DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA 2015, XLIV ekitaldia

ZUBIZARRETA-ESKUDERO eta ERRANDONEA-LASA bigarren bikote finalistak atzoko norgehiagokak aurrera atera ondoren. Hauexek emaitza eta gainontzekoaren laburpena:

 

· ZUBIZARRETA-ESKUDERO…22 / P.ETXEBERRIA-SALAVERRI…16

 

· AZKETA-SANTXEZ……………..16 / ERRANDONEA (*)-LASA…….22

 

 

Bigarren final-aurreko pilota jaialdiak etzuen esperotakoa eman, eta etsipen punttuarekin etxeratuko zen ziur aski bart arratsean kopuru haundiz Zestoako pilotalekura hurbildutako pilotazale gehiengoa. Hasierako partidan ikusi ziren gauzarik gustagarrienak, bere bi etenaldi eta guzi bigarrena etzelarik partidu ona izan.

1. Jubenil kategoriko norgehiagoka oso orekatua gertatu zen erdi alderarte: bostna, zazpina eta hamarna berdinduta egon zirelarik. Jarraian hamabost eta hamaikako abantaila polita hartzea lortu zuen ZUBIZARRETA-ESKUDERO bikoteak eta mantenduz azkenean nagusitu ere bai 22 eta 16. Bakoitzaren lana aipatuz:

 

· Iraitz Zubizarreta ataundarra lehenik. Azken laurdenetakoan bezela atzo ere bera izan zen laukoteko onena, aurkari atzelariaren pilota jotze haundiagoaren aurrean leitzarrari asko lagundu zion eta etortzen zitziakion aukerak aprobetxatuz partidua aurrera ateratzeko gai izan zen. Bederatzi tanto egin zituen eta lau galdu. Partidu askoren eraginez kolpe punttu baten faltan somatu genuen atzo, eta pilotari abiadura haundirik ez bazion eman ere ondo mugituaraziz zuloa zegoen lekura bidaltzen behin eta berriz saiatu zen, eta horren lekuko besagain jota egindako tanto bat. Ondo Ataundarra osteguneko finalari begira.

 

· Ander Eskudero leitzarra txukun, kolpe haundirik eman gabe pilotari baina ezker eskubiz “buena” asko egin zuen. Ezker ormara bazterreratutako pilotakadekin hiru tanto eginak eta hiru galdutakoak. Daukan gorputzarekin kolpe eta intentzio haundagoarekin joko balu pilota emaitza hobeak lortuko lituzkela garbi dago dena den.

 

· Peio Etxeberria ultzamatarra etzen oso fin ibili atzo, honi ere etzitzaion pilota ateratzen bizi eskuetatik eta aurrekoadroetan Zubizarretari tantoa sartzen saiatu zenetan galtzen atera zen gehienetan. Akats haundi samarra ere bai berea 15 eta 20 galtzen ziozalea sakez falta egin zuaneko hura. Bere lagunari gutxitxo lagundu eta galdu izanaren penaz buru makur joan zen etxera.

 

· Ruben Salaverri Fuenmayorko pilotariarenak izan ziren atzo ere pilotakadarik ederrenak. Zeregin horretan goiko koltxoietako hautsak astinduz hiru pilota bota zituen partida hasieran eta beste bat aurreraxeago. Lau tanto ere egin zituen ordea, hiru atzean eta bat txokoan moztuta. Atzoko partida aurrera ateratzeko aurrelariaren laguntza gehiago behar zuen eta hain sentsazio onak eman dizkigun errioxar gaztea finalerako txartelik gabe geratu zen.

 

2. 23 urtez azpiko partida etzen ona izan. 0-3, 3-3, 3-9, 8-9, 9-13 atzetik joan ondoren 14-13 eta 15-14 aurretik jartzea lortu zuen AZKETA-SANTXEZ bikoteak, baina 16an gelditu ziren aurkariak baino akats gehiago egin ondoren partidaren azken zati honetan ere. 38 tantotik 12 bakarrik izan ziren egindakoak eta honek ere adierazten du zerbait zentzu horretan. Bi etanaldi ere izan ziren, 8-9 zihoazela Azketa Errandonearen pilota bat jasotzeko aleginetan eskubiko eskuko hatz bateko azazkal ingurua odoletan jarri zionekoa, eta markagailuko argi indarra joan eta ekarriarazi arte pasatakoarekin galdutakoarena. Huts asko eta pilotak denbora gutxi jokoan azken finean. Bakoitzaren lanak zehaztuz:

 

· Ander Errandonea beratarrarena lehenbizi, ankeko lesion baten eraginez denbora dezente geldik egon eta atzokoa lehen partida. Elordiren azken orduko etorri ezina betetzera etorri eta sentsazio gazi gozoakin joan zen nahiz eta norgehiagoka aurrera atera. Ea ehunetik ehunera lehen bait lehen jartzen den atzo bost tanto egin eta lau galdu zituen pilotari braboa.

 

· Adur Lasa etxarriarrak etzuen lan gehiegi izan atzo eta tokatutakoa ondo egin zuala esan behar. Aurkari atzelaria hainbat izan zen pilotari ematen eta aurrean tantoren bat egiten ere saiatu zen. Norgehiagoka aurera aterata pozik osteguneko finalari begira, non ziur lan gehiago egin beharko duen txapela jazteko.

 

· Beñat Azketa beasaindarrak ondo jokatu zuen min hartu zuen arte, bere merituz batipat joan zirelarik 3-9ko paradatik 8-9koraino. Eskuan min haundia izanik ere hautsirik etzuela jabeturik jokatzen jarraitzea erabaki zuen eta ez denbora pasa gainera, etzen kokildu eta alegindu zen partida aurrera ateratzen. Eskertzeko jarrera, eta horixe publiko agurgarriak egindakoa eskeinitako txalo eta animo bidez. Zazpi tanto egin eta lau galdutako iazko finalistarenak.

 

· Jokin Santxez astigarratarrak etzuen arrats ona izan atzo. Partida hasieran pilota asko galdu zuen baina Azketaren laguntzarekin jokoan sartu eta ziurtasun gehiago eman zion bere lan esparruari. Baina berriz ere pilota dezente galdu zuen eta sake restoan gehien, Errandoneak behe behetik ateratakoei aurre egiten etzuelarik asmatu.

 

 

Datorren ostegunean Abuztuak 27 finalak eta hauexek hasiera batean txapela irabaztera kantxaratuko diren pilotariak:

 

1. Jubenil mailan……………………ZUBIZARRETA-ESKUDERO / SALABERRIA-IRURITA

 

2. 23 urtez azpikoen mailan….P.LABAKA-EROSTARBE……./ ERRANDONEA-LASA

 

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE