ostean Ane Muruamendiaraz kazetariari. Frontoia goraino beteta, ahulenen alde jarri zen publikoa eta hauen tanto bakoitza garaipen baten moduan ospatu zuten. David Goliaten kontra. Erraz galduta ere borroka egitea bera, txaloz saritua.

Beaskoetxea eta Lopezek gauza bat egin zuten oso ondo. Hasieratik dena eman. Seta apurtu eta sustorik ez pasa. Beste aukera, norbere burua erraz ikusi eta erdi-suabe hastea da, baina arrisku handikoa izan daiteke edozein partidutan. Konturatu orduko 8-0 jarri ziren faboritoak aurretik eta deskantsuaren ostean etorri zen urdinen erreakzioa.

* Zalantzen txokoa

Urko eta David apurka apurka tantuak egiten hasi ziren eta Lopezen xisteratze batean falta eskatu zuten. Epaileak «Zalantzen Txokora» joan ziren eta arrazoi eman zieten Leke eta Davidi. Pilotak jagia (botea) eman zion Lopezi zestoan. Tantuz tantu, partida estutzen hasi zen. 10-7an egon ziren urdinak gertuen, alde handia zena hiru tantotara murriztuz. Euren ahalmenean sinistu zuten eta berriz jo zuten «Zalantzen Txokora». Lopezi pilotak botea eman ziola eskatu zuten berriz. Epaileek jokaldia errepasatu zuten, baina oraingoan ez zieten arrazoirik eman. Pilotak uztaia jo zuen lehenik, eta ondoren saskira sartu. Baina hori, «buena» da eta ontzat eman zuten Seberrek eta Markuerkiagak. Hor bukatu ziren urdinen esperantza apurrak. Lopezek bere hirugarren hormabikoa sartu zuen jarraian, Minvillek arriskatuz kontrakantxara bota zuen pilota eta Diegok txik-txakean bikain amaitu. 15-8 gorri.

Bigarren seta hasteko txapa gaineko bi bota zituen Beaskoetxeak. 4-0 zioazela epaileak «pasa» adierazi eta «Zalantzen Txokoa» eskatu zuen Diegok. Ez zegoen konforme. Epaileak pantailatxora gerturatu eta euren erabakia berretsi zuten. Pasa izan zen. 6-0 eta 12-1 jarri ziren faboritoak aurretik eta jokoaren azken zatian lortu zuten urdinek, gutxienez, lau tanto gehiago egitea. Hauetako bat, egia esan, bikaina. Zortzi kuadrotik txapa gainera suabe suabe bota zuen Urkok, denak harrituta utziz. Barruko amorrua ere atera zuen eta zailtasunen aurrean pertsonalitatea duela erakutsi. 15-5 bukatu zen seta eta multzo buru jarri dira Diego eta Imanol, Goikok eta Etchetok baino partidu bat gehiago jokatuta.

B MULTZOA

1- Beaskoetxea-Lopez: 4 puntu (+9)
2- Goikoetxea-Etcheto: 4 puntu (+8)
3- Johan-Del Rio: 3 puntu (-1)
4- Tambourindeguy (Urko)-Minvielle: puntu 1 (-16)

* Alex Goitia txapelketan

Datorren astean, 7. jardunaldia. Thomas Urrutia Ameriketara joan ondoren, eta dagoeneko kanporatuta egonik, Alex Goitia markinarrak ordezkatuko du. Nerbio handiko pilotaria da eta iazko urtean Munduko Txapeldun izatea lortu zuen Mexikon, 24 urtez azpikoetan. Abenduaren 12an, Erkiaga-Zabala vs Alex Goitia-Aimar.

* Sailkapenak, egutegia eta emaitzak: 

https://www.eitb.eus/eu/kirolak/pilota/osoa/8992068/20222023-jai-alai-winter-series-txapelketako-sailkapenak-emaitzak-eta-egutegia/

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE