DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA 2013. XLIIgarren ekitaldia

Pilota saio ederra atzo arratsean Zestoan ikusitakoa, hara emaitzak:

– URIONA-IRUSTA…………………..13 // SANTXO-LASA…………22
– URRETABIZKAIA-AIZPITARTE…..22 // AGIRRE-GALARZA…….18

Lehenengo norgehiagokan gerriko urdineko Santxo-Lasa bikotea nagusitu zen, hasieratik hartu zutelarik abantaila markagailuan Xabier Xantxo aurrelari Usurbildarraren joko erasokorraren eraginagatik eta Aitor Irusta Munitibarko atzelariaren hiruzpalau pilota galtze nabarmenengatik. Sartu zen ordea arrastoan atzelari gerriko gorriduna eta bai mugituarazi ere gainontzekoak. Ezker eskubiz pilotakada bikain eta postura dotorean jotakoekin, eta ez atzera bakarrik baizik goitik behera ezker ormaruntz pilota ondo bideratuz ere bai botez eta aidez, garbi pasa zen agintzera kantxan bainan Adur Lasa atzelari Etxarriarrak dena ekartzen zuen atze koadrotatik eta Santxok tarteka amaitu ere bai ezker gantxo bizi batzukin, aurrez sotamanoz eta botez atzera pilota luzatu ondoren.
Gontzal Uriona aurrelari Markinarra ezinean ibili zen eta ez zuen jakin bere atzelariaren nagusitasunaz baliatzen tantoak egiteko orduan aukerako pilotetan, gutxitan ausartu zelarik errematatzera eta sartu zenean ere eraginkortasun haundirik gabe. Adur Lasa Etxarriko pilotari gaztea, hiruzpalau pilota galdu arren, txukun aritu zen pilotan bere bikote lagun Santxo eta aurkari Irusta izen zirelarik ia ordubeteko partidan ikuskizunik onena eman zutenak.

Hasierako partidan gauza onak ikusi bagenituen ere ondorengoa izan zen, zalantzarik gabe, aurrekanporaketako lau partidetatik onena. Gogorra eta kalitate haundiko norgehiagoka eskeini ziguten kantxaratutako lau pilotariak, Urretabizkaia-Aizpitarte bikote gerriko gorriduna nagusitu zelarik azken zati obeago bat eginez.
Hasieran, eta partidako hiru laurdenak bete arte ere bai, gerriko urdineko Agirre-Galarza bikotea joan zen markagailuan aurretik. Kerman Galarza Galdakoztarra ohi bezela bikain, eta Asier Agirre Burlatako aurrelari fina berriz klase haundiko tantoak eginez aurre koadroetan.
Gerriko gorridunak, euren faltaz baino aurkarien merituz ez ziren nagusitzen jokoan. Hamabostgarren tantoan ordea, 50 minutuko partida gogorra ari zirelarik jokatzen lau pilotariak ere, gerriko gorridunak markagailua berdindu eta partida irabazi zezaketen seinaleak ematen hasi ziren. Beñat Urretabizkaia Ikaztegietako aurrelaria egiten ari zen joko biziak eta bere lagun Eneko Aizpitarte atzelari Hernaniar finaren ziurtasunak bere emaitzak ematen hasi zen eta ordurarte hain sendo ibili zen Galarza atzelariaren jokoa bajatzen hasi ere bai, Agirre aurrelariak ez zuelarik aukera garbiko pilotarik izaten aurre koadroetan. Partidaren azken laurden honetan, eta 10 eta 2ko partzial batekin, hurrengo faserako txartela lortu zuen bikote gerriko gorridunak.
Urretabizkaia izan zen pilotaririk onena 12 tanto egin zituelarik, 4 sakez, ezker gantxoz 2, ezkerrez zabalera botez beste 2, txokoan moztua 3 eta atzean luze jota beste 1. Bere bikote lagun Aizpitartek ere oso partida ona egin zuen, azkeneko zatian nagusitu zitzaiolarik Galarzari atzeko koadroetan.
Agirre oso ondo aritu zen errematean aurrekaldean pilota hartzeko aukera izan zuen arte eta gero berriz ez hainbeste, ezinean tanto batzuk ere galdu zituelarik azken zatian. Egindakok 8 eta gehienak “markakoak”, 4 pilota txokoan utzi eta moztuta, eta beste 4 ezker gantxoz. Hauetako batean eta partidaren azken zatian, Urretabizkaiak min hartu zuen ukalondoan pilota eraman nahian irristan exerlekuetako bekaldearen kontra jota. Ez al du behintzat golpeaz gain aparteko arazorik izango hurrengo konpromisoetarako!!.
Kerman Galarza, lehen esanda bezela, bikain partidaren hiru laurdenak arte eta ordurarte egin behar izan zuen lan haundiaren eraginaren ondorioko beherakadak aldatu zuen partidaren norabidea. Norgehiagoka irabazteko aurrelariaren laguntza gehiago behar zuela nabaritu zen pilota atzeko koadroetara bialtzeko garaian baina Agirrek, eskuetatik juxtu eta tako askorekin nunbait, ez zion lagundu behar hainbeste harlo horretan.

Aurrekanporaketa faseko lau bikote garaileak erabakita jada, atxeikita doakizue egutegi eguneratua, bihar osteguna Abuztuak 1 Zestoan gaueko 10tatik aurrera jokatuko direlarik azken laurden faseko lehen bi norgehiagokak:

– Jubenil mailan……..…..LARRAÑAGA-ERASUN……. // ETXEBARRIA-IRURETAGOIENA
– 23 urtez azpiko mailan..DORRONSORO-URRUZOLA // ETXANIZ-AIZPURU.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE