Gazte edo jubenil mailako norgehiagokak emandako buelta haundia nabarmenduz, hara hemen bart arratsean Zestoan ikusitakoaren laburpen bat emaitzetatik hasita:
· ETXEBARRIA-SALEGI………22 / LASO-MARTIJA……….. 19
· URBIETA-ERASUN………….22 / UGALDE-ARRATIBEL.. 11
11-4, eta 17-9 aurreratuta joan arren, LASO-MARTIJA bikoteak etzuen jakin izan norgehiagoka irabazten. 18-11, eta 19-17 berriz ere aurreratu ziren arren 22rainoko salto erabakiorra aurkarien aldetik etorri zen 13 -2 partzial batekin. Garaile suertatu zen ETXEBARRIA-SALEGI bikotearen bigarren zatiko joku egonkortzean ere bai, baina markagailuko alde nabarmenak eman ohi duen abagune eta konfiantzak Unai Laso tantoak arriskatzera bultzatu eta eraso lanetan pilota dezente galdu izanak izan zuen bere eragina azken emaitzan. 9 egin eta 8 galdutako atzo aurrelari nafarrarenak, odol berokoa zalantzarik gabe Bizkarreteko pilotari bizkor hau eta partidaren bigarren zatian presaka ibili zela esango genuke 22ra iritxi nahi horrekin. Bi esku on eta edozein posturan pilota jotzeko gaitasuna du, eta aurrelari bati eskatu behar zaion erasorako ausardia ere bai. Dohai onak pilotan jokatzeko eta ziur jakingo duela bere jokoari atzo baino errentagarritasun hobea ateratzen.
Bere bikote lagun Julen Martija Irurtzun bailarako Etxeberri auzoko pilotariak ohituak gauzkan eran jokatu zuen atzo ere, pilota bat bera ere galdu gabe partida osoan zehar. Ondo jartzen da pilotara kantxako edozein eremutan eta pilota atzeratzeko garaian ere bere bi beso librez daki egiten dotore. Etzuen merezi partida galtzea atzo.
Garaile suertatu zen bikotearen jokoak behetik gora egin zuen eta gakoa Unai Salegi Zestoako pilota elkarteko Itziarko atzelariaren joko aldaketan egon zen. Etxeko plazan jokatzen ere bai eta hasiera pilota gehitxo galdu zuen, ekarri gabeko gelditutako pare bat sake tartean. Gero konfiantza hartu eta ondo jokatu zuela esan behar, pilota zailak ekarriaz atzekaldetik eta kantxako zuloak ondo beteaz. Ez dago gaziki, baina gorputz oneko atzelaria izanik aukerako pilotetan min gehiago behar luke egin, boteari neurria hartu eta besoak luzatuz abiadura emanaz.
Bere bikote lagun Aitor Etxebarria Nabarnizko aurrelariak partida serioa eta ona jokatu zuen atzo ere Zestoan, 8 tanto egin eta 2 galdu. Defentsa ona erakutsi zuen eta erremateko pilotak aukeratzen jakin. Sakerestoan eta jokuko zenbait unetan ere atzelariari lagundu eta bikote lanari etekina ateratzen jakin zuen bizkaitarrak. Ondo zekin zer egin behar zuen norgehiagoka irabazteko eta baita egin ere, bikain.
Nagusi milako norgehiagokak ere bi zati izan zituen, lehenengo orekatu bat, 3-0, 3-5, 4-8, 8-8, 9-9, 9-11, eta 11-11 arterainokoa, eta hortik aurrerako bigarrengo bat gerriko gorridunen 22garrenerainokoa. Naiz eta tanto gogorrak eta ondo amaitutakoak jokatu, ez zen partida ona izan. Irabazleen aldetik Xabier Urbieta aurrelari asteasuarrak denetik egin zuen, modu desberdinetako tanto ikusgarriak, eta hoietako bat ezagutzen ez genion ezker-matxete eran pilota goitik beherako posturan jotakoarekin, baina txapapera botatako tanto galduak ere bai. 9 egin eta 6 galdu denera.
Bikote lagun Jon Erasun Zizurkildarrak ondo jokatu zuen. Hasierako oker bat edo beste kenduta partidan sartu hala sendotasun haundia erakutsi zuen atze koadroetan. Ezker eskubiz pilota errez kentzen dio aurrelari aurkariari, eta gerria sartu eta atzera luzatu ere bai atzo, asko behartu gabe. Bat egin eta hiru galdu. Egin berriak dituen 18 urteko atzelari indartsu honek egin du aurrerapena azken urtebetean aipatzeko kontua zalantzarik gabe. Iaz gazte mailan apartekorik erakutsi gabe zebilena aurten nagusien mailan bere lekua ondo betetzen.
Galtzaileen aldetik aipatzekoa lehen zatiko Ibai Arratibel Ataundarren joku ona. Ondo bere ezker dotorearekin, eta eskubiz ere pilota batzuei eman eta atze koadroetara bialiaz. Pena bakarra, hain argi oneko kandela kolpera eta berekasa itzali izana!
Andoni Ugalde Oiartzuar aurrelaria ere ez zen gustora ibili atzo. Arratibelek egindako zati onean ere pilota gutxi izan zuen aurre koadroetan, eta hau Erasun aurkariaren lan onarengatik batipat. Hasiera gogotsu batekin ezker airez zabalean eta txokoan utzitako pilotekin bi tanto egin zituen. Beste pare bat pilota ere izan zituen airez sartzekoak, baina ez zenez behar bezela kokatu atzelariantzat gelditutakoak. Hortik aurrera ez zuen aukera askorik izan.
Bihar Abuztuak 14 kuartosetako azken saioa izango degu, hauexek jokatzeko izendatuak dauden pilotariak:
1. Gazte mailan… Peru LABAKA-MARIEZKURENA / MATXINANDIARENA-URIZAR
2. Nagusienean… ARRIETA-ATXA………………………./ ETXANIZ-MURGIONDO
Zumaiako Kirol Elkartea