Dinastia Etxabe 2023. Atzoko, abuztuaren 18ko, partidetakokronika.

SANCHEZ-CALVO eta DE LA FUENTE-APEZTEGIA, aurtengo ekitaldiko lehen bikote finalistak, asko kostata lorturik txapelak lehiatzeko txartela gazte-jubenil mailako pilotariak, eta inork uste baino errazago aldiz 23 urtez azpikoak, nahiz eta markagailuak adierazten duen adinako diferentziarik ez egon lau pilotariak eskainitako jokoan.

Hauexek emaitzak: 

1. SANCHEZ-CALVO 22 IBARLUZEA-ELORZ 15

2. DE LA FUENTE-APEZTEGIA 22 ETXEBERRIA-LOZA 5

Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea: 3-0, 3-3, 4-3, 4-4, 7-4, 7-5, 9-5, 9-8, 10-8, 10-12, 14-12, 14-13, 16-13, 16-14, 18-14, 18-15 eta 22-15 Sanchez eta Calvoren alde.

Tantoen banaketa:

• SANCHEZ: egindakoak 8 eta galdutakoak beste 3.

• CALVO: egindakorik ez eta galdutakoak 8.

• IBARLUZEA: egindakoak 3 eta galdutakoak 5.

• ELORZ: egindakoa bat eta galdutakoak 9.

Pilotarien jokoari buruz:

• Daniel SANCHEZ, Oberena Pilota Elkartetik jokatzen duen Iruñako aurrelaria.  Oso ondo jokatu zuen, serio eta pilotari abiadura emanez, bosteko koadrotik atzera kokatuz ere bai behin baino gehiagotan, eta pilota astintzearekin batera,aurkari atzelaria behartu eta jokoa aurreko koadroetara ekartzea lortuaz. Zortzi tanto egin zituen, eta horietatik lau, ezker gantxo zoragarriz. Finaleko txartela lortzeko baina, ezinbestekoa izan zen norgehiagokaren bigarren zatian erakutsi zuen maisutasuna, eraginkortasun handiz, 10 eta 12 galtzen egotetik, 22 eta 15 irabaztera iritsi zelako, bikote lagunaren laguntza eta guzti.

• Markel CALVO, Markinako Pilota Elkartetik jokatzen duen herri bereko  atzelaria.  Partiduaren lehen zatian ondo jokatu zuen, kantxan ondo mugituz, eta gerria sartuaz pilota atzeratzea lortuaz ere bai eskuinez. Gero larriago ikusi genuen, ezkerrez ekarri behar ziren hiru pilota galduaz ere bai, eskuinarekin jota nolabait, eta bere buruarekin konfiantza pixka bat galdu izan balu bezala. Aipatu bezala, bere bikote lagunaren ekarpen esker gaitzak balio izan zion ordea berriro jokoan sartu eta partidua aurrera ateratzeko.

 

• Oier IBARLUZEA, Lazkaoko Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari urretxuarra. Hasiera ona eman zion partiduari, pilota bizi ateratzen zitzaiolarik bere ezker eskutik, eta sakearekin ere min eginaz, nahiz eta bat luzeegi joan zitzaion. Bere 3 tantoak garai honetan egin zituen. Baina oro har, zeregin honetan kamuts ikusi genuen, norgehiagoka luzeegi ere egin zitzaiolarik azkenerako, ez nekearengatik nahiz eta luze joan lehia, tantoa egiteko modurik ez zuelako ikusten, eta nahi eta ezin batean aritu zen pilotan, tantoak aurkarien markagailura eroriaz behin eta berriz.

 

• Oier ELORZ, Zaratamoko semea eta bertako, Upo-Mendi, Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelaria. Pattal samar ekin zion partiduari, pare bat pilota erraz galduaz ere bai sake eramaten, eta azken laurdenetako pilotari bera ote zen zalantzak ere sortu araziz pilotazaleei. Baina ke ba, aurrekoan ikusitako bera zen, laster hasi zelarik bere ezker ona lanean eta pilotakada ederrik jo zuen. Eskuinak ez zioen atzo aurrekoan bezala funtzionatu ordea, ziurtasun gutxiagorekin ikusten zitzaion esku horrekin. Nolanahi ere, eta urtebete gazteago izanik, atzelari aurkaria baino gehiago izan zen.  

 

Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea: 2-0, 2-2, 8-2, 8-3, 15-3, 15-4, 20-4, 20-5 eta 22 eta 5, De La Fuente eta Apeztegiaren alde.

 

Tantoen banaketa:

• DE LA FUENTE: egindakoak 11 eta galdutakoak 2.

• APEZTEGIA: egindakoak 2 eta galdutako bat.

• ETXEBERRIA: egindakoak 2 eta galdutakoak 6

• LOZA: egindakorik ez eta galdutakoak 3.

Pilotarien jokoari buruz:

• Aingeru DE LA FUENTE, Irurtzungo Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelaria eugitarra. Partidu bikaina jokatu zuen, hasieratik amaieraraino, oso zentratuta aritu zen egin behar zuen lanean, eta bera jokoa erabakigarria izan zen azken emaitzan. Hamaika tanto egin zituen eta bi galdu, eta hauek ere eraso jokoan. Bi eskuekin egin zuen min, eskuinarekin sake bidez, zital eta pozoitsu atereaz, eta ezkerrarekin gutxitan bezala, botera bezala airez, eta aipagarriak gantxo bidez egindako seiak. Iaztik aurtengora saltotxoa egin du gora, kolpez ere gehiago da eta tantoa egiteko orduan, gaitasun gehiagorekin ikusten zaio.

• Unax APEZTEGIA, Eneko Belokiren ordez jokatzera etorri zen atzelari elizondotarra, eta Iruñako Oberena Pilota Elkartetik jokatzen duena. Oso partidu ona jokatu zuen, bai horixe. Esker eskuinez pilotari dotore eta gozo eman zion, gorputza apenas behartu gabe, pilota denetara ondo jarri eta, gerria kurioso sartuaz, atzetik aurrerako abiadan, eta saltotxoa eginaz ere bai zenbait kasutan, kolpea erantsiaz pilotari. Partidu guzian seguru aritu zen, eta bigarren zatian nabarmen nagusitu ere bai zen atzeko koadroetan, bi tanto ere egin zituelarik. Konfiantza ematen duen horietako atzelaria da, eta pilotan jokatuko duena zalantzarik gabe.

 

• Oihan ETXEBERRIA, oiartzuar aurrelaria eta herri bereko,Oiarpe, Pilota Elkartetik jokatzen duena. Klase handiko bi tanto egin zituen, baina hortik aurrera, azpimarratzeko moduko lanik ez. Eta ez zen erraza atzo ondo jokatzea, aurrean zeukan bikoteak eginikoa ikusita, hauen lan bikaina tarteko, ez zuelako apenas aukerarik izan aurreko koadroetan tantoak egiteko, hau izanik bere arma nagusiena. Saiatu zen nola nahi ere hain aukera onak ez ziren pilotekin tantoa egitera, baina behartuta, eta ia denetan galtzaile.

 

• Carmelo LOZA, Baños del Rio Tobiako pilotaria, eta bertako Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelaria. Lan asko egitea tokatu zitzaion, eta lan zaila gainera, ez zelako brometako kontua atzo De La Fuente aurrelari aurkariak ateratako sakeak ekartzea, eta nola ekarri gainera, atzetik aurrera etorri eta eskuinez kolpe gozoa erantsiaz pilotari. Bikain arlo honetan. Bi kenduta, beste sake pozoitsu denak ekartzea lortu zuen, eta modu honetan jokoari jarraipena ematea lortu ere bai. Ezkerra juxtu samar ote zuenaren trazak hartu genizkion, baina eskuinarekin egindako ekarpena txalotzekoa izan zen.

Datorren astelehen eta asteartean jokatuko dira, ostiral 25eko finalak osatzeko geratzen diren finalaurretako partiduak:

• Abuztuak 21ean, eskuzkoei dagozkienak:

1. Gazte-jubeniletan: ZABALETA-GOIBURU / EGURROLA-SOTIL(*)

2. 23 urtez azpikoetan: Unai AMIANO-GABIRONDO /APEZETXEA-JON LAZKOZ

(*) Julen SOTIL, Beteluko pilotaria eta Larraungo Pilota Elkartetik jokatzen duenak ordezkatuko du Alvaro CANSECOlogroñotar errioxarra, jokatzeko ezintasun bat fortunatu izanagatik honi.

• Eta abuztuak 22an berriz, zesta puntazkoei dagozkienak:

1. BASTERRA-URANGA / Gonzalo AGIRRE-CABANILLAS

2. Cosme AGIRRE-IBARLUZEA / Eduardo AGIRRE-ATAIN

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE