DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA 2013. XLIIgarren ekitaldia

Zumaiako Kirol Elkartea

UGALDE-Xanet IMAZ Jubenil mailan, eta URRETABIZKAIA-AIZPITARTE nagusi 23 urte artekoan, finalak jokatzeko sailkatu diren bigarren bikoteak. Hara hemen atzo arratsean Zestoan jokatutako bi pilota partidetako emaitzak:

– UGALDE-Xanet IMAZ……………22 // ERRANDONEA-AGIRRE..………16
– SANTXO-LASA…………………..15 // URRETABIZKAIA-AIZPITARTE…22

Gogo haundiz lehiatutako norgehigokak biak, eta zortzi pilotariak lana eginda joan zirela etxera esan behar ordubetera iristeko minutu gutxiren faltan gelditu ziren bi pardidetan. Honen arira azpimarratu norgehiagokak iraun zuten hiru laurdenak arte parekotasun haundia ikusi zela jokoan, 15 eta 13 eta 15 eta 15eko tantu kopuruak bistaratuz markagailuak. Bainan hortik aurrera urruntzen joan ziren biak, jokoa eta tanteoa, eta bi partidetan gainera. Garaileak bikote sendoxiagoak bezela agertu ziren eta hasieran hartutako martxari eusten jakin ere bai. Galtzaileen jokoak aldiz beherakada bat izan zuen bi partiden azken zatitan, atzelarien aldetik eta fisikoki batipat, aurrez egindako lanaren eraginez noski.

Jubenil mailako partidako ekimen edo iniziatiba Andoni Ugalde Oiartzuarraren aldetik etorri zen, baina ez dena ongi egin zuelako. Hamaika tanto egindakoak eta bederatzi pilota galdutakoak, baina hauetako bost erasoan. Klase haundiko pilotaria da eta tanto ikuskagarriak egin zituen, ezker gantxoz 1, eta ezker airez baina ormaren kontra luzatuz beste 2. Hauez gain eskubitik eskubira sakez eginiko 1, txapa gainez baztarrera eskubiz jota 2, txokoan utzita 1, zabalean dejadaz beste 1 eta atzera luze joaz 3. Defentsa lanetan ondo ibili zen eta aurkariaren joko erasokorrari ondo egin zion aurre.
Xanet Imaz Segurako atzelariak, naiz eta 6 pilota galdu, agintzen jakin zuela esan behar atze koadroetan eta partidaren azken zatian garbi nagusitu ere bai, aurrelari bikotekideari tantoa egiteko aukera oneko pilotak jarriaraziz. Atzera luze jotako pilotakada batekin tanto bat ere egin zuen.
Galtzaileen aldetik esan behar zuten guzia eman zutela eta Errandonea gaztearen lana azpimarratu behar batipat. Ugalderi aurre egin zion partidaren lehenego unetik hasita, bere atzelariak partidari eusten jakin zuen arte, honi ere lagunduaz sake restoan airez, sotamanoz eta botera ere bai 5garren koadroraino joanda, bai ezker eta bai eskubiz. Saiatu zen errematatzen ere, baina Ugaldek ondo erantzun zion gehienetan eta 2 tanto bakarrik lortu zuen egitea. Bainan naiz eta tanto gutxi egin zuen, eman egiten dio pilotari eta horrexegatik ere bai atzo Ugaldek hainbeste pilota galdu izana behar bada erasoan, errematatzeko pilota onak ziruditenak ere bazutelako, ikusten ez den bainan nabaritu beharreko zailtasuna. Orokorrean partida ona jokatu zuela esan behar, eta kontuan izanik bere adina eta noren kontra jokatzen ari zen, joku maila ona atzo ere Anderrek erakutsitakoa.
Nagusi, 23 urte arteko, mailako norgehiagokak intensitate eta bizitasun haundiko hasiera izan zuen, 4 eta 4, 5 eta 8 eta 6 eta 10 jarri zelarik aurretik markagailuan URRETABIZKAIA-AIZPITARTE, gerriko urdineko bikotea. Hamazazpiarren tanto gogorra jokoan, eta 4 pilotariak heuren lekuetatik kanpo zebiltzela, Aizpitarte atzelariak aurrean tanto egin nahian txapapera botatako pilota bat galdu ondoren bikote gerriko gorridunak sakea berreskuratzea lortu zuen. Santxoren merituz batipat, zital atereaz sakeak, urreratu ziren markagailuan tanto bakarrera, 9 eta 10. Ondoren 9 eta 12 aurreratu berriro garaileak eta 12garren zenbakian bigarren berdinketa. Hurrengo sei tantoak luzeak eta gogorrak izan ziren, batez ere atzelarientzat, bikote bakoitzak hiru egin zitualarik eta 15ean berdinduak jarri berriro markagailuan. Bainak hemendik aurrerakoa desberdina izan zen, bikote batek jarraitu egin zion bitartean ordurarteko martxari, bestea behera etorri zen eta 15tetik 22ra zuzenean joan ziren garaileak. Urretabizkaia, Aizpitartek ondo lagunduta, nabarmendu zen partidaren azken zati honetan pilotakada ederrak bidaliaz atze koadroetara eta aurrean ere ondo amaituz tantoak. Hauexek pilotarieri buruzko beste aipamen batzuk:
Beñat Urretabizkaia Ikaztegietarra izan zen lau pilotarietan onena. Hiru pilota galdu zituen, hoietako bat erasoan, eta hamabi egin, ezker gantxoz 3, txokoan utzita ezkerrez beste 3, atzera luze jota 4, ezkerrez botera 1 eta txokotik ezin dotoreago eskubiz zabalera botatako dejada 1. Ondo Ikaztegietarra, kolpe berezia dauka bere eskubian eta tantoa egiten ere ondo moldatzen da.
Eneko Aizpitarte Hernaniarra ere ondo, Tanto bat egin zuen atzera luze jota eta 4 galdu eta hauetako bat erasoan. Ezker eskubiz pilota ondo ekartzen du atze koadroetatik eta frontiseko goikaldeari neurria hartuaz atzera luzatu ere bai, beti atzetik aurrera etorriaz eta gerria ondo sartuaz pilota jotzeko garaian. Nabarmendu beharreko beste bere ezaugarri on bat, nagusi mailan lehenego aldiz parte hartzen ari den aurtengo txapelketan honetan, bere osotasun fisikoa partida azkeneraino, haizea kontra datorrenean balantza askorik egin gabe abiadurari eutsiaz eta bare aldiko garaietan berea ezarriaz.
Galtzaileen aldetik Xabier Xantxo aurrelari Usurbildarrak lau tanto egin zituen, 3 sakez eta bat txokoan utzita, eta beste 4 galdu eta laurak erasoan. Ezin esan gaizki jokatu zuenik baina maila oneko pilotariak daudenean parean, defentsa lanetan ondo aritu arren, tantoak egin behar dira eta atzo ez zuen zeregin horretan asmatu. Jakinik indarrez osatua dagoela eta min egiten duela ematen dionean pilotari, sakeak adibide, behar bada gehiago saiatu behar luke atzera luzatzen pilota, tantoa landu eta aukera hobeagoko pilotak izateko aurrean errematatzeko.
Adur Lasa Etxarri Aranazko pilotariak ere ezin esan gaizki jokatu zuenik. Tanto bat egin zuen atzean eta bost galdu. Norgehiagokaren erdikalderarte ondo eman zion pilotari eta Aizpitarte baino gehiago izan zen. Gero ordea behera etorri zen eta ezin izan zion eutsi aurkarien erasoari, Aizpitarterenari gehi Urretabizkaiarenari. Orokorrean txapelketa ona egin du eta atzo galtzea tokatu zitzaion besteak gehiago izan zirelako.

Gauzak horrela, datorren Ostegunean Abuztuak 29, jokatuko dira aurtengo finalak, dakizuten pilotari hauekin:

– Jubenil mailan………….………..ETXEBARRIA-IRURETAGOIENA..// UGALDE-Xanet IMAZ eta
– Nagusi, 23 urte arteko, mailan…ARRIETA-Ander IMAZ ……………// URRETABIZKAIA-AIZPITARTE.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE