Hauexek bart arratsean Zestoan azken laurdenetako lehenengo jardunaldiari zegozkion partidetako emaitzak:
1. MEDIAVILLA-MENDIA………11 / SALABERRIA-ERAUSKIN…22
2. PEÑA-A.IMAZ………………..…22 / ETXEBERRIA-MATEO……..18
Lehenengo norgehiagoka polit bati buruz, eta gorabehera haundiko bigarrenetaz egin genezaken laburpena ondorengo hauxe:
1. Hasierako binako berdinketaren ostean 8-2, 17-6 eta 19-10 alde nabarmenarekin aurretik joan ondoren 22 eta 11 irabazi zuten Salaberria eta Erauskinek, Mediavilla eta Mendiaren aurka. Bikote orekatuagoa gerriko urdindunak osaturikoa aurrelaria izan zelarik diferentziak markatu zituena. Pilotari bakoitzaren lana laburbiltzekotan:
· Iker Salaberriarena lehenik, lan ona zalantzarik gabe goizuetar gazte honena. Oso pilotaria eta aurrelari batek izan ditzazken dohaiz osatua, bi esku libre, anka bizkorrak eta uneoroko kolokazio onaren bitartez pilota bakoitzarekin zer egin behar duen dakiena, bai defentsan eta bai erasoan. Tanto ederrak egiteaz gain oso pilota zailak ere eraman zituen. Hamabost urte bakarrik oraindik eta pilotari ofizioa nola daukan ikasia alajaina. 8 tanto egindakoak, 7aurrekoadroetan eta 8garrena ezker besagain atzera joaz. Galdutako bat kontatu genion.
· Aitor Erauskin berrobitarrari ere nota ona jarri behar Mendiak 6garren tantoa egindakoan ateratako pilotarekin eraman gabe utzitako 4 galdu ez balitu, beheragotik ateratzen zen pilota hark kalte egiten ziola agerian geratu zen. Bere pilotarekin ondo, bi eskuekin suelto eman eta aurrelariari pilota kenduaz.
· Daniel Mediavilla Quintanar De La Sierrako aurrelariak hasiera polita eman zion, bizi atereaz sakea eta ezker gantxoz egindako tanto bat eginaz, baina aurkari gogorra izan zuen aurrean eta nahiz eta defensa ona erakutsi tantoak egitea kosta eta azkenean gogorra egin zitzaion partidua. Asko saiatu zen eta eskerrak eman behar Zabala ordezkatzera hain urrutitik etorritako pilotariari.
· Gorka Mendia beasaindarra asko gustatu zitzaigun. Pilota dezente galdu arren bere dohaiak erakutsita joan zen etxera. Bi esku libre ditu eta gozo ateratzen zaio pilota bietatik. Aurrelariari pilota eskatu eta kantxan errez ibiltzeko gai dela erakutsiaz zuloa dagoen lekura pilota bialtzen saiatu zen, eta atzean egindako 3 tantoz gain txokoan eta zabalean moztutako bizpahiru pilotekin egingo zituan gehiago ere baldin eta Salaberria erne egon ez balitz.
2. Bigarren norgehiagokan Peña eta Imaz 0 eta 11 galtzen joan ondoren 17an berdindu eta 22 eta 18 irabazi zioten Etxeberria eta Mateori. Partidaren lehenengo zatian lau pilotariak erakutsitako jokoa ikusita horrelakorik gerta zitekenik ere….Peña eta Imaz, tantoa joan eta tantoa etorri, erabat ezinean Etxeberria eta Mateoren nagusitasunaren aurrean, bainan partiduak 22rarte ez dira amaitzen esaerak dioen bezela eta pilota borobila dela esan zuenak zerbait bazekien gauz hauetaz. Bakoitzaren lanak aipatzekotan:
· Jon Ander Peña tolasarra lehenbizi, pilotan jokatzeko gaitasunak ditu eta hasieran presaka samar ibili bazen ere tanto batzuk galduaz partiduari buelta ematea lortu zuen, aurkariak egindako hutsei esker izan bazen ere neurri haundi batean. Mutil haundia izanik defentsa lanean zenbait pilota eramateko erakutsitako gaitasuna kontutan hartzekoa, eta erasoan sakearekin min egiteaz gain edozein posturan pilota jotzeko ahala du, ezker ziarraz zabaleko marran punpa egin eta aurkarien 18garren tantoa ekarritakoa honen adibide.
· Ander Imaz oiartzuarra juxtu samar somatu genuen atzo, bezperan partidua jokatua ere bai eta pilota ekartzen gehiago saiatu zela esango genuke bizi ematen baino. Defentsa lanetan aritzea tokatu zitzaion eta lan hau ondo bete zuala esan behar.
· Aitor Etxeberria nabarniztarrak hasiera ikusgarria eman zion partiduari, bere jokoaren eragina nabaria izan zelarik markagailuak 11 eta 0ko parada erakutsi zuen arte. Sakearekin min haundia egin zuen, 2 tanto egin zituelarik oraintxe motz oraintxe luze atereaz, eta aurrekaldean beste 6 egin zituen, hauen artean ezker gantxoz ormaren kontra sartu eta kontrakantxan izkutatutako pilotakada batekin. Bigaren zatian saiatu zen bere atzelariaren joku beherakadari eusten baina guztiz ez lortzeaz gain pilota bat edo beste galdu zuen erasoan.
· Xabier Mateori buruz zer esan…, aurreko partiduan esandakoa baina are eta nabarmenago oraindik. Partidaren bigarren zatiko Mateo etzirudien lehenengo zatiko bera zenik, ezker eskubiz suelto emanez pilotari, atzetik aurrera etorriaz eta behartu gabe gerria sartu eta besoak luzatuz pilota atzera bialiaz, eta azken finean pilotarik galdu gabe eta berak tantoak eginaz, 2 luze atzera jotako pilotekin eta 1 bere ezker dotorez ohiko orma biko luze batekin egindakoak partidaren lehen zati honetan. Pilota galtzen hasi zen ordea, sake restoan hasiera batean eta 0-11tik, 2-11, 6-13 eta 11-15ra urreratu arte aurkariak. Bazirudien berriz ere ari zela sartzen jokoan eta ezker eta eskubiz jarraian jotako bi pilotakada ikusgarrien bidez lortu zuen 11-16ko parada eta partiduko tantoa. Hortik aurrera ere pilotari zartako bikain bat edo beste eman arren Imazek eutsi egiten zion eta 7 eta 22ko partzial baten ondoren aurkariei bostekoa eman eta buru makur aldageletara. Gure animo eta aupatekoa dena den, gaur egun ikusgarria izanik ere etorkizunean pilotaria haundi bat izan daiteken honentzat, dauzkan dohaiak ikusita pena litzatekelarik ez aprobetxatzea eta horretarako ze hobea pilotan jokatzen jarraitzea baino, jardute berak erakutsiko diolarik nola hobetu bere joku emaitzak.
Bihar osteguna Abuztuak 6 jokatuko dira azken laurdenetako bigarren jardunaldiko norgehiagokak:
1. Jubenil mailan……….ARRIZABALAGA-SALEGI / OKIÑENA-RUIZ
2. 23 urtez azpikoan.. E.LABAKA-OLAIZOLA……. / P.LABAKA-EROSTARBE