.
Bi norgehiagoka luze bezain estuak atzo jokatu zirenak Aitzurin, hasiera emanaz 50.urteurreneko ekitaldiari, azken unerarte ezin izan genuelarik jakin ze bikote aterako ziren garaile eta hurrengo fasean jokatzeko aukera izango zutenak. Hauexek emaitzak:
1. OSKOZ-Javier ALTUZARRA 20 / ARIZTEGI-AGIRRE 22.
2. MURUA-OLIDEN…………… 21 / IGOA-LAZKOZ…… 22.
Lehenego partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-2, 2-2, 2-5, 3-5, 3-6, 5-6, 5-14, 7-14, 7-15, 8-15, 8-16, 10-16, 10-18, 16-18, 16-20, 18-20, 18-21, 20-21 eta 20-22 Ariztegi eta Agirren alde.
Tantoen banaketa:
OSKOZ: egindakoak 6, galdutakoak 4.
Javier ALTUZARRA: egindakoa bakarra, galdutakoak 10.
ARIZTEGI: egindakoak 7, galdutakoak 5
AGIRRE: egindakoa bakarra, galdutakoak 8.
Pilotarien jokoari buruz:
• Javier OSKOZ. Txukun aritu zen, bere ohiko mailan, langile eta partidua aurrera ateratzeko bere baliabide denak erabilita, sakeak bazterretik atereaz ere bai markagailuan alde dezentearekin atzeratuta geratu zirenean, aurkariak bere lekutik atera eta norbere esparrura ekartzen ahaleginduzjokoa. Eta lortu ere bai neurri batean, garaipena oso garesti jarriaz aurkariei azkenean. Joko arloan bezala, beste ahalegintxo bat egin behar luke ordea pilotari nafarrak bere puntualtasuna hobetzeko, ordua jo eta gero iritsi bai zen atzo ere pilotalekura, estu eta presaka batean behar bezala prestatzeko denborarik gabe, pilotari eta pilotazaleak horren zain zituela.
• Javier ALTUZARRA. Trakets eta pilotara ondo jarri ezinda partidaren lehen zati luze batean, pilota frankoei kolpea behar bezala ez eransteaz gain, galdu ere asko egin zuelako. Ez zen bere egunik onena izan, partidu amaieran aitortu zuen bezala pilotari errioxarrak.
• Oier ARIZTEGI. Oso langile eta jokoaren erantzukizuna bere gain hartuaz aurrelari lekaroztarra. Abiadura ematea lortu zuen pilotari, eta horrekin kantxan zuloak sortarazi ere bai, bere atzelariari lana erraztu, eta tanto sorta polit bat eginaz era guztiko erremateekin, ezkerrez besagain jota ere bai. Ondo beraz.
• Gaizka AGIRRE, baztandarra bikote laguna bezala, eta pilota elkarte berekoa ere bai, Iruñako Oberenatik jokatzen bai dute biak orain. 2019an jubenil mailan jokatu zuenetik etorri gabe zegoen Aitzurira, eta orduan bezain pilotari jarraitzen duela izaten esan behar. Aurkariaren jokoaren arabera, pilotara ondo jartzeko gaitasuna du, eta esku gozoa izanik, ezkerrez bezala eskuinez pilota libratzen daki frontisetik, pilota zail askoak ekartzeko ere moldatzen delarik, botera bezala airez. Kilo batzuk soberan ditu ordea eta, zangotako zaintiraturen bat bitarteko, bere jokoak beherakada nabaria izan zuen partidaren azken zatian, asko sufrituz eta, bikotekidearen laguntzaz, aurrera ateratzea lortu bazuen ere.
Bigarrengo partiduko markagailuaren ibilbidea: 2-0, 2-4, 5-4, 5-7, 6-7, 6-8, 8-8, 8-10, 12-10, 12-11, 15-11, 15-12, 17-12, 17-14, 18-14, 18-16, 19-16, 19-19, 21-19, 21-22 Igoa eta Lazkozen alde.
Tantoen banaketa:
MURUA: egindako tantoak 11, eta galdutakoak 4.
OLIDEN: egindako tanto bakarra, eta galdutakoak 9.
IGOA: egindako tantoak 8, eta galdutakoak 5
LAZKOZ: egindako tanto bakarra, eta galdutakoak 4.
Pilotarien jokoari buruz:
• Ander MURUA. Oso partidu ona berea, Aitzurin jokatu duen onena zalantzarik gabe. Martxa handia ezarri zion norgehiagokari, eta bere ekarpena funtsezkoa izan zen lau pilotariak eskaini zuten pilota ikuskizunerako. Hamaika tanto egin zituen eta 4 galdu, hauetako hiru ezker airezko errematetan beheko txapak ere bere eginkizuna bete zuelarik. 17 eta 12ko paradan partidua bideratua zutela zirudien arren, eta 21 eta 19koan irabazteko moduan ere bai, ez zen horrela gertatu, hurrengo fasera pasatzeko txartela galdu izanaren penaz gain, amorru puntu bat ere azalduzuelarik azken tantoaren ondoren. Ez zen gutxiagorako.
• Aratz OLIDEN. Partidu ona jokatu zuen oriotarrak. Zezen gogorra tokatu zitzaion parean, eta lan asko egin behar izan zuen norgehiagokari eusteko, pilota zail asko ekarri beharraizan zuelarik 10 eta 11garren koadroetatik, aurrelari aurkariari errematerako aukerak kenduaz gainera batzuetan. Hasieran ez hainbeste, baina pilotaka ederrik ere jo zuen gerora, aurreko koadroetara etorri eta bikote lagunari laguntzen jakin zuen bezala. Erabakiorrak baina, partiduaren azken txanpan galdu zituen bizpahiru pilota, aho gustu mikatzarekin geratzeko nahiko izango zirenak ziurrenik, bere eta bikote lagunaren disgusturako.
• Josu IGOA. Txukun jokatu zuen etxarriaranaztarrak, aparteko distirarik gabe ordea. Tanto politik egin zuen,baina galdu ere erraztxo aukeran. Iaz baino puntutxo bat beheraxeago dago agian, eta hori nabaritu egiten da jokoan. Pilotaria da ordea eta, nahiz eta txispa gutxiagorekin izan, norgehiagoka aurrera ateratzen jakin zuen, bikote lagunaren laguntza eskergaitzarekin jakina.
• Jon LAZKOZ. Muruarekin batera bera izan zen norgehiagokari kalitatea eta kantitatea jarri ziotenak. Hainbeste pilotakada emateko apenas galdu zuen. Bi esku on ditu eta behartu gabe jotzen du pilota, erraz. Atzetik aurrera etorriaz ederki eransten dio kolpea pilotari eta,aparteko indar erakustaldirik gabe, bizi ateratzen zaio eskuetatik, eta urrun jarri ere bai. Pilotari dotore bezain gustagarria arbizuarra. Bera ikusita, erraza dela dirudi pilotan jokatzea.
Datorren astelehenean, abuztuak 1, jokatuko dira azken zortzirenetako beste bi norgehiagokak 23 urtez azpikoen mailan:
1. FERNANDEZ-CUAIRAN / ZUBIZARRETA-ALBENIZ
2. KARREGAL-LIZEAGA / IRRIBARRIA-ODRIOZOLA