Josu Iribar
Zestoara joandako pilotazaleak, kopuru onean atzo, nahi baino azkarrago amaitu ziren ikusmin haundia sortarazitako bi norgehiagokak, hauexek emaitzak:
– OLANO-Ander IMAZ………..22 ALTUNA-Xanet IMAZ………9
– SANTXO-GALARZA………..22 URIONA-PEREZ……………9
Ohartzen zeraten bezela gerriko gorridunak izan ziren nagusi markagailuan, emaitza berarekin gainera, bainan baita ere jokoan.
Jubenilen norgehiagokan, kuartosetakoan bezela, garbi ikusi zen Anartz Olano eta Ander Imazek bikote ona egiten dutela. Aresoarrak iaz erakutsi zigun pilotarako dohai onak dituala eta aurten iazko baieztatu besterik ez da ari egiten. Pilotari bizi ematen dio bere berezko esku ezkerrarekin eta serio portatzen daki kantxan. Sakeaz gain jokatzea tokatzen diren pilotetara sartu eta aurrekaldean tanto politak egin zituen atzo ere bainan baita ere bere atzelariari jokatzen utziaz. Oiartzuarrari buruz esan mejora dezentea nabaritu diogula ihaztik aurtengora, pilota “brillo” haundiarekin ateratzen zaiolarik bere bi eskuetatik. Gauzak horrela atzoko Jokin Altuna eta Xanet Imaz baino bikote sendoagoa behar zuen izan norgehiagoka parekatzeko. Mermatuak etorri ziren atzo Zestoara gerriko urdina jantzita kantxara atera ziren Amezketa eta Segurako pilotaria. Xanet Imaz pilota behar bezela jo ezinean somatu genuen partida guzian zehar eta Altuna on bat izan balu ondoan gutxixiago nabarituko zen bainan honen eskuak ere ez ziruditen zaudenik egin zuena baino askoz gehiagorako. Hala ere sake restoan langudu eta aurre koadroetan bere markako hiruzpalau tanto eder egin zituan.
Nagusien mailako norgehiagokan Xabier Santxo Usurbildarra izan zen nabarmendu eta partida hautsi zuena. Sakearekin, ia bigarren koadrorino joanaz pilotarekin batera, min haundia egiten du eta gainontzeko pilotetan ere eman egiten dio pilotari bai erasoko jokaldietan, txapa gain txokora, ezker gantxoz zabalera edo eta luze atze koadrotara, baita ere defentsa edo jaso behar diren pilotetan, aurkari aurrelaria gailenduz sarritan. Kerman Galarza Galdakoztarrak ere ondo lagundu zion bere atzelari lanetan. Galtzaile egokitu zirenen aldetik aipatu behar Gontzal Uriona Markinarrak ezin izan zuela Santxoren jokoari aurre egin. Miguel Perez Gasteiztarrak aldiz, naiz eta sake restoan pilota bat edo beste galdu zituen, ezin esan gaizki jokatu zuenik. Lan asko pilatu zitzaion atzean bainan ezker eskubiarekin pilotakada ederrak jo zituen.
Bihar osteguna, Abuztuak 23, jokatuko dira bigarren final erditako partidak:
– Zestoan eta gaueko 10etatik aurrera:
– LARRAÑAGA-EROSTARBE // IRIBARRIA-ETCHEVERS Jubenil mailan eta
– DORRONSORO-AIZPURU // JAUREGI-TOLOSA 23 urtez beheragoko mailan.