Dinastia Etxabe 2023. Atzoko, abuztuaren 1ko partidetakokronika.

Partidu onak, atzo Aitzurin jokatutako biak, kalitate onekoak eta gogor lehiatuak, parte hartu zuten zortzi pilotarien aldetik.

Hauexek emaitzak: 

1. Iker EGIGUREN-OLIDEN 16  APEZETXEA-JonLAZKOZ 22

2. OSKOZ-ERLE  17 Unai AMIANO-GABIRONDO 22

Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea: 0-4, 2-4, 2-10, 5-10, 5-11, 7-11, 7-17, 11-17, 11-18, 12-18, 12-19, 14-19, 14-21, 16-21, eta 16-22, Apezetxea eta Jon Lazkozen alde.

Tantoen banaketa:

• EGIGUREN: egindakoak 6 eta galdutakoak 4, hauetako bat, kantxaren egoerarengatik. 

• OLIDEN: egindakorik ez eta galdutakoak 4.

• APEZETXEA: egindakoak 14 eta galdutakoak 4.

• Jon LAZKOZ: egindakoa 1, eta galdutakoak 5.

Pilotariei buruz:

• Iker EGIGUREN. Ilunpe Pilota Elkartetik jokatzen duen azpeitiar aurrelaria. Ondo aritu zen, abiadura emanez pilotari, hutsegite nabarmenik egin gabe, eta tanto politak eginaz. Baina hau dena ez zen nahikoa izan atzoko norgehiagoka irabazteko. Beste zerbait behar, egindako tanto gehiago hain zuzen ere. Eta hartutako apuntetan begiratuz gero, garbi ikusten da non dagoen hutsunea, ezker gantxoz egindakoetan, bakarra egin zuen eta gehiago egin behar parean zeukan pilotariaren jokoa hausteko. Saiatu zen bere lekutik ateratzeko aurkari zuen aurrelari goizuetarra, baina ez zuen lortu nahi bestetan egitea, eta ezin irabazi.

• Aratz OLIDEN, Lazkaoko Pilota Elkartetik jokatzen duen Orioko atzelaria. Ondo jokatu zuen, eta denbora luzez parez pareko norgehiagoka mantendu ondoren atzelari aurkariarekin, hau gailentzea ere lortu zuen partiduaren azken zatian. Atzelariari bezala egin behar zioen aurre baina aurrelariari ere, eta sarri askotan etorri behara izan zuen ezker horma inguruko zonalde hori zaintzera, lagunari pilota eskatu eta sendotasun handiagoa emanez euren arteko bikote jokoari.  

 

• Beñat APEZETXEA, Erreka Pilota Elkartetik jokatzen duen goizuetar aurrelaria. Asko eta ondo jokatu zuen, hasiera hasieratik partiduko protagonista nagusi izatera pasatuz. Bere joko polifazetikoa medio, alde batetik bestera dantzan ibili zituen aurkariak, eta horretarako, lehenik eta behin eraso jokoan min egiten jakin zuen aukerarik txikienak ere aprobetxatuz, eta bigarrenik, defentsa lanetan ere ondo baino hobeto moldatu zen. Tiro azkarreko ehiztaria dugu goizuetar hau ere, baina eskopeta azkar kargatzen duena ere bai hurrengo tirorako. Galdutako pilotarik ere izan zuen, erasoan batik bat, eta sakea luzeegi joandako bat,hauetan.

 

• Jon LAZKOZ. Irurtzungo Pilota Elkartetik jokatzen duen Arbizuko atzelaria. Oso ondo hau ere, iaz baino brillo gutxiagorekin pilota astintzerako garaian, baina frontiseko altuera bilatu, eta ezker bezala eskuinez pilota bakoitza gozatuz, dotore. Pilotaria izanik, gorputza asko behartu gabe daki jokatzen, eta nahiz eta aurkariak ahalegindu ziren bere partzelara bideratzen jokoa, ondo erantzuten jakin zuen, eta azken aurreko tantoa berak egin ere bai, aurreko koadroetara etorri eta, ondo egindako ziztada baten bidez, pilota inork jasoko ez zuen lekura bidaliaz.

Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea: 1-0, 1-2, 7-2, 7-4, 9-4, 9-5, 12-5, 12-9, 13-9, 13-16, 14-16, 14-17, 15-17, 15-18, 17-18 eta 17-22 Unai Amiano eta Gabirondoren alde.

Tantoen banaketa:

• OSKOZ: egindakoak 8 eta galdutakorik ez.

• ERLE: egindakorik ez eta galdutakoak 9.

• Unai AMIANO: egindakoak 12 eta galdutakoak 6

• GABIRONDO: egindakorik ez eta galdutakoak 4.

Pilotarien buruz:

• Javi OSKOZ. Arraitzen jaio, Lantzen bizi, eta Oberena Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelaria. Partidu ona jokatu zuen, eta ez zuen merezi izan galtzerik. Ez zuen tanto bat bera ere galdu eta zortzi egin, eta izan zituen aukeretarako, asko da hori. Bere jokoari buruz esan behar, defentsa lanetan beti izan duen sendotasuna mantentzen duela, etaeraso jokoan salto bat egin duela gora, sakearekin ere min gehiago egitetik hasita, baina batez ere aurreko koadroetakotantoak egiterako orduan, jarrera ausartago batekin, zehaztasun handiko erremateak eginaz. Triste, eta galdu izanaren penaz geratu zen.

• Iñigo ERLE, Lazkaoko Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelari oinatiarra, eta iazko 23 urtez mailako txapeldunetako bat. Oso txukun eta fresko sartu zen partiduan, beti ere galdu ohi dituen pilota bat edo beste galduaz, baina ondo. Norgehiagokaren bigarren zatian ordea, bere jokoak beherakada nabarmena izan zuen. Lan asko egitea tokatu zitzaion, zazpiko koadroaren atzetik gehienetan, eta batzuetan dezente atzerago ere bai, 8garren koadro inguruan botea egindako Amianotar gaztearen pilotak ekarri nahian. Lan zail hauetan ibiltzearekin batera, nekatu eta ahuldu zenaren itxurak hartu genizkion, eta ezaugarri txarrak hauek, edozein lanetan ere ondo aritzeko. 

 

• Unai AMIANO. Tolosako Pilota Elkartetik jokatzen duen Irungo aurrelaria, eta norgehiagoka erabat hautsi zuena bere bigarren zatiko joko distiratsuarekin. Galdu beharrekoak ez ziren zenbait pilotekin huts egin bazuen ere, egindakoekin,dozenako kopurua osatu zuen, eta bada zerbait. Berez ezkerra izanik, eskuina ere ez du txangoa, baina esku onarekin egiten du min, pilota abiada ikaragarrian jarriaz, aurreko koadroetan bezala atzekoetan, eta kontutan hartzeko gauzak noski, bai horixe.

 

• Arkaitz GABIRONDO. Tolosako Pilota Elkartetik jokatzen duen Gazteluko atzelaria. Juxtu samar hasi zen, eta eramateko ezer txarrik ez zuten pare bat pilota galduaz ere bai, bere buruarekin konfiantza gutxitxo balu bezala edo. Baina bere jokoak hobera egin zuen norgehiagoka aurrera zioan heinean. Ezkerrez txukun aritu zen eta eskuinarekin pilotakada dotorerik jo zuen. 

Datorren ostegunean, etzi abuztuak 3an, jokatuko dira azken laurdenetako lehen partiduak:

1. Gazte-Jubeniletan: LABAKA-Urtzi EGIGUREN / IBARLUZEA-ELORZ

2. 23 urtez azpikoetan: DE LA FUENTE-BELOKI / FERNANDEZ-AZPIROZ

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE