Dinastia Etxabe 2023. Atzoko, uztailaren 31kako, partidetakokronika.
Akats gehiegizko pilota partiduak, aurtengo txapelketari hasiera eman ziotenak atzo arratsean Aitzurin, hutsegite hauek desitxuratu zutelarik hein handi baten pilotariak zenbait unetan eskainitako joko ikuskizuna ia ordubeteko iraupeneko lehenengoan, non bi aurrelari errioxarren arteko lehian tantoak amaitzeko gaitasun faltarik ere nabaritu zen, eta bigarrengoanberriz, hasiera bateko joko tentsio eta bizitasuna azkarregi joan zelako bertan behera, bikote galtzaileak ez zuelako jakin izan eusten norgehiagokaren zamari, eta bererik eman gabe erretiratu beharra izan txapelketatik, pena bat.
Hauexek emaitzak:
1. GUTIERREZ-PEÑALVER 12 FERNANDEZ-AZPIROZ22
2. LIZEAGA-CUAIRAN 6 ETXEBERRIA-LOZA 22
Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea: 0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-6, 4-6, 4-8, 6-8, 6-11, 7-11, 7-12, 8-12, 8-14, 10-14, 10-15, 12-15, eta 12-22 Fernandez eta Azpirozen alde.
Tantoen banaketa:
• GUTIERREZ: egindakoak 2 eta galdutakoak 9.
• PEÑALVER: egindakoak 2 eta galdutakoak 5.
• FERNANDEZ: egindakoak 5 eta galdutakoa bakarra.
• AZPIROZ: egindakoak 2 eta galdutakoak 8.
Pilotariei buruz:
• Sergio GUTIERREZ, San Cosme Pilota Elkartetik jokatzen duen Logroñoko aurrelaria asko saiatu zen, eta lan asko egin ere bai, baina tantoak amaitzeko errekurtso askorik gabeikusi genuen une erabakigarri askotan, eta bikote lagunaren eskuko arazoak gehituta horri, ezinezkoa egin zitzaion partidua aurrera ateratzea.
• Jonan PEÑALVER, Paz De Ziganda Ikastola Pilota Elkartetik jokatzen duen tafallartar pilotaria, eta iazko jubeniletako txapelduna. Penatuta joan ze etxera. Sendo hasi zen, pilota astinduz ere bai tarteka eskuinez, eta bere atzelari lanak ondo eginaz. Zerbait mingarria sentitu zuen ordea eskuin eskuan, eta erremedioak jartzen saiatu bazen ere pare bat aldiz, ez zuen lortu bere esku on hori behar bezala babestuta jartzea, pilotari ematerakoan minik ez izateko moduan alegia. Azkenerako luze egin zitzaion lehia, eta bere joko mailatik behera aritu beharra izan zuen.
• Jorge FERNANDEZ, Gutierrez bezala, San Cosme Pilota Elkartetik jokatzen duen Fuenmayorko pilotaria. Elkartekidearen gisan, lan asko egin zuen eta tantoa egiterako orduan hark baino erraztasun gehixeago erakutsi ere bai, bost egin zituen denera, baina ez lioke kalterik egingo errekurtso gehiago izateko saiakerak egitea. Gabezi hori, defentsa lanetarako duen gaitasunarekin konpentsatzen du hein baten ordea, pilota bakarra galdu zuelarik ia ordubeteko partiduan.
• Adrian AZPIROZ, Irurtzungo semea, eta bertako Pilota Elkartetik jokatzen duena. Hasiera zalantzagarria eman zion norgehiagokari, pilota nahiko errazak galduaz, eta eskuin eskuarekin pattal, ezin gozatuz pilota. Pixkana pixkana, bere buruarekin konfiantza hartzen zioan bezala, beldurrik gabe kolpea tiratzen hasi zen pilotari ordea, eta ezker eskuinez pilotakada politak eman ere bai. Galdu egin zuen gehiegi, baina egindako partiduarekin nahiko gustura amaitu ote zuenaren trazak hartu genizkion.
Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea: 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 2-7, 3-7, 3-8, 5-8, 5-16, 6-15 eta 6-22 Etxeberria eta Lozaren alde.
Tantoen banaketa:
• LIZEAGA: egindakoak 4 eta galdutakoa 7.
• CUAIRAN: egindakorik ez eta galdutakoak 9.
• ETXEBERRIA: egindakoak 6 eta galdutakoak 2
• LOZA: egindakoak 2 eta galdutakorik ez.
Pilotarien jokoari buruz:
• Uñaut LIZEAGA, Astigarragako Mundarro Pilota Elkartetik jokatzen duen pilotaria. Gogotsu eta zerbait itxurosoa egin nahian kantxaratu zen, baina bikote lagunaren sendotasun falta nabariak eragina izan zuen bere jokoan eta ohartu zenerako ihes egin zioen partiduak.Aukerako pilotetan tanto ikusgarriak egin zituen, baina hain aukerakoak ez zirenetan tantoa egitera sartu ere bai eta batzuetan pilota galdu eta bestetan aukerako pilota jarri aurkariari. Aurrelaria izanik ere, eta bidezkoa den bezala tantoa aurre koadroetan egitea gustatu, pilotara ondo jarri eta atze koadroetara astintzen saiatu behar luke, denerako gaitasuna bai du. Gaztea da eta ziur ikasiko duela.
• Javier CUAIRAN, Nafarroako erriberako Cortes herriko pilotaria. Ezin ezer onik esan atzo egin zuen lanari buruz.Pilota errez asko galdu zuen, eta aurreko koadroetan bikote lagunak utzitako pilota frankoekin ere ez zuen minik egiten asmatu.
• Oihan ETXEBERRIA, urte amaieran hamazortzi urte egingo dituen Oiartzungo pilotaria.Txukun jokatu zuen. Aukerako pilotetan tantoak eginez, ezker gantxoz bezala botera joaz pilota, eta sakatzeko orduan ere ondo. Egia esanda askoz gehiagorako ez zuen eman atzoko partiduak baina baditu pilotari itxurak.
• Carmelo LOZA, Baños Del Rio Tobiako semea, eta herri bereko Barberito Iº Pilota Elkartetik jokatzen duena. Bera izan zen partiduko pilotaririk onena. Bezperan Billabonan, Xantio Txapelketako finala jokatuta etorri zen arren, ez genion nabaritu gabeziarik alde horretatik, baina besteetatik ere ez. Hasieratik amaieraraino, gogotsu eman zioen pilotari, atzeko koadroetan nagusituz, aurreko koadroetara etorriaz sortzen ziren zuloak betetzera, eta huts bakar bat ere egin gabe. Oso ondo. Etxeberriaren kasuan bezala esan behar baita ere, uste baino errazago jarri zizkiela lanak atzo aurkariek.
Gaur, asteartea, abuztuak 1, 23 urtez azpikoen mailako bigarren jardunaldia:
1. EGIGUREN-OLIDEN / APEZETXEA-Jon LAZKOZ
2. OSKOZ-ERLE / Unai AMIANO-GABIRONDO /
Zumaiko Kirol Elkartea