DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA

Ez da alperrik egindakoa izan bart arratseko Zestoarako joan etorria ere, zer ikusirik eman zuen bai. Hauexek jokatutako partidetako emaitzak:

 

· ELORDI-OTADUY…22 / BAKAIKOA-IRURITA……..11

 

· AZKETA-AIZPURU..22 / ARTEAGA-Ander IMAZ…20

 

 

Jubenil mailako norgehiagokak ez zuen behar hainbestekorik eman. Josu Irurita Atarrabiako pilotari gazte haziak zaintiratu bat sentitu zuen eskubiko besoaren galtzarpe parean beroketa lanetan ari zela eta mermaturik jokatu ondorioz. Iurreta pilota elkarteko bikote bizkaitarra ez zen denbora pasa etorri eta hasieratik amaieraraino sendotasun haundia erakutsi zuen. Aitor Elordi Mallabiar aurrelariak 4 tanto egin zituen aurre koadroetan eta beste 4 galdu, baina hoietako 3 eraso lanetan ezker airez pilotak txapapean jo eta zabaleratutakoak. Bere lagun Gorka Otaduy ere gogotsu, kolpe biziz atzeratuz pilota eskubiarekin eta bi tanto eginaz. Bi pilota gelditu zitzaizkion ekarri gabe eta hoietako bat ez usteko bote xelebre bat egindakoa. Finalerako bidean heurekin kontatu beharko dela erakusteko aina jokatu zuten.

Naparrak aldiz ezinean ibili ziren partida guzian zehar, Iruritari gertatutakoak asko baldintzatu zuelarik norgehiagoka. Naiz eta aurrelariak pilota dezente kendu, karretu lanetan eta aurkarien mende ibiltzea tokatu zitzaion oraindik 16 urte dituen Oberena pilota elkarteko atzelariari, eta pilota askotxo galdu ere bai.

Joanes Bakaikoa Etxarri Aranazko lehen urteko jubenil pilotariak ere egin zuana baino gehiago egingo zuen bere eskuin eskua baldintza honetan izan balu. Ezkerrarekin oso ondo ikusi genuen baina atzo defentsa lanetan batipat, botera eta airez pilotari jotzeko postura desberdinak erakutsiaz. Ezker gantxoz Elordik zabaleratutako pilota arrigarriak ere jaso zituen, anka azkarrak ditu eta alperrikako pausorik ez. Aurkariak pilota biali dezaken frontoiko eremutara iristeko moduan kokatu eta berezko intuizio edo pilotari senaz baliatuz asko kostatzen da tantoa sartzea Etxarritarrari. Bi tanto egin zituen aurre kuadrotan eta behartutako pilota batzuk galdu ere bai. 6 eta 3, 14 eta 4, 17 eta 10, eta 22 eta 11 markagailuak egindako ibilbidearen muestra bat.

 

Bigarren partidan ez zen horrelako diferentziarik egon, ez jokoan, ez eta ere markagailuan. Bi eta bost aurretik jarri ziren gazteenak, elkarrekin topo bostean, eta kate motzetik lotuak baleude bezela, 9, 11, 13, 14, 16 eta 18ko paradak erakusten joan zen markagailua. 21 eta 18 aurreratu beteranoak eta 22garrena eskuan zutenean, Aizpuruk dejada bat kontrakantxara eta 19garrena gazteentzat. Pilota berri bat atera eta 20garrena hauek. Beste sake zital bat eskubira Arteagak eta Aizpuruk jaso ozta ozta, bi aurrelarien arteko tiki-taka lehen koadroetan eta buruz gain atzera bialtzeko pilota bat egokiturik Imazi, txapapera ustekabean…Irabazleen poz eta galtzaileen pena nabariarekin elkarri bostekoa eman eta aldageletara.

Norgehiagoka ona zalantzarik gabe eta, pilota batzuk galduak izan baziren ere, egindako tanto on asko igo zen markagailura, aurrelarienak gehienak baina atzelarienak ere bai. Pilotariak eskeinitako gogo eta joku onarekin bat eginez kopuru onean bertaratutako pilotazeleen aldioroko txalo zaparradak dotoretu ederra eman zion atzoko arratsari Zestoan!

Banan bana aipatuz, eta irabazleen aldetik hasita, Beñat Azketa Zegamako pilota elkarteko Beasaindarren joku ona aipatu behar. Aurrekanporaketako partidan bezela, gogotsu, erasokor eta era guzietako tantoak eginaz, naiz sakez, hormabikoz, dejadaz botera, eta airez ere, ezkerrez txokoan utziaz eta zabalera gurutzatuz edo eta eskubiz goitik beherako boleaz jota. Pilota bizkor mugiarazten du eta defentsa lanetan sendo. Zortzi egin eta lau galdu bere zenbakiak.

Bere lagun Andoni Aizpuru Azpeitiarrak ere partidu serio eta ona jokatu zuen, aurrekanporaketakoaren linean baina norgehiagoka gogor eta zailago batean. Partida luzea izan zen eta bere jokoak etzuen beherakadarik izan, eta azken txanpako Arteagaren sake zitalei ere maixutasunez erantzuten jakin zuen .Bi tanto egin eta lau galdutako zenbatu genizkionak.

Asier Arteaga Lasarteko pilotaria ikusteko aparteko gogoa zegoen atzo. Iaz jubenil edo gazte mailan bere ezaugarriak erakutsi zizkigun, baina aurten maila altuagoan jokatzearen erantzunkizunari aurre nola egiten zion jakin nahi nunbait. Ondo erantzun ziola esan behar.Naiz eta altuera oneko mutila izan, errez ibiltzen da kantxan eta ondo jarri ere bai pilota jotzeko garaian. Eraso jokoan postura denetan daki tantoa egiten aurre koadroetan, eta pilota ondo luzatzen du atzera bi eskuekin gainera, bai botera eta bai airez, sotamanoz eta besagain. Zazpi tanto egin zituen eta 6 galdu, baina hauetako bi erasoan kontrakantxako egurrean botea eginaraziaz pilotari.

Bere atzelari Ander Imaz Oiartzuarra, azken urteetan Dinastia Etxabe txapelketan hain emaitza onak lortu dituena, gorabeheratsu ibili zen partidan zehar. Hasiera zalantzakor baten ostean bazirudin ohituak gauzkan mailan jokatzeko moduan zegoela, eta eskubiz atzera botatako pilotakada bikainekin bi tanto egitea lortu zuen, bat errebotetzat ematekoa Aizpuruk pilotari atzeko horma ikutzea galerazi bazion ere. Baina partida aurrera zioan einean, atzelari bati dagokion egonkortasunaren falta nabaritzen hasi ginen bere jokoan, susmatuz bere esku ona, pilotari abiada berezi hori emanarazten dion eskubia, ez zegoela baldintzarik honenetan. Horren ondorioz pilota dezente galdu zuen, zazpi, eta hiru egindako, lehen aipaturiko biaz gain atzetik bazterrera moztutako pilota batekin.

 

Datorren asteartean, Abuztuak 12, jokatuko dira hirugarren azken laurdenetako partidak. Hauexek jokatzeko izendatuta dauden pilotariak:

· Jubenil mailan………………. ETXEBARRIA-SALEGI / LASO-MARTIJA

 

· 23 urtez beheragokoan… SANTXO-ERASUN……/ UGALDE-ETXEGOIN

 

Zumaiako Kirol Elkartea

1 comentario en «DINASTIA ETXABE PILOTA TXAPELKETA»

  1. Zorionak Jexux, Azketa bezelako pilotari bati aukera emateagatik, bazan ordua kantxa barruan bere maila erakusten ari diren pilotariak, holako txapelketa pribatu batean ikusteko.

Los comentarios están cerrados.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE