Hara hemen atzo arratsean Zestoako frontoian gertatutakoaren berri, kuartos edo final laurdenei zegozkion bi pilota partidei buruz. Hauexek emaitzak:
– IRIBARRIA-ETCHEVERS….22 GOIKOLEA-ANDUEZA….13
– OTAMENDI-SANTXEZ………11 JAUREGI-TOLOSA……….22
Jubenil mailako norgehiagokan Iker Iribarria aurrelari Aramarra nabarmendu zen besteen gainetik. Sakatuz norabide onean, dozenerditik gora zuzenean egin zituenak era honetan, eta bueltan iristen ziren pilotei berriz naiz gantxoz eskubira naiz zuzenean ezker orma bilatuz, luze edo txokoan utziaz, tanto zorta ederra egin zuen, 17 guztira. Simun Etchevers Donibane Lohitzuneko atzelariak ere, pilota bat edo beste galdu arren, lagundu zion beharra izan zuen garaian. Galtzaile egokitu zirenen aldetik Jon Goikolea Amurrioko aurrelariari detaile politak ikusi genizkion eta atzo egin zuena baino gehiago egiteko gai dela ere badakigu. Tenperatura aldetik ez izan arren aitzakirik, hotz xamar somatu genuen. Andoni Andueza Huarte Arakilgo atzelariak ere ez zion behar hainbeste lagundu, batez ere sake ekartze lanetan, eta gerriko gorridunen 22garren tantoa nahi baino azkarrago ikusi zuten galtzaileek markagailuan.
Bigarrengo norgehiagokak hiru zati desberdin izan zituan. Lehenegoan eta 9garren tantorarte Jauregui eta Tolosak eraman zuten aginpidea. Gero pilota aldatu eta Otamendi eta Santxez 10 eta 9 jarri ziren aurretik. Partida estutu egin zen eta bazirudin 22garren tantora iristea kosta egingo zitzaiela edonori ere. Ez ordea, ia zuzenean joan ziren garaile egokitu zirenak bertaraino. Azpimarratzekoa Xabier Tolosa, Anoetarra bainan azken urtetan Zazpi Iturri elkartean debilen pilotariak egin zuen partida ederra. Nahiz eta lauretan pilotaririk gazteena izan txalogarria izan zen bere portaera. Norgehiagoka maldaz gora jartzen ari zitzaien garaian ere maixutasunez jokatzen jakin zuen, sake zailak ekarri eta ziurtasun haundia eskeiniaz atze koadroetan Iban Jauregui Zarauztarrak tantoak egin zitzan aurrean. Galtzaileen aldetik Joanes Otamendi Azpeitiarrak tanto politak egin zituen bainan gehiago egin behar zituen batzuk galdu ere bai. Jokin Santxez, Astigarragako seme eta Amezketako Zazpi Iturri pilota elkartearekin entrenatu eta jokatzen dabilen pilotariak aurrerakada haundia egin du jubenil mailatik nagusien mailara pasa den urtebete honetan eta gehiago egin dezakela ere ikusten da.
Gauzak horrela erabakita gelditu dira aurtengo final erditarako partidak zeintzuk bikotek jokatuko dituzten:
– Abuztuaren 21an, astearte arratsean:
– OLANO-Ander IMAZ // ALTUNA- Xanet IMAZ Jubenil mailan, eta
– SANTXO-GALARZA // URIONA-PEREZ 23 urtez azpikoen mailan
–
– Abuztuaren 23an, ostegun arratsean:
– LARRAÑAGA-EROSTARBE // IRIBARRIA-ETCHEVERS Jubenil mailan eta
– DORRONSORO-AIZPURU // JAUREGI-TOLOSA 23urtez azikoen mailan.
Finalak, Abuztuak 30 ostegun arratsean.