Dinastia Etxabe 2023. Atzoko, abuztuaren 21ko, partidetakokronika.

EGURROLA-SOTIL eta APEZETXEA-LAZKOZ, eskuzko finalak jokatzeko sailkatu diren bigarren bikoteak, gerriko urdinez atera ziren biak hain zuzen ere, parez pareko norgehiagoka polit eta entretenigarri bat irabazi ondoren jubenil mailakoak, eta uste baino errazago 23 urtez azpikoak, nahiz eta hauetan ere bazen  jubenil urtekorik, Beñat Apezetxea, adinez bakarrik baina jubenila, maisutasun handiarekin jokatu eta partiduko protagonista nabarmena izatera iritsiaz.

Hauexek emaitzak: 

1. ZABALETA-GOIBURU 20 EGURROLA-SOTIL 22

2. Unai AMIANO-GABIRONDO 11 APEZETXEA-LAZKOZ22

Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea: 0-2, 3-2, 3-4, 6-4, 6-6, 7-6, 7-9, 9-9, 9-12, 10-12, 10-13, 14-13, 14-17, 17-17, 17-19, 20-19, eta 20-22 Egurrola eta Sotilen alde.

Tantoen banaketa:

• ZABALETA: egindakoak 15 eta galdutakoak beste 9.

• GOIBURU: egindakorik ez eta galdutakoak 5.

• EGURROLA: egindakoak 6 eta galdutakoak 4.

• SOTIL: egindakoa bat eta galdutakoak 2.

Pilotarien jokoari buruz:

• Oier ZABALETA, aurrelari oiartzuarra eta Oiarpe, herri bereko Pilota Elkartetik jokatzen duena.  Odol beroko pilotaria, bere domeinuko pilotei atzera pasatzen uzten ez dioena, dili eta dale, erasoan bezala defentsa lanetan, eta denetan ezin asmatu jakina. Hamabost tanto egin zituen, airez bezala botera, boleaz bezala botiboleaz, eta pilotari bizi emanez ia beti. Tanto ikusgarriak asko, baina galdutakoak ere bai, bederatzi. Baina tira, ez dira hain zenbaki txarrak hala ere. Kontua da, bikote lagunari utzi beharreko pilota dezentetara sartu zela, eta aurkariari pilota ahoko zuloan utzi ere bai zer nahi egiteko, eta azkenean, gehiago izanik, partidua galdu.

• Artea GOIBURU, Segurako atzelaria, eta Lapke, LazkaokoPilota Elkartetik jokatzen duena.  Txukun aritu zen pilotan, ezkerrez bezala eskuinez, eta pilotakada ederrik jo zuen. Baina gehiago ere jokatuko zuen aurrelariak utzi izan balio, ez honek jokatzen utzi nahi ez zioelako, duen pilota gose eta hau jo gabeko ezin egonak horretara bultzatzen duelako baizik, behin baino gehiagotan barkamena eskatzera iritsiz horregatik. Eta ziur, aurrelari oiartzuarraren joko dinamika honek ez zioela mesederik egin seguratar atzelariari, jarraipen batekin ezin zuelako jokatu hain zuzen ere, eta kontuak kontu, finala jokatzeko aukerarik gabe geratua behintzat azkenean hau ere.

• Mikel EGURROLA, Markinako Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari etxebarritarra. Bera laukoteko gazteena, eta bera partidua irakurtzen ondoen jakin zuena. Lan asko egin zuen, eta lan ona. Ez zen nabarmendu tanto hilera luzerik egin izanagatik, sei denera, hauetan izan zelarik benetan ikusgarririk, horma bikoz botera ezkerrez egindako bat bezala, sendotasun handiz jokatzen jakin zuelako baizik. Bi eskuekin pilotari bizi eman zioen, erasoan bezala defentsa lanetan, tanto denak hil edo bizi borrokatuz, Zabaletak, hogei eta hemeretzi irabazten zela egindako horma bikoaren atzetik joan zenean bezala, kontrakantxa lurrean arrastaka zela pasa, eta eseri lekuetarako eskaileren kontra eskuineko belaunean kolpe handia hartuaz. Zorionez kolpea bakarrik izan zen eta aldageletatik buelta bat egin ondoren, gogotsu jarraitu zuen pilotan, eta norgehiagoka irabazi ere bai azkenean, agerian utziaz, atzelari sotilagoarekin ere gai dela maila honetako partiduak aurrera ateratzeko.  

 

• Julen SOTIL, Beteluko pilotaria eta Lekunberri inguruko Larraungo Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelaria. Partidu txukuna egin zuen, ezker eskuinez “buena” asko eginaz eta aurkariak, beste pilota bat jotzera behartuz ia beti. Baina jakin zuen zenbait pilota bizi astintzen, atzeko koadroetara luzatu eta tanto bat egin ere bai horrela. Baina gehiagotan egin behar luke hau, pilota frankoei kolpea tiratzen saiatuz, horretarako izan zituen beste aukera nabarmen batzuetan, nahiago izan zuelako aurreko koadroetan moztea pilota. Eta ondo dago hau egiten jakitea, baina min gehiago egiten da holako kasutan, pilota atzeratuz. 

 

Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea: 0-2, 3-2, 3-6, 6-6, 6-10, 8-10, 8-11, 9-11, 9-12, 10-12, 10-14, 11-14, eta 11-22 Apezetxea eta Lazkozen alde.

 

Tantoen banaketa:

• Unai AMIANO: egindakoak 4 eta galdutakoak beste 4.

• GABIRONDO: egindakoak 2 eta galdutako 8, kantxaren egoera txarragatik hauetako bi.

• APEZETZEA: egindakoak 9 eta galdutakoak 3

• Jon LAZKOZ: egindakorik ez eta galdutakoak 3.

Pilotarien jokoari buruz:

• Unai AMIANO, Tolosako Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelaria irundarra. Oso hasiera ona eman zion partiduari, lau ezker gantxo bikainekin beste horrenbeste tanto eginaz. Bere atzelaria atzeko koadroetan garbi nagusitzen ari zen garaiko kontuak ziren horiek. Aurrerantzean ere saiatu zen joko dinamika honi eutsi eta norgehiagoka aurrera ateratzeko ahaleginetan, baina hasieran adinako eraginkortasunik gabe, eta gerriko urdinek atera zuten pilota berriak ere izan zuen zerikusirik honetan. Motelxeago beraz hemendik aurrera irundarra, eta atzeko koadroetan gauzak orekatu zirenean, ihes egin zioen partiduak. Txapelketa ona jokatu du amianotar gazteenak, baina gehiago ere joka dezake, zenbait garaitan beldurtu bezala egiten delakotantoak erabakitzeko garaian, eta ausardi puntu bat falta zaio, bere buruan gehiago sinetsi eta lotsagabeago jokatubehar luke, aurreko koadroetan pilota gehiago mugituz.  

• Arkaitz GABIRONDO, bikote laguna bezala, Tolosako Pilota Elkartetik jokatzen duena, baina Gaztelutarra hau izatez. Lehenengo pare bat pilota galdutakoak kenduta, hasiera bikaina eman zioen partiduari eta dotore bezain nagusi jokatu ere bai, atzeko koadroetara luzatutako piloten artean bi iritsi zirelarik tanto izatera. Baina norgehiagoka aurrera zioan hala, bere nagusitasuna ahultzen joan zen, eta partiduaren bigarren zatian pilota gehitxo galdu zituen, ez izanik hauek denak bere erruarengatik, pare bat kasutan behintzat, kantxaren zenbait zonetako egoera ez onarengatik, pilota oso motz geratu zitzaiolako baizik. Ez zuen kexarik jarri baina gaztelutarrak, eta eskertzekoa bere jatortasuna, kantxan bezala kantxatik kanpo. Txapelketa ona jokatu du, eta segi egin behar lanean, ezkerrez bezala eskuinez pilotan jokatzeko duen gaitasunari sendotasun gehiago emateko.

 

• Beñat APEZETXEA, Erreka, Doneztebeko Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari goizuetarra. Partiduko protagonista nagusia eta aurkarien joko dinamika ona hautsi zuen pilotaria, praktikan jarri zuen joko ausart eta burutsuarekin alde batetik, eta hau egiteko lagunduko zioen pilota egokia aukeratzen jakiteagatik ere bai bestetik. Bederatzi tanto egin zituen eta batzuk ikusgarriak benetan, aukerarik txikiena ikusten zuen garaian errematera joanaz, ezker gantxoz bezala botera ziztada biziz moztuaz pilota, txokora bezala zabalera. Eta aipatzeko modukoak  bere merituz markagailura igo ziren 7garren eta 12garren tantoak, non lehenengoan tanto luze baten ondoren amaiera eman zion honi, goxo-goxo frontisaren kontra utziaz pilota behetik gorako posturan joaz eskuinarekin, eta bigarrengoanberriz, non Amianoren sake bati erantzunez, hankak bostgarreneko koadrotik atzera zituela, boleakada zirraragarri batekin txaparen gainean joarazi pilota eta ia boterik ere egin gabe geratu zenarekin, Amianok eskua sartzeko modurik ere ez zuela. Maisutasun handiz jokatu zuen goizuetarrak, bikain.

 

• Jon LAZKOZ, Irurtzungo Pilota Elkartetik jokatzen duen Arbizuko atzelaria. Juxtu samar atzo, batez ere partidu hasieran. Baina pilotaria izan, eta nahiz eta bi aurkari jotzaile handi izan aurrean, hauen joko erauntsiari eusten jakin izan zuen, eta urak pixka bat baretu zirenean, euren pare eta gehiago izatea lortu ere bai. Ondo beraz.  

Gaur, abuztuak 22, jokatuko dira zesta puntako finalaurrekoei dagozkien bi partiduak, eta bada aldaketarik:

1. BASTERRA-URETA(1) / Gonzalo AGIRRE-CABANILLAS

2. Cosme AGIRRE-DIAZ(2) / Eduardo AGIRRE-ALDAZABAL(3)

(1) URETA, URANGAren ordez, biak zumaiarrak

(2) DIAZ gernikarra, IBARLUZEA markinarraren ordez

(3) ALDAZABAL berriatuatarra, ATAIN markinarraren ordez

Eta ostiralean, abuztuak 25ean, arratseko 9tatik aurrera baita ere, FINALAK: 

1. Zesta puntaz, gaurko bi bikote irabazleen artekoa.

2. Eta eskuz jarraian:

a. SANCHEZ-CALVO / EGURROLA-SOTIL, gazte jubenil mailan

b. DE LA FUENTE-APEZTEGIA / APEZETXEA-Jon LAZKOZ 23 urtez azpiko mailan

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE