DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA

Ez da alperrik egindako bidaia izan bart arratsekoa Zestoara, ez horixe. Kolore bakarreko lehenengo partida azkar baten ondoren bigarrengo luze eta eder bat ikusteko aukera izan genuen finalaurrekoetako lehenengo jardunaldian, hasierakoaren gogortasun eta joku parekotasun falta majo estali zualarik ondorengoak. Hauexek emaitzak:

1. ZUBIRIA-ESKUDERO….03 / ELORDI-OTADUY……….…..…22
2. AZKETA-AIZPURU……..22 / ERRANDONEA-MARTINEZ..17

Jubenil edo gazte mailako partidan Iurreta pilota elkarteko bikoteak oso errez gainditu zuen Zazpi Iturrikoa, eta hau Elordi Mallabiko aurrelariaren joku erakustaldi baten ondorioz batipat. Sakearekin min haundia eginaz eta bueltan etorritako pilotetara kontenplaziorik gabe errematatzera sartuaz bata bestearen atzetik igoaz joan ziren tantoak gerriko urdindunen markagailura, 17 eta 1 eta 21 eta 3koaren ondoren 22garrenera iritxi zirelarik orduerdi eskas batean.
Esan bezela Aitor Elordi bilakatu zen partiduko protagonista eta, bere merituz edo eta atzelari aurkariaren faltaz ere, sakez egindako 8 tantoz gain beste 7 ere egin zituen aurrekoadroetan, denak ezkerrez; 4 airez zabalean, 2 baita ere airez baina txokoan utzita, eta beste bat botera kontrakantxan zehar gurutzatuaz pilota. Gogotsu eta ausart zalantzarik gabe.
Bere bikote lagun Gorka Otaduy Berriztarrari lan gutxi egitea tokatu zitzaion atzo, baina zegokiona ondo egin zuan eta ez du edozeinek egiten hori. Ezker eskubi pilota bizi ateratzen zaiola eskuetatik ikusi degu orain arteko bi partidetan eta horretaz gain txorakeri gutxi kantxan, bere lekua zaindu eta laguna babesten dakielarik behar den kasuan.
Xabier Zubiria Berrobitar aurrelaria ahalegindu zen Elordiren eraso jokoari aurre egiten, bere kontran jokatuz, baina galtzaile atera zen gehienetan. Tanto bat egin zuen eta 4 galdu.
Ander Eskudero Leitzako atzelari bikote laguna berriz etzen fin ibili atzo, ez zirudien aurreko partidako pilotaria ikusten ari ginenik. Asmatu ezinik behar bezela jartzen pilotara partidan zehar, jaso gabe gelditu zitzaizkion sakezko pilota gehiegiz gain astindu beharreko pilotetan ere miñ emateko moduan pilota jotzea lortu gabe.

Zorionez, eta kopuru haundiz bertaratutako pilotazaleen gozamenerako, lehiakortasun gehiagoko ikuskizuna eman ziguten jarraian kantxaratu ziren lau pilotariak. Atarikoan aipatu bezela, joku maila oneko norgehiagoka gogorra ordu eta laurden inguruko iraupenaren ostean gerriko gorriz atera ziren beteranoen alde eroritakoa, gazteagoen irabazi ez izanaren pena eta damuaren aurrean. Azketak zabalean egindako tanto eder batekin partidua amaitu ondoren bertaratutako publikoaren esker oneko txalo zaparrada adierazgarri baten aurrean egokitu zitzaien pilotariei atzo, elkarri bostekoa eman eta aldegeletarako bidea egitea. Asko izan ziren ordea partidan zehar gogotsu txalotutako tantoak, ez amaitutakoan bakarrik, tantoak egiteko adina merituko pilotak batak besteari jaso ondoren berriro tantoa mamitzen hasi beharreko pare bat joku garaitan ere. Ondo pilotariak, eta pilotazaleak ere bai.
Banan bana aipatuz eta garaileen aldetik hasita, Beñat Azketa Beasaindar aurrelariaren beste partida aipagarri bat atzokoa, hirugarrena Uztailaren 25eko aurrekanporaketa abiapuntutzat hartuta. Serio eta langile, beti aurpegia emanez, bai defentsan eta bai erasoan, eta aurkariak dantzan jarriaraziz bere joku aberatsaren ondorioz, ezker aireko posturan jarriaz aukerako pilota denetara, batzuetan jotzera sartuaz eta bestetan kiñu eginaz atzelariari pilota onak utziaz luze atzeratzeko. 13 tanto egindakoak aurrekoadroetan era guzietako jokaldiekin, botera nahiz airez: goitik behera boleaz eskubiz 4, ezker gantxoz zabaleratuz eta txokoan utziaz 3, txapa gainean botez bazterreratuz 3, dejadaz zabalean 2, eta botez baita ere ezker ziarraz kontrakantxan zehar pilota gurutzatuz beste bat. 6 pilota galdu zituan baina hoeietatik 3 erasoan eta beste 2 sake restoan airez atzelariari pilota txarrak kendu nahiean. Ondo benetan Tartaloetxe Zegamako pilota elkarteko pilotaria.
Bere bikote lagun Andoni Aizpuru Azpeitiarrak ere partida ona jokatu zuen. Sendotasun haundia eskeintzen du atze koadroetan, pilota gutxi galdu eta aurkari aurrelariari airez sartzeko aukera gutxi emanez. Aurrekoadroetara ere badaki etortzen behar den garaitan, zuloak beteaz batzuetan, eta pilota atzera luzatzeko ere bai frontiseko goiko losei neurria ondo hartuta bestetan. 3 pilota galdu zituen eta hoietako bat sakerestoan. Egindakoak 2 kontatu genizkion atzera luze jotako pilotekin, baina ziur gehiago ere izango zirela aurkari atzelariaren ezker-eskubizko bolea ona ez balute bidean aurkitu.

Galtzaile suertatu zen Bera Bidasoako bikotearen aldetik azpimarratu beharrekoa, daukaten adinerako goiko mailan jokatzeko erakutsitako gaitasuna zalantzarik gabe. Biak batuta ere oraindik 34 urte osatzera iritxi ez diren arren sendotasun haundiko bikotea, ikasi beharreko gauzak badituztelarik noski, eta gehienbat erasoko lanari dagozkienak.
Ander Errandoneak 5 tanto egin zituen aurrekoadoetan eta beste bost galdu baino horietako 3 erasoko jokaldiekin. Konpromiso haundiko partidua ere bai eta urduri xamar atera zela nabaritu genion Inaxioren semeari, eta kosta egin zitzaion erasoko jokoari etekina ateratzea. Behin ere ez zuen etsi ordea eta norgehiagokaren bigarren zatian gehixiago asmatu zuen, eta horren seinale ezker airez bazterrean utzitako pilotekin egindako 2 tanto txalogarri.
Iñigo Martinez bikote lagunari ere pilotari on bat izateko zantzu edo trazak hartu genizkiola esan behar. Gorputz ederra, anka azkarrak eta bi esku on ditu, eta biekin pilota frontisetik errez libratzen baldin badu ere, nahiz ezkerrez naiz eskubiz atzera goitik doazen pilotak boleaz jota ekartzeko daukan erreztasunarekin arrituta gelditu ginen. Etorkizun haundiko pilotaria zalantzarik gabe, eta bide horretan pilotari abiadura ematen ikasi behar duena, naiz bazterrera moztuaz naiz atzera luzatuz pilotaren bila joanda.

Eta besterik ez atzokoari buruz, bihar osteguna Abuztuak 21 bigarren finalaurreko jardunaldia eta jokatzeko aukera irabazita daukaten pilotariak honako hauexek:

1. Jubenil edo gazte mailan…. ETXEBARRIA-SALEGI / MATXINANDIARENA-URIZAR
2. 23 urte arteko nagusikoan.. ARRIETA-ATXA……… / E.LABAKA-IRUSTA

Zumaiako Kirol Elkartea.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE