Duela urtebete ez bezala

Olaizola II.ak irabazi egin zuen atzo Urretxun, polemikaz betetako partida bero-beroa (22-21)

E. TELLERIA / Berria

Duela urtebete egun berean, frontoi berean, aldagela berean eta kantxa berean baino gorputzaldi hobeagoarekin aritu zen atzo Aimar Olaizola Urretxun. Abenduaren 13a zen duela urtebeteko hura ere. Goizuetarrak 147 egun eginak zituen frontoietatik kanpora, eta Urretxuko Ederrenan jokatu zuen, azkenean, bere lehen partida. Maiatzean hartu zuen min Ruben Belokiren kontrako finalerdian, atzerapena eskatu, eta Patxi Ruizen kontrako finalean hartu zuen berriro min toki berean zuntz haustura eskuin besoko trizepsean. Uztailaren 20a zen, eta abendua arte ez zen kantxetara bueltatu. Ederrena frontoian, Ruizekin aritu zen Unanue-Peñagarikanoren kontra, eta galdu egin zuen (21-22).

Egun berbera zen atzokoa, frontoia ere bai, baina laguna eta kontrarioak ez, emaitza ere ez, eta sasoi puntua ere, inondik inora, ez. Hilaren 26an jokatuko duen lau t’erdiko finalari begira nahi zuen Aimarrek binaka jokatu, eta atzokoa aukeratu zuen. Duela urtebete baino askoz konfiantza gehiagorekin. Gurdikada bat gehiago, seguru asko. Errasti izan zuen atzeko koadroetan lagun azken unean sartu zen, Peñagarikanoren tokian, eta Bengoetxea VI.a-Beloki kontrario. Lehenengoek irabazi zuten (22-21). Irabazi bai, baina ez denen gustua eginda. 12-4 hasi ziren aurretik. Eroso zeramaten partida, eurak lasaitu eta kontrarioak bizitu ziren arte. 19-17, 20-18 hurbildu, eta 20-21 hartu zieten aurrea azken txanpan. Une horretan epaileen erabaki erabakigarria. Aimarrek ustez bigarren botean eramandako pilota bati esker lortu zuten gorriek berdinketa (21-21). Oso haserre kontrarioak. Aurretik ere antzeko erabakiak kontra izan zituzten nonbait eta, haserre, aldageletara sartu zen Beloki protesta moduan. Handik irten, eta sake errestoan lortu zuen gantxoz Aimarrek 22.ena. Jendea bero eta pilotariak bero. 100 minutuan aritu ziren, eta amaiera ez zen askoren iritziz justua izan. Partida, hori bai, polita. Lau pilotariak aritu ziren oso maila onean.

Gonzalezen beste partida on bat; atzokoa, Tolosan (8-22)

Binakako Txapelketan parte hartzeko merituak egiten ari da aspaldian Sebastien Gonzalez. Ongi aritu zen udan, ongi lau t’erdian eta primeran ari da orain binaka. Atzo Tolosako Beotibarren egindakoa ikustea besterik ez dago. Fernando Goñirekin aritu zen bera, eta Juan Martinez Irujo txapelduna eta Unai Apezetegia izan zituzten kontrarioak. Lehenengoek irabazi zuten (8-22). Ez zen horrelakorik inondik inora ere espero. Irujo sasoiko ikusi zuten joan den larunbatean Gernikan, baina atzo ez zuen bererik ematerik izan. Gonzelezek ez zion utzi. Erritmo izugarria jarri zion partidari Azkaingoak. Ezkerrez oso bizi, airez ikusgarri, defentsan eroso. Bi paretakoak, txapagainean moztutakoak… bederatzi tanto eder egin zituen Aspeko aurrelariak orotara. Irujok ez zuen asmatu aukera izan zuenean, alferrik galdu zituen tanto asko, eta defentsan ere ohi baino arazo gehiago izan zituen. Atzeko koadroetan ere ez zuen Gonzalezek adina laguntza izan. Goñi gehiago izan zen Apeztegia baino.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE