DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA

Pilota asetu aldi bat hartu ondoren etxeratuk gera atzo Zestoatik. Hauexek jokatutako partidetako emaitzak:

 

· ZUBIRIA-ESKUDERO………22 / GELIS-ETXEBARRIA..….12

 

· Eneko LABAKA-IRUSTA….22 / IRRIBARRIA-LABAKA…19

 

 

Jubenil mailako norgehiagokan Xabier Zubiriak eraman zuen jokoaren iniziatiba edo ekimena. Ausart eta erabakitzaile Berrobiko aurelaria. Hasiera hasieratik, eta inungo konplexurik gabe, pilota mugitzen jakin zuen aurrekoadroetan, ezker airez pilota zabalera gurutzatuaz edo eta txokoan utziaz. Baita ere ziztada biziz eskubiarekin txokora baztertuz tanto asko egin zituen partidaren lehenengo hiru laurdenean, 7 eta 2, 11 eta 4, eta 17 eta 7 aurreratu zirelarik. Azken zatian, tentsio gutxiagorekin behar bada eta aurkari aurrelariaren joku hobeagoatengatik ere, pilota batzuk galdu zituen. Bere atzelari Ander Eskudero Leitzarrak oso norgehiagoka ona jokatu zuen, bi pilota bakarrik galduaz eta bi esku onekin sendotasun haundia emanaz atze koadroetan. Garantiko atzelaria.

Galtzaileen aldetik azpimarratzekoa Oier Etxebarria Lemoako pilota elkarteko eta Igorreko atzelariaren lan ona. Ahalegindu zen, eta lortu ere bai atze koadroetan agintzea jokoaren trantze askotan, baina lehen azpimarratutako Eskuderoren jokoak etzuen amorerik ematen, eta kantxan asko ibiltzea tokatu zitzaiolarik pilota batzuk galdu zituen. Ezker eskubiarekin gerria ondo sartu eta goiko losak aprobetxatuz, ondo atzeratzen du pilota jubenil edo gazte adineko lehen urteko pilotari bizkaitar honek. Bere aurrelari Adonis Gelis Zestoarra gogo haundiarekin eta aurrekoadroetan Zubiriari jokatzeko intentzioarekin ikusi genuen hasieratik kantxan, baina Berrobitarra behin eta berriz nagusitzen zitzaion zeregin horretan. Erremate lanetan pare bat pilota ere galdu zituanez, eta besoa pixkat kuzkurtu ere bai behar bada, jokatzeko era aldatu beharra tokatu zitzaion, egonkortasun gehixiago ematea lortuaz partidari eta pare bat tanto polit eginaz azken zatian.

 

Nagusien mailako partida askoz orekatuagoa izan zen, eritmo bizian jokatua hasiera hasieratik eta tantoak erabakitzea asko kostatzen zelarik. Gerriko gorridunak 6 eta 3ko abantaila lortu arren, buelta eman eta zortziraino zuzenean joatea lortu zuten urdinekoak, eta oso serio jokatzen jarraituz 13 eta 10, eta 19 eta 13ko tartearekin norgehiagoka bideratua zeukatela zirudielarik. Ez ordea, 14garrena egin zuen Labaka-Irusta bikoteak, eta ordurarte eurek ateratako pilota zegoen lekuan utzi eta berri batekin tantoz tanto 22ra irixtea lortu zuten.

Irabazleen aldetik hasita Eneko Labaka Albizturtarraren jokoaren gora beherak aipatu behar. Tanto politak eskeini zizkigun partidaren lehen zatian, gero berriz tokatzen zaion baino pilota gehiago galdu ere bai, 7, eta partidaren azken zatian berriz ere bera izan zen jokoaren ekimena hartu eta norgehiagoka erabaki zuena. Bederatzi egin eta zazpi galdu denera. Bere atzelari Aitor Irusta Munitibarko pilotari dotorearen jokoa ere ez zen gora beherarik gabea izan eta, naiz eta pilotari ematen eta atzera luzatzen bere aurkaria baino gehiago izan, tanto gehitxo galdu zuela esan behar, ez ordea tantoen lehenengo pilotakadetan, behin eta berrriz pilota astinduarren bere aurkariek ere beste horrenbestekin erantzuten zutelako baizik.

Zer egin horretan zer ikusi haundia izan zuen galtzaile suertatu zirenen jokoak jakina. Iker Irribarria Aramar aurrelariak serio eta ondo jokatu zuen partidaren azken zatirarte, bere atzelariari asko lagunduaz eta aurrekoadroetan ere tanto ederrak eginaz, nahi baino gutxiago zalantzarik gabe eta aukera gehiegi ere ez zuelako izan noski. Azken zatian bere jokoak beherakada bat izan zuen, besteak beste ordurarte ibilitako trote haundiaren ondoriozko nekearengatik, eta hala gertatuak bere eragina izan zuen partidaren azken zatiko joku eta emaitzan.

Bere lagun Iñigo Labaka Anoetarrak, aipaturiko Irribarriaren laguntza onarekin, oso partida ona jokatu zuela esan behar maila altuagoko Irusta bezelako pilotari baten kontra, honen joku kolpeari eutsiaz eta zenbait pilota galtzera behartuz. Azken zatian, eta ordu betetik gooragoko norgehiagoka serio baten ondoren, bajualdi bat antzeman genion Anoetarrari ere, eta eskuin eskua minberatu zitzaiolarik amore eman behar izan zuen Irribarriarekin batera irabazleen pozerako.

 

Bihar osteguna, Abuztuak 7, jokatuko dira azken laurdenetako bigarren jardunaldiko partidak, hauetan ere badelarik aldaketa bat ohartuko zareten bezela. Hauexek parte hartzekoak diren pilotariak:

 

· Jubenil mailan…………………….…..: ELORDI-OTADUY / BAKAIKOA-IRURITA

 

· Nagusi 23 urtez beheragokoan.: AZKETA-AIZPURU / ARTEAGA-Ander IMAZ.

 

 

Zumaiako Kirol Elkartea.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE