DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA 2013. XLIIgarren ekitaldia

Zumaiako Kirol Elkartea

ERRANDONEA-AGIRRE jubenil mailan eta URRETABIZKAIA-AIZPITARTE, nagusi 23 urte artekoan, dira aurtengo finalerdiak osatzeko sailkatu diran azken bi bikoteak. Hara hemen bart arratsean jokatutako bi partidetako emaitzak:

 

– ERRANDONEA-AGIRRE….22 // BAKAIKOA-ALDUNTZIN……..…..14

– BENDOIRO-PEREZ………..20 // URRETABIZKAIA-AIZPITARTE….22

 

Jubenil mailako partidan, garaile izan ziren gerriko gorridunak ez zioten hasiera ona eman norgehiakokari eta aldiz galtzaile suertatu zirenak bai, eta berehalako batean sei eta huts jarri ziren aurretik markagailuan gerriko urdindunak. Erreakzio azkar batekin, eta pixkabat kantxan finkatu ondoren Errandonea eta Agirre biak ere, 7 eta 6 buelta eman zioten markagailuari, eta 13 eta 9tik 20 eta 10erainoko alde nabariak ezarriaz, 22 eta 14 nagusitu ziren azkenean 50 minutuko norgehiagokan.

Ander Errandonea Bera Bidasoako aurrelari gaztea izan zen lauretan onena. Ausart jokatu zuen eta, aipatutako hasiera zalantzagarriaren ondoren, berak hartu zuen jokoaren ekimena eta garbi agindu ere bai kantxan. Hamabost urte bakarrik izateko, garaiera eta itxura ederreko pilotaria dago egina, eta bi esku onen jabe izaki, era guztietako posturetan jotzen du jada pilota. Hamabi tanto egin zituan, goitik beherako boleaz jotako 4, eta hoietako bi esku ezkerrarekin jota gainera, sakez 3, ezker gantxoz beste 3 eta txokoan utzita azkeneko 2ak. Defentsa lanetan ere ondo, atzelariari lagunduz sakea ekartzen airez sartuta, eta sotamanoz eta botera ere atzera luzatuz pilota. Bost pilota galdu zituen eta hauetako bat berak jo eta bueltan zetorkiola.

Aitor Agirre Gasteizko atzelariak ere ez zion hasiera ona eman norgehiakokari, bi pilota garbi galduaz lehenengo tantoetan. Bainan hortik aurrera ondo jokatu zuela esan behar, beste pilota bat bakarrik galdu zuelarik, eta hau aurrekaldean tantoa egin nahian. Oso txukun aritu zen pilotan, ezker eta eskubiz.

Galtzaile suertatu zirenen aldetik Joanes Bakaikoak, Etxarri Aranazko aurrelariak, garbi erakutsi zuen pilotari pilotaria dela. Lehen esan degun Errandoneak bezela era guzietako posturak ditu pilota maneiatzeko baina, oraingoz behintzat, ez du Beratarraren gorputzik eta ondorioz ez eta ere jokoan nagusitzeko baliabiderik, atzelariak ez badio zeregin horretan laguntzen. Bi tanto egin zituen eta hiru galdu eta hauetako bat ezker gantxo aparteko bat marraren gainean punpa egindakoa.

Aitor Alduntzi Burlatako atzelaria ere ez zen gustora joango etxera ziur aski atzo, naiz eta hasiera txukun bat eman zion eta txokoan moztutako bi pilotekin beste bi tanto egin ere. Pilota gehitxo galdu zuen eta ezin izan zuen agindu atze koadroetan, aurrekoetan tantoa egiteko aukerako pilota gehiago hartzeko zain zuen bitartean bere aurrelaria.

 

Jarraian, nagusi, 23 urte artekoen mailan jokatutako norgehiagoka izan genuen, buelta ederra eman zuelarik markagailuak. 1-1, 3-3 eta 5-5 parekatuta joanik hasieran, 8-5, 10-7, 15-9 eta 17-12 alde nabarmenekin aurretik izan ziren gerriko gorridunak, bainan 17-16 tanto bakarrera urreratu ere bai gerriko urdindunak, Aizpitartek pilotakada eder bat goiko txapatik gora bidali zuenean eta 18-16 eta 20-18ko abantail politak hartuaz berriz ere Bendoiro-Perez bikoteak. Ez zuen etsi ordea Urretabizkaia-Aizpitarte bikoteak eta aurrekanporaketako partidan bezela azken zati on bat egin ondoren 20-22 irabaztea lortu zuten eta finalerdietarako txartela lortu ere bai. Norgehiagoka luzea eta gogorra izan zen benetan. Atzelariak aurrelariak baino hobeto jokatzen jakin izan zuten, jokoaren ekimena Migel Perez Gasteiztarraren aldetik etorri zelarik, beheraxiago zehaztu bezela.

Banan bana bakoitzak egin zuen lana aipatuz, Beñat Urretabizkaia Ikaztegietarra ondo, pilotari abiadura emanez baina galdu behar ez diren pilota gehitxo galduz ere bai atzo, sei denera galdutakoak. Egin zituanak 5 aldiz eta hoietako bat une erabakiorrean eskubira ateratako sakez egina, pilotak faltaren marratik urbil punpa egin eta askorik altxa gabe bertan behera eroritakoa.

Bere bikote lagun Eneko Aizpitarte Hernaniko atzelariak partida oso ona jokatu zuen atzo ere. Aurkari haundi bat izan zuen parean baina bere joko erasokorrari eusten jakin izan zuen eta azken zatian eutsi baino gehiago ere bai. Zartada haundiko atzelaria ez da baina oso pilotaria bai eta inungo zalapartarik gabe, jokatu egiten du pilotan. Hamaika pilota txar ekarri beharra izan zuen atze koadroetatik!! Hala ere, eta erasoan goiko koltxoira botatakoa kontatuz, hiru pilota bakarrik galdu zituen. Bainan beste hiru egin ere bai ordea, bat atzean, bestea txokoan utzita, eta hirugarrengoa, 12garrena eta 17-16rainoko hurbilketa ekarriarazi zuena, ezker gantxo kategoriko batekin egina eta izugarrizko txalo zaparrada batekin Zestoako frontoiko pilotazale adituak eskertzen jakin izan zuena.

Galtzaileen aldetik Gaizka Bendoirok, Erasungo aurrelariak, gauza politak egiteko gaitasuna baduela garbi erakutsi zuen baina, atzo behintzat, tantoak egiteko aukerako pilota denak ez zituen aprobetxatu, eta batzuk suerte txarrez juxtu juxtu lekuz kanpora joandakoak ere bai, baina beste batzuk garbi eraman edo eta tantoa egin beharrekoak zirenak, eta galdu zituanak, ikusita esan beharra dago ez zuela jakin bere bikote lagunak atze koadroetan erakutsitako nagusitasunaz baliatzen partida irabazteko. Esan baita ere 17-15 zioazten garaian ziztadaren bat izan zuela ezker iztarrean eta horrek ere pixkabat mermatuko zuela bere errendimendua.

Eta aipamen berezi bat egin behar Perez atzelariari atzo egin zuen lanarengatik. Ikaragarri eman zion pilotari, ezker eta eskubiz eta brillo haundiz gainera. Baina alde batetik Aizpitartek egindako lan onarengatik pilota karretuan, eta bestetik bere bikote lagunak ez zuelako bere egunik onena izan, premiorik gabe gelditu zen eta buru makur joan ere etxera finalerdietara ez sailkatuaren penetan, eta jakitun aurtengoa izan dela, 23 urtekin, bere azkenengoa Dinastia Etxabe txapelketan parte hartzeko. Ez genuke pekaturik egingo esanez gero atzo Perezek ez zuela galtzerik merezi baina bistan da ez zuela irabazi, eta tokatzen den giza portaera jator batekin onartzen jakin izan zuela emaitza eta aurkarien garaipena, zorionduaz hauek ondo merezita irabazi zutelako esanik bide batez. Beste urtetan ere hartu du parte Perezek txapelketa honetan baina iaztik aurtengora hobekuntza nabaria egin duela esango genuke, eskubiz gain ezkerrarekin ere libre emanez pilotari eta ziurtasun haundiarekin ibiliaz kantxan pilotaren atzetik.

 

Erabakirik jada finalerdiak, atxeikitako egutegia eta kartelak hauen lekuko, hara hemen datorren asteartean, Abuztuk 20, gaueko 10.00tatik aurrera jokatuko diren pilota partidak:

 

– Jubenil mailan………………….ETXEBARRIA-IRURETAGOIENA…// LARUNBE-SARASA

– Nagusi, 23 artekoen, mailan…DORRONSORO-URRUZOLA……..// ARRIETA-Ander IMAZ.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE